Noiz argitaratua Astelehena, 2019.eko Azaroak 18

2019ko azaroaren 18ko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR –ASTELEHENA, AZAROAK 18– EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, azaroak 18–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

FORU LEGE PROIEKTUAK:

- Kreditu-gehigarri bat ematen duena Unión de Agricultores y Ganaderos de Navarra (UAGN) eta Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna (EHNE) erakundeei diruz laguntzeko, nekazarien eta abeltzainen interesak babesteagatik. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

- Kreditu-gehigarri bat ematen duena Nafarroako Unibertsitate Publikoa Finantzatzeko. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Zeinaren bidez uztailaren 2ko 14/2008 Foru Legea aldatzen baita, Osasun laguntza espezializatuko itxaronaldi-bermeei buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra hein batean aldatzen duena. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.

 

INTERPELAZIOAK:

- Interpelazio-erretiratzea. Interpelazioa zen 103/2017 Foru Dekretuaren aurka jarritako errekurtsoak direla-eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak emandako epaien ondoren Nafarroako Gobernuak baliatuko duen hizkuntz politikari buruzkoa. Geroa Bai talde parlamentarioko Jabi Arakama Urtiaga jaunak aurkeztu du.

 

MOZIOAK:

- Eskaria, honako mozio hau batzordean eztabaidatu dadin: Nafarroako Gobernua premiatzen duena Nafarroako Arkeologiako plan zuzendari bat taxutu dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Horren bidez, Estatuko Gobernua premiatzen da AP-68 autobidearen ibilbide osoa bidesaririk gabekoa izan dadin. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Domingo González Martínez jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez premiatzen da gure erkidegoan sexu-askatasunaren eta -intimitatearen aurkako delituak borrokatzera. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da aurrekontu-partida bat sar dezan 2020ko aurrekontuetan, Nafarroan atletismoa egiteko instalazio homologatu bat eraiki edo egokitzeko, bai eta kirola urte osoan zehar egitea ahalbidetuko duen pista estali bat ere. Navarra Suma talde parlamentarioko Alberto Bonilla Zafra jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da 2020an obrak lizita eta has ditzan Tuterako La Atalaya zentroan gutxienez ere bizikidetasun-unitate berri bat eraikitzeko. Navarra Suma talde parlamentarioko Marta Álvarez Alonso andreak aurkeztu du.

- Horren bidez Espainiako Gobernua premiatzen da Suizidioaren Prebentziorako Estrategia Nazional bat taxutu dezan, eta Nafarroako Gobernua, Suizidioaren Prebentziorako Nafar Estrategia integral bat presta dezan. Navarra Suma talde parlamentarioko Cristina Ibarrola Guillén andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da bultzada eman diezaion Soria-Tutera A-15 autobiaren eraikitzeari. Navarra Suma talde parlamentarioko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da ahalik eta lasterren har ditzan beharrezko neurriak, Arraitz-Orkin zeharbidean ibilgailu astunen iragatea murrizte aldera. Navarra Suma talde parlamentarioko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

 

AGERRALDIAK:

- Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariarena, informa dezan Nafarroa Bekak 2009-2012 programako deialdien izapidetzeari eta ebazpenari buruz, bai eta Q19/606 espedientean Arartekoak emandako ebazpenari buruz ere. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

- Eskubide Sozialetako kontseilariarena, informa dezan pobrezia-egoerak areagotzearen arrazoiei eta horiek arintzeko neurriei buruz. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Patricia Perales Hurtado andreak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuaren 2019ko azaroaren 13ko Erabakia, zeinaren bidez foru erkidegoaren intereseko inbertsio deklaratzen baita Rockwool Peninsular, SAk sustatutako inbertsio-proiektua. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

