Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Otsailak 5

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Batzordeak Goizuetako ospitale zaharra bisitatu du

Eraikina zaharberritzeko proiektuaren berri izan dute bertan, zeinaren bitartez sei etxebizitza egokitu eta gizarte-helburuetarako erabiltzeko lokal bat sortu nahi diren

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Batzordeak Goizuetako ospitale zaharra bisitatu du gaur, EH Bilduk eskatuta.

 

Batzordeko kide hauek bertaratu dira: Patxi Pérez (Navarra Suma talde parlamentarioa), Arantza Biurrun (PSN), Ana Ansa (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Laura Aznal (EH Bildu talde parlamentarioa).

 

Honako hauek egin diete harrera Nafarroako Parlamentuko ordezkariei: Unai Miranda, Goizuetako alkatea; Iñaki Etxeberria eta Ana Uitzi, Garapen eta Turismoko zinegotziak, eta Junkal Otxotorena, gizarte-langilea.

 

Bisitaren helburua izan da «ospitale zaharra izenarekin ezagutzen den eraikinaren zaharberritze-proiektuaren berri izatea. Eraikina udalarena da, eta, proiektuaren bitartez, Goizuetako herritarren premiazko beharrei egin nahi zaie aurre».

 

Florencio Ansoleagak dohaintzan utzi zuen eraikina 1898. urtean, bertan Goizuetako txiroei eta gaixoei arreta emateko. Horretarako erabili zen 80ko hamarkadara arte, San Miguel babes-etxea kudeaketa-lanekin hasi arte. 2009. urtean, udalaren jabetzakoa izatera igaro zen, eta 2011. urtean berreraikitzeko proiektu bat egiteko dirulaguntza bat eman bazen ere, krisialdi ekonomikoagatik baliogabetu zen.

 

Unai Mirandak azaldu duenaren arabera, eraikina zaharberritu nahi da, eta tutoretzapeko etxebizitzak edo etxebizitza egokituak eraiki nahi dira, gizarte-alokairukoak, bai eta adinekoei gizarte-laguntza emateko erabilera-lokal bat ere. Udalak «eraikinaren nortasunari eutsi nahi dio, zeregin sozialerako eraikin bat izan baita beti».

 

Alde batetik, «Goizuetan etxebizitzekin dugun arazoarekin amaitzea eta jendeak ospa ez egitea» erdietsi nahi da; eta, bestetik, «gizarte-babesa eman eta adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen bizitza-kalitatea hobetu, haien premien araberako etxebizitza egokituekin eta autonomia sustatzeko zerbitzuak eskainiko dituen lokal batekin».

 

Udalerriaren isolamendu geografikoak eta garraio publikorik ez izateak dakarten arazoa azpimarratu ondoren, Junkal Otxotorenak esan du beharrezkoak ez diren barneratzeak ekidin ahal izanen direla proiektuari esker; izan ere, adinekoek «prestazio batzuk bermatuta badituzte ere, eguneko zentroa esaterako, ez dute garraioa bermatuta, eta, ondorioz, betiko etxebizitzetatik irten behar izaten dute».

 

Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioetako eledunek azalpenak eskertu dituzte eta informazioa bildu dute. Bestalde, proiektua egokia dela adierazi dute denek.

 

Patxi Pérezek (Navarra Suma) esan du, oro har, Nafarroa iparralde osoan dagoela eraikinak zaharberritzeko premia, baina kasu hau berezia dela, gainerako lekuetatik oso urrun baitago. Hori dela eta, hauxe nabarmendu du: «zerbitzuak herritar guztiei helarazi ahal izatea bermatzeko apustua egin beharra dago».

 

Arantza Biurrunek (PSN) nabarmendu du etxebizitza-eredu berrien aldeko apustua egiten ari direla gaur egun, bai eta proiektua asmo horrekin bat datorrela ere. «Gainera, gizarte-premia eta -eskubideei buruz ari gara, eta horixe da, hain zuzen, ekimena bideratzeko egin behar den bidea».

 

Ana Ansak (Geroa Bai) informazio guztia dagokion departamentuari eta kontseilariari helarazteko konpromisoa hartu du, eta adierazi du proiektua bat datorrela Nasuvinsa lantzen ari den gizarte-etxebizitzetarako proiektuekin.

 

Laura Aznalek (EH Bildu) defendatu du jendeak alde egitea dela gaur egun aurre egiteko dagoen erronkarik nagusietako bat eta, beraz, proiektuak aurrera egin behar duela zuzkidura eta eskaria daudelako. «Arazoa finantzaketa da», zehaztu du.