Osasun Departamentua premiatzen da Osasunbidearen baliabide berekiekin eman dezan etxeko errehabilitazioaren zerbitzua
Enpresa pribatuekiko hitzarmen eta kontratu guztien berrikusketa eskatzen da, ahal den neurrian zerbitzuak berreskuratu eta kalitatezko arreta bermatzeko
Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentua premiatzen baita “zuzenean eta Osasunbidearen baliabide berekiekin eman dezan etxeko errehabilitazioaren zerbitzua”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean azaltzen du, “salbuespen gisa, estaldura zaila duten landa-eremuetan eta/edo sakabanatuetan, lurralde-ekitatearen irizpidea kontuan hartuta, aldi baterako lizitatu ahal izanen da eremu horietako enpresekin edo profesionalekin, halako moduz non enpleguari eustea sustatu eta bultzatuko baita, betiere zerbitzua arrazoizko epe batean bitarteko propioekin emateko borondatearekin, eta horretarako, neurri egokiak hartuko dira”.
Azkenik, Osasun Departamentua premiatzen da “osasun-zerbitzurik ez pribatizatzeko konpromisoa har dezan, eta, subsidiariotasun-printzipioa eta sistema publikoaren aldeko apustua gidari harturik, enpresa pribatuekiko hitzarmen eta kontratu guztiak berrikus ditzan, jada pribatizaturik dauden zerbitzuak, ahal den neurrian, sektore publikoarentzat berreskuratze aldera”. Atal honen aurkako botoa eman du Navarra Sumak.
Onetsitako testua ekimenaren titularra den EH Bilduk PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Erekin batera aurkeztutako ordezteko zuzenketa baten emaitza da,
Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak etxeko errehabilitazioaren zerbitzu berria lizitatu eta pribatizatzeko erabakia zalantzan jartzen du, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Gaitasun Funtzionala Hobetzeko Plana azaltze aldera abenduaren 10ean Osasuneko kontseilariak egin zuen agerraldi parlamentarioan iragarri ondoren.
Oinarrizko Osasun Laguntzako Estrategiak ezartzen duenaren ildotik Fisioterapia-zerbitzua behar duten herritarren etxera zerbitzu hori eramatea beharrezkoa eta egokia ikusten duten arren, zerbitzua baliabide propioen bitartez eman behar dela defendatzen da, eta horretarako, sare publikoko profesionalen talde indartu behar da.
Hori dela eta, “zerbitzu pribatizatuak ahal den heinean despribatizatzea eta ezein zerbitzu berri ez pribatizatzea” defendatzen da, zerbitzu publikoari eta zerbitzuaren kalitateari dakarkion galeragatik.
-
Mozioa (2. NPAO, 2020-01-10ekoa)