- Lurralde Kohesiorako kontseilariarena, esplika dezan zer arrazoirengatik eskatu zaion epe-luzatze bat Sustapen Ministerioari, 2018ko aurrekontuetan Espainiako Gobernuak 10 milioi euroko dirulaguntzarekin lagundutako obrak egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu ahal izateko. Navarra Suma talde parlamentarioko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak azal dezan zer betetze-egoeratan dagoen "Gares Energia" izeneko proiektua, zeinak barne hartzen baitu Erminetako minizentral hidroelektrikoaren eta haren ingurumarien leheneratzea, aipamen berezia eginez jasotako dirulaguntzez, hark azkenean izanen duen erabileraz eta gastu-justifikazioez. Navarra Suma talde parlamentarioko Carlos Pérez-Nievas López de Goicoechea jaunak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- UNICEFeko ordezkariekin, aurkez ditzaten “Los derechos de los niños y niñas migrantes no acompañados en la frontera sur española” dokumentuan jasotzen diren konklusioak. Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek eta Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- AREGNA-Nafarroako Berriemaile Grafikoen Elkartearen ordezkariekin, informa dezaten sektorearen lan-egoerari eta Herritarren Segurtasunari buruzko egungo Legeak dakartzan ondorioei buruz. Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

- Nafarroako Zeliakoen Elkartearen ordezkariek esplika ditzaten egiten dituzten jarduerak eta ukituriko pertsonen beharrizanak. Navarra Suma talde parlamentarioko Cristina Ibarrola Guillén andreak aurkeztu du.

- Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak egokitasun-baldintzak azter ditzan hondakin-kudeaketako planta baten eraikuntza eta kokalekuari buruz. Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

- Elkarguneek ukituak diren gurasoen elkartearen ordezkariekin, elkartearen helburuak, premiak eta eskaerak azal ditzaten. Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

- Eskaera, Nafarroako Gobernuko arkeologo batek lagun egitekoa azaroaren 20rako deituta dagoen Iratxeko Monasteriorako bisitan. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

- Cascantetik Fiterora doan NA-6900 errepidera; zehazki, N-113 errepidetik Fiteroko hirigunera doan tartera. Navarra Suma talde parlamentarioko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

 

BATZORDE BEREZIAK ETA PONENTZIAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute honako erabaki hau: Erabakia, 2019ko azaroaren 13koa, Ekialdeko Pirinioei buruzko ponentzia parlamentarioaren txostena eta Parlamentuak 2018ko azaroaren 8an egindako Osoko Bilkurak onetsitako erabakia betetzeari buruzko jarraipena eta kontrola egiteko Batzorde Bereziarena, batzordeburuaren hautapenari buruzkoa.

 

AHOZKO GALDERAK:

- EMANZIPA-Nafarroan gazteei emantzipatzen laguntzeko programako eskabideen izapidetzeari buruzko galdera erretiratzea. Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoko María Luisa De Simón Caballero andreak aurkeztu du.

- Lan-istripuen tasaren jarraipena egiteko planari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Ainhoa Unzu Gárate andreak aurkeztu du.

- Nafarroako Osasun Zerbitzuaren lan-eskaintza publikoa zehazteko irizpideei buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Patricia Fanlo Mateo andreak aurkeztu du.

- Kontziliazioaren, ardurakidetzaren eta zainketen banatzearen arloan aurrera egiteari begira Ekintza Planeko neurri beharrezko eta urgenteenak identifikatze aldera ordezkaritza sindikal eta feministarekin lan egiteko Funtzio Publikoaren Mahai Orokorra eta Berdintasunaren Kontseilua deitzeari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Patricia Perales Hurtado andreak aurkeztu du.

- Eskola-jangelen eredua aldatzeari buruzkoa. Nafarroako Podemos Ahal Dugu talde parlamentarioko Ainhoa Aznárez Igarza andreak aurkeztu du.

- Ekintza Instituzional eta Sozialaren Mahaia sortzeari buruzkoa. Izquierda-Ezkerra Talde Mistoko María Luisa De Simón Caballero andreak aurkeztu du.

- Osasunbideko bitarteko langileei gradua ordaintzeari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Patricia Fanlo Mateo andreak aurkeztu du.

- Lurralde Kohesiorako Departamentuak N-121-A errepideari dagokionez asmotan darabiltzan epeei buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Jorge Aguirre Oviedo jaunak aurkeztu du.

