Trafiko arloko eskumenak Nafarroari eskualdatzeko “irmoki eta anbizioz” lan egingo duela baieztatu du Nafarroako Gobernuak
EH Bilduren interpelazio bati erantzunez, zeinak administrazioari efizientzia eskatu dion errepideen zaintza eta kontrola Foruzaingoaren esku egon dadin
Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilari Javier Remírezek baieztatu du gaur, trafiko arloko eskumenak Nafarroari eskualdatzeko “irmoki eta anbizioz” lan egingo duela Gobernuak, eta ildo horretan, adierazi du “Gobernu zentrala eratu bezain pronto” lanean hasiko direla.
EH Bilduk kontrolerako Osoko Bilkuran egindako interpelazio bati erantzunez, Remírezek eskualdatzea aurrera eramateko Gobernu zentralarekin “elkarrizketan eta lankidetzan” oinarrituko direla adierazi du.
Lehendakariordeak gogorarazi du programa akordioan jasotzen dela “trafiko arloko eskumena Nafarroari eskualdatzeko konpromisoa, aldarrikapen historikoa da”.
Remírezek azaldu du “bere garaian Barkos eta Sánchezen arteko konpromisoa zena bere egiten dutela. Gobernu zentrala eratzen denean ildo horretatik lan egiteko elkartuko gara. Akordio hori lortzeko barne lanketa bat behar da, eta hori da orain egiten ari garena”.
Remírezek azaldu du “helburua zehaztu beharra dagoela eta eskumena asumitzeko behar diren baliabideak aztertu behar direla. Eskumena “anbizioz” asumitu nahi dugu”.
Lehendakariordearen esanetan, “ezinbestekoa da baliabide ekonomikoak edukitzea eskumen hau aurrera eramateko”, eta hori dela eta, “isunen kopurua Nafarroako Gobernuak jaso beharko lukeela” defendatu du.
Aurreratu du, ildo honetan, Nafarroan trafiko arloan dagoen zehapen tramitazio sistema aztertzen ari direla. “Estatuak 10 milioi euro jasotzen ditu Nafarroan ezarritako isunetatik”. Horregatik, polizia indarren arteko lankidetza defendatu du, Foruzaingoak Estatuko poliziekin eta tokiko poliziekin batera egindako lana.
Adolfo Araizek (EH Bildu) esan duenez, trafikoaren arreta polizia indar bakarrak asumitu beharko luke, “efizientzia administratiboa dela eta. Nafarroako trafikoaren zaintza eta kontrola ez da eraginkorra, Foruzaingoaren langile kopurua bikoiztu egiten baitu, 232 polizia-agenterekin. Eta Guardia Zibila 230 agenterkin. Ikerketa zehatzek diote zerbitzua eskaintzeko 330 polizia-agente nahikoa liretekeela”.
Araizek adierazi du 2018 eta 2019 artean “Gobernu sozialistak ez zuela adostutakoa bete. Promesa asko baina eskualdatze errealik ez”.
José Suárezek (Navarra Suma) EH Bilduri esan dio “Guardia Zibila ez dela Nafarroako errepideetatik desagertuko”, eta adierazi du “euren errepublika independentearen proiektuan pausu bat gehiago besterik ez dutela bilatzen. Ez dute segurtasuna ezta trafikoa ere hobetu nahi. Guretzat foru araubidea hobetzea lehentasuna da, herritarren bizitzak hobetzeko, ezkutuko asmorik gabe”.
Jorge Aguirrek (PSN) adierazi du egungo Foru Gobernuarekin eta Pedro Sánchez buru izanen duen Gobernu zentralarekin “arduraz eginen dela eskualdatzea”, eta horretarako “pazientzia” eskatu du. “Eskualdatzea bilatuko dugu, Nafarroari emango baitzaio eskumena eta ez Foruzaingoari”. Araizi leporatu dio “Espainia ordezkatzen duen oro errefusatzen duela”, eta Estatuko indar polizialen lana defendatu du. “Erkidego honetan inor ez dago soberan”.
Uxue Barkosek (Geroa Bai) adierazi duenez, “akatsa da afera honen inguruan konfrontazio politikoa sortzea. Nafarroaren autogobernua indartzeko lan eginen dugu. Garrantzitsua da gure artean akordioetara iristea eskumena lortzeko, eta guk hala eginen dugu”.
Ainhoa Aznárezek (Podemos-Ahal Dugu) Gobernu zentral “egonkor” bat eratzeko beharra azpimarratu du, trafikoaren eskumenari “on eginen baitio”. “Azken 17 urtetan ez da eskumen eskualdatzerik egon. Eskumen hori gureganatzeak agente kopurua handitzea ahalbidetuko luke, baita errepideen hobetze lanetarako eta trafiko segurtasun politikak egiteko isunak diru-sarreratzat erabiltzea ere”.
Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) esan du “txostenak eginak daudela, eta eskualdatzea azkar egin dadin” eskatu du.