Parlamentuko lehendakariak harrera egin dio Navarra Capitali
Hualdek adierazi du prest dagoela azterlan horren eta bildutako datuen emaitza Parlamentuan ordezkaritza duten indar politiko guztiei jakinarazteko, bai eta Nafarroako gizarteari ere
Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Unai Hualdek, ekonomiaren eta enpresaren munduan espezializatutako Navarra Capital plataforma digitaleko editore Tito Navarro hartu du gaur legebiltzarraren egoitzan.
Bilera horretan, urtero Nafarroako enpresei buruz egiten den “Nafarroako ekonomiaren ispilua” inkestan plataformak 2019an eskuratutako datuen berri eman dio Tito Navarrok lehendakariari.
Unai Hualdek, bere aldetik, datu horiek eta emandako informazioa eskertu ditu, eta nabarmendu du inkesta horrek “Nafarroako enpresa sarearen eta gure lan merkatuaren” errealitatea ezagutzeko ematen duen aukera.
2020rako eginen den azterketari dagokionez, Hualdek adierazi du prest dagoela azterlan horren eta bildutako datuen emaitza Parlamentuan ordezkaritza duten indar politiko guztiei jakinarazteko, bai eta Nafarroako gizarteari ere.