- Legegintzaldi honetan zehar hedabideei laguntzak banatzeko irizpideari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Alberto Bonilla Zafra jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren ondoren aurreko legegintzaldiko hizkuntz politika berbera mantentzeari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia jaunak aurkeztu du.

- Tuterako barrutian hemodialisia behar duten gaixoen premiei buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Cristina Ibarrola Guillén andreak aurkeztu du.

- N-121-A errepidea hobetzekoa den 10 milioi euroko dirulaguntza bat ez galtzearren epe-luzapena eskatzearen arrazoiei buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- Lehen sektorearentzako laguntzen deialdiari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Miguel Bujanda Cirauqui jaunak aurkeztu du.

- Hezkuntza Departamentuak kudeatutako ikastetxeetako jangela-zerbitzurako baldintza-orrietan sartu beharreko neurri eta aldaketei buruzkoa, klima-aldaketa borrokatzeko konpromisoak gauzatze aldera. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Patricia Perales Hurtado andreak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Tuteran hirugarren osasun-etxea ez eraikitzeko erabakiari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Cristina Ibarrola Guillén andreak aurkeztu du.

- Alokairuko parke publikoko familiei hezkuntza- nahiz gizarte-arloan lagun egiteko talde bat sortzeari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Francisco Pérez Arregui jaunak aurkeztu du.

- Alokairu eskuragarri eta egonkorreko babes ofizialeko etxebizitzen sustapena lurzoru publikoaren gaineko inbertsio pribatuko lankidetza-hitzarmenaren formulari jarraikiz negoziatze aldera tokiko enpresekin izandako harremanei buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Francisco Pérez Arregui jaunak aurkeztu du.

- Hutsik dauden beheko solairuko lokaletako etxebizitzetan egindako aldaketei eta higiezin horiek alokairuko araubidean esleitzeari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Francisco Pérez Arregui jaunak aurkeztu du.

- Bizigarritasunari buruz indarrean dagoen foru araudia berrikusi eta aldatzeari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Francisco Pérez Arregui jaunak aurkeztu du.

- Udal planak taxutzeko edo berrikusteko finantzaketa arautuko duen foru dekretu bat onesteko izapideei eta Nafarroako planeamenduaren erregistroa sortzeari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Francisco Pérez Arregui jaunak aurkeztu du.

 

GOBERNUAREN BESTELAKO EKIMENAK (HITZARMENAK, FORU DEKRETUAK, KOMUNIKAZIOAK, PLANAK ETA PROGRAMAK):

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak adierazi dute honako honen berri izan dutela: Nafarroako Gobernuaren komunikazioa, foru legeen aurka konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoak aurkezteari dagokionez Nazioko Gobernuarekin izandako negoziazioei buruzkoa.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak adierazi dute honako honen berri izan dutela: Nafarroako Foru Komunitatearen 2019tik 2023ra bitarteko Baso-agenda (2019-2023).

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak adierazi dute honako honen berri izan dutela: Nafarroako toki sektore publikoari buruzko 2016ko fiskalizazio-txostena.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak adierazi dute honako honen berri izan dutela: 304/2019 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko kideak izendatzen dituena.

- Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak idazki bat aurkeztu du talde parlamentarioek Estatuaren eta Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren Negoziazio Batzorderako ordezkariak izendatzeari buruz. Azaroaren 21eko 17:30era arteko epea zabaldu da.

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak adierazi dute honako honen berri izan dutela: Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren komunikazioa, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazio edo Foru Berrian dauden lege-xedapen indardunak arau-gorputz bakarrean, testu bategin modura, bilduko dituen foru lege proiektu bat Nafarroako Parlamentura igortzeari buruzkoa.

- Eledunen Batzarrak Nafarroako Arartekoaren Bulegoaren 2020rako aurrekontu-proiektua onetsi du. 793.344 eurokoa da aurrekontu hori.

- Eledunen Batzarrak Nafarroako Parlamentuaren 2020rako aurrekontuaren proiektua onetsi du. 14.810.391 eurokoa da, eta hartatik 13.834.711 euro transferentzia arruntei dagokie eta 942.205 euro, berriz, kapitaleko transferentziei. Bi kontzeptu horien baturak 14.776.916, euro egiten du, hau da, Nafarroako Gobernuaren transferentziari dagokiona.

