Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena trafiko arloko eskumen esklusiboaren eskualdatzea gauza zezan Guardia Zibilaren egungo eginkizunak mantenduz
Ganberaren gehiengoak ez du Navarra Sumaren interpretazioa babesten, "Foru Komunitateari arrotza zaion beste ezein erakunde edo agenteren esku-sartzeei" buruz
Parlamentuaren Osoko Bilkurak mozio bat baztertu du gaur Navarra Sumaren aldekoekin eta PSNren, Geroa Bairen, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “urgentziaz dei ziezaien Nafarroako Transferentzia Batzordean dauzkan ordezkariei, trafiko eta bide-segurtasunaren arloko eskumen esklusiboa Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzea gauzatzeko, halako moduz non eskualdatze horrek ez duen trafikoko Guardia Zibila gabetuko gaur egun Nafarroako errepideetan betetzen dituen eginkizunez”.
Baztertutako mozioak bigarren atalean zioenez, Nafarroako Parlamentuak “errefusatu egiten zuen Nafarroaren ordezkaritzarik Gorte Nagusietan ez duten alderdi eta erakundeek eskua sar dezaten edo zilegitasunik gabe har ditzaten Foru Komunitatearen afera eta interes esklusibo direnak”.
Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak “azken 20 urteetan gobernuek eginiko zuzemenak eta harturik erabakiak” aipatzen zituen, ziurtatzeko trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloko eskumen esklusiboaren berreskurapena “Parlamentu honetako indar politiko guztiek amankomunean duten helburua dela”.
Ildo horretan, azpimarratzen zen Nafarroako eta Estatuko administrazioak adostasun batera iritsi behar direla Transferentzia Batzordearen bidez, “Foru Komunitateari arrotza zaion beste ezein erakunde edo agenteren esku-sartzerik gabe”.
Gainera, nabarmentzen zen Nafarroak trafiko-eskumenak osoki hartzeak “inola ere ez duela Nafarroako Gobernua behartzen Guardia Zibilari kentzera Nafarroako errepideetan eraginkortasunez betetzen dituen zereginak”.
*EH Bildu talde parlamentarioa ez da Osoko Bilkuran egon.
-
Mozioa (9. NPAO, 2020-01-24koa)