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK:

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak dei egiten baitio nazioarteko komunitateari, Boliviako estatu plurinazionalean ordena konstituzionala berrezartzeko. I-E talde parlamentario mistoak aurkeztu du.

 

PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezquerrak alde bozkatu dute; Navarra Sumak 2. puntuaren alde eta 1. puntuaren aurka bozkatu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

  1. “ 1. Nafarroako Parlamentuak dei egiten die nazioarteko komunitateari eta nazioarteko elkartasuneko mugimenduei, eta, halaber, Boliviako Estatu Plurinazionalean ordena konstituzionala berrezartzearen aldeko mobilizaziorako dei egiten du.

     

  2. Nafarroako Parlamentuak gogor gaitzesten ditu Bolivian gertatzen ari diren giza eskubideen urraketak, eta aldarri egiten du elkarrizketaren, ordena konstituzionala berrezartzearen eta ahalik eta lasterren behar bezalako berme demokratikoak dituzten hauteskunde batzuk egitearen alde".

 

Adierazpen instituzionalak beste bi puntu zeuzkan (3 eta 4), baztertu egin direnak kontrako botoa eman dutelako Navarra Sumak, abstentzioa PSNk eta Geroa Bai k (4. puntuan bakarrik) eta aldeko botoa EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk, I-Ek eta Geroa Baik (3. puntuan bakarrik).

 

Onartu ez diren bi puntuek honako hau zioten:

 

"3. Nafarroako Parlamentuak bere solidaritate eta sostengua adierazten dio Boliviako Estatu plurinazionaleko presidente Evo Morales jaunari.

 

4. Nafarroako Parlamentuak irmoki gaitzesten du Bolivian OEAren eta Estatu Batuen aldezpenarekin egin den estatu-kolpea, eta exigitzen du berrezar daitezela demokrazia eta ordena konstituzionala".

 

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, Nafarroako Parlamentuaren eta Toki Korporazio demokratikoen 40. urteurrenaren kariaz eginikoa. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"1. Nafarroako Parlamentuak eta Foru Komunitateko toki entitateek gertakari haien 40. urteurrena ospatzen dute munta historikoko lorpentzat harturik, zeinean nafar gizarteak apustu egin baitzuen demokraziaren, gure autogobernuaren eta gure erakunde- eta eskumen-araubidearen alde.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bere esker ona adierazi nahi die Foru Parlamentuaren I. legegintzaldia 1979ko apirileko hauteskunde-deialdiaren emaitza gisa osatu zuten foru parlamentariei. Legegintzaldi hartan, Legebiltzarra bitarteko bat izan zen garai hartako gizartea kezkatzen zuten ideiak eta proiektuak proiektatzeko, bai eta gune ere Foru Komunitatearen gaur egungo instituzionalizaziorako testuez luze eta zabal eztabaidatzeko.

 

3. Nafarroako Parlamentuak halaber azpimarratu nahi du lehenbiziko toki korporazio demokratiko haien zeregina, elkarbizitza- eta garapen-garai berri bat ireki baitzuten nork bere komunitatean, uste osotzat oinarri hartuta toki erakunde politikoak funtsezko elementua direla haien zerbitzu-konpromisoaren xede diren pertsonen ongizate indibidual eta sozialerako. Gaur egun gozatzen dugun gizarte-kohesioaren eta bizitza-mailaren parte handi batek garai historiko hartan izan zuen bere ernamuina.

 

4. Nafarroako Parlamentuak bere esker ona halaber adierazi nahi die erakunde honen 40 urte hauetan parte hartu duten foru parlamentariei. Berrogei urte hauetan zehar, nafar Legebiltzarrak ekarpena egin du nafar herriaren borondatea ordezkatzeko, hauteskunde ezberdinetara aurkeztu eta haietan ordezkaritza lortu duten aukera politiko ezberdinen bitartez, foru komunitate gisa garapen-maila altua erdieste aldera. Esker on hori halaber helarazi nahi die 1979an hasitako langintzari jarraipena eman eta gure herri eta hirietako bizitza eraldatu duten milaka alkate eta zinegotziei.

 

5. Nafarroako Parlamentuak, nafar gizartearen subiranotasunaren ordezkaritza-organoa den aldetik, eta toki entitateek, beren zerbitzuaren jomuga diren pertsonekiko hurbiltasunak daukan balioan oinarriturik, aldarrikatzen dute beren borondatea dela nafar herritarren eskaerei erantzuten segitzea, gure autogobernua defendatzea eta elkarrizketa-, tolerantzia- eta akordio-gune izaten segitzea, non tokia izanen baitute nafar herritarren eskaera zilegi guztiek".

 

Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, PSNk aurkeztua, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak aitortu egiten baitu genero-indarkeriaren aurkako estatu-ituneko neurriak abiarazi zirenetik egin den esfortzua.

 

Aldeko botoa eman dute Navarra Sumak eta PSNk. Geroa Baik 3. puntuaren alde eta 1. eta 2. puntuen aurka bozkatu du. EH Bilduk eta I-Ek 2. eta 3. puntuen alde bozkatu dute, eta 1.ean abstenitu egin dira. Podemos-Ahal Duguk 3. puntuaren alde eta 1. eta 2.aren aurka bozkatu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"1. Nafarroako Parlamentuak aitortu egiten du Espainiako Gobernuak, Foru Gobernuak eta toki entitateek 2017ko ekainetik eginiko esfortzu eskerga, genero-indarkeriaren aurkako estatu-ituneko neurriak abiaraztekoa.

 

2. Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen du talde politiko guztiek eta erakunde guztiek baturik lanean segitzea indarkeria matxistaren aurkako borrokan, halatan beterik estatu-ituneko akordio eta neurriak bai eta konpromisoak ere, talde politiko guztiek eta administrazio publikoek nork bere eskumenen esparruan hartutakoak.

 

3. Nafarroako Parlamentua konprometitzen da emakumeenganako edonolako indarkeriaren aurkako borrokan gobernuaren zeregina sendotzen segitzera, harik eta indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat erdietsi arte".

 

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere arbuioa adierazten baitu emakumeek pairatzen dituzten hainbat diskriminazioen ondoriozko edonolako indarkeria sexista dela-eta. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Mistoa-I-E talde parlamentarioek aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"1.- Nafarroako Parlamentuak berriro ere bere arbuioa adierazten du emakumeek pairatzen dituzten hainbat diskriminazioren ondoriozko edonolako indarkeria sexistaren aurrean, edozein alor eta testuingurutan.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa adierazten du, lanean aktiboki jarraitzeko emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeriak eta ahuldade egoerak sortzen dituzten desberdinkeria guztien aurka.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak emakume eta neskato erasotu eta/edo erailenganako elkartasuna adierazten du, indarkeria sexista muturrekoenaren biktima diren aldetik, eta bere laguntza osoa eskaintzen die haiei eta haien familiei.

 

4. Nafarroako Parlamentuak adierazten du beharrezkoa dela adin guztietako gizonezko guztiek konpromisoak eta posizio aktiboak hartzea emakumeenganako edonolako indarkeriaren aurka.

 

5. Nafarroako Parlamentuak herritar guztiak gonbidatzen ditu jarrai dezaten emakumeen aurkako indarkeria arbuiatzen, eta konpromisoa erakusten indarkeria horren deuseztatzearekin, kontrol patriarkalaren adierazpen oro eta emakumeen askatasunerako eta autonomiarako muga eta baldintzapen oro salatzen, eta parte har dezaten azaroaren 25aren inguruan antolatzen diren ekitaldi guztietan.

 

6. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Deuseztatzearen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin; horretarako, elkarretaratze bat eginen da Parlamentuko atalondoan, non adierazpen hau irakurriko baita. Halaber, begizta bioleta bat ipiniko da Parlamentuaren fatxadan".

 

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu azaroaren 19a Haurren Sexu-abusuaren Prebentziorako Nazioarteko Egun gisa aintzat hartzearekin. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Mistoa-I-E talde parlamentarioek aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du datorren azaroaren 19a Haurren Sexu-abusuaren Prebentziorako Nazioarteko Egun gisa aintzat hartzearekin.

 

2. Nafarroako Parlamentuak herritarrei dei egiten die Haurren Sexu-abusuaren Prebentziorako Nazioarteko Egunaren kariaz antolaturiko jardueretan parte hartzera.

 

3. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du haurren aurkako sexu-erasoak prebenitze aldera lan egiteko, bai eta beharrezkoak diren neurriak hartzeko eta eskueran dituen bitarteko guztiak jartzeko ere, xede duela haurren aurkako indarkeria-mota hori desagerraraztea".

 

- Eledunen Batzarrak onetsi egin du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen baitu Mikel Arregi zenaren oroitzapena eta memoria bizirik mantentzea, eta errefusatu egiten baititu haren oroitzapenezko monolitoari eginiko eraso errepikatuak. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Mistoa-I-E taldeek aurkeztu dute.

 

PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezquerrak alde bozkatu dute; Navarra Sumak 1. eta 3. puntuen aurka eta 2. puntuaren alde bozkatu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"1. Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen du Mikel Arregi zenaren oroitzapena eta memoria bizirik mantentzea.

 

2. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten ditu haren oroitzapenezko monolitoari egin zaizkion eraso errepikatuak, haren memoriaren aurkakoak eta herritarrek bakezko elkarbizitza normalizatu baterako duten eskubidearen aurkakoak izateagatik.

 

3. Nafarroako Parlamentuak adierazten du bere borondatea dela aurrerapausoak ematea motibazio politikoko biktima guztiek egiarako, justiziarako, errekonozimendurako eta ordainerako duten eskubidean, ezein indarkeria-gertakari ez errepikatzearen berme gisa".

 

Adierazpenak laugarren puntu bat zeukan, baztertua Navarra Sumak eta PSNk emandako aurkako botoekin eta GB, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek emandako aldeko botoekin. Honakoa zioen:

 

"4. Nafarroako Parlamentuak adierazten du beharrezkoa dela azkar garatu eta aplikatzea martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legea, Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzkoa".

 

- Eledunen Batzarrak baztertu egin du adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak adierazten baitu arbuiatu egiten duela Erregeak Nafarroara eginen duen bisitaldia, bai eta Nafarroako Gobernuko lehendakariak hari emanen dion estaldura ere. EH Bilduk eta I-E talde mistoak aurkeztu dute.

 

Navarra Sumak eta PSNk aurka bozkatu dute, eta EH Bilduk eta I-Ek alde. Geroa Baik 1. puntuaren aurka bozkatu du eta 2.ean abstenitu da. Podemos-Ahal Duguk 2. puntuaren alde bozkatu du eta 1. puntuan abstenitu da.

 

Erabaki proposamenak honako hau zioen:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak adierazten du arbuiatu egiten duela Erregeak Nafarroara eginen duen bisitaldia, bai eta Nafarroako Gobernuko lehendakariak hari emanen dion estaldura ere.

 

2. Nafarroako Parlamentuak uste du monarkia erakunde guztiz anakroniko eta ez-demokratikoa dela, eta haren aurrean balio demokratiko eta errepublikarrak aldarrikatzen ditu”.

 

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu ‘Biosciencie’ aldizkarian klima-aldaketa dela-eta argitaratu diren aldarrikapenekin, 153 herrialdetako 11.258 ikertzaile zientifiko baino gehiagok sinatutakoekin. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E talde mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du joan den asteartean Bioscience aldizkarian argitaratutako artikuluko aldarrikapenekin. 153 herrialdetako 11.258 ikertzaile zientifiko baino gehiagok sinatu zuten artikulua, eta Genevako Klimari buruzko Lehen Mundu Konferentziaren (1979) berrogeigarren urteurrenaren harira argitaratu da. Agerian jartzen ditu ordutik hona garai hartan jada “kezkagarri”tzat jotzen zen egoerari buelta ematen izandako arrakasta eskasa.

 

2. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du bere eskumenen esparruko behar diren neurri guztiak hartzeko klima aldaketa gerarazteko”.