Parlamentuko lehendakariak bilera egin du NUPeko Esperientziaren Ikasgelaren ordezkaritza batekin
Unai Hualdek nabarmendu egin du zahartze aktibotik heldutako ekarpen soziala, eta Esperientziaren Ikasgelari Legebiltzarreko jarduera-egitarauan tarte bat uzteko aukera darabil gogoetagai
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin dio gaur, Legebiltzarraren egoitzan, NUPeko "Esperientziaren Ikasgela" delakoaren ordezkaritza bati, zeina honakoek osatu baitute: Jesús Mari Subiza, Carmentxu Olóriz, Paz Murillo, Amparo Ruiz, Carmen Padilla, Jerusalén Azcona eta María Ángeles Valencia jaun-andreek.
María Ángeles Valenciak azaldu duenez, bileraren helburua izan da lehendakariari eta, horren bidez, Parlamentu osoari ikusaraztea "noraino den garrantzitsua Esperientziaren Ikasgela, NUPen diplomatura berekia, matrikula-kopurua halako bikoa duena eskari-kopurua (matrikula-kopurua gaur den egunean 75era dago mugatuta ikasturte bakoitzeko, Tuterako hedapena kontuan hartu gabe). Hamalaugarren promozioa da 2019/20koa, eta horrek esan nahi du guztira 1.050 ikasle izan direla, abian jarri zenetik".
Horri buruz, Esperientziaren Ikasgelaren ordezkariek azpimarratu dute nolako garrantzia duen, baita gizarte-mailan ere, herritar "aktibo eta jakin-nahiak edukitzea, aisiazale bainoago prestakuntzazale direnak, baita haien langile-garaia amaituta dutelarik ere". Joera-aldaketa erraldoia da; hainbestekoa non Nafarroako Unibertsitate Publikoa aldaketak egiteaz hausnartzen ari baita, interesatuta dauden pertsonen kopuruari eta haien ezaugarri ezberdinei erantzuna ematearren".
Unai Hualdek, bere aldetik, Esperientziaren Ikasgelaren ordezkariei jakinarazi die berariazko Unibertsitate Batzorde bat dagoela legegintzaldi honetan Parlamentuan, eta gune hori aproposa izan lekiekeela beren zereginaren berri talde parlamentarioei emateko. "Zeregin arras interesgarria, 'zahartze aktibo' deritzon horren ikuspegitik".
Era berean, lehendakariak adierazi du aukera dagoela aurrerantzean Legebiltzarraren jarduera-egitarauan Esperientziaren Ikasgela aintzat hartzeko.
Esperientziaren Ikasgela giza eta gizarte-zientzietako prestakuntza orokorreko programa bat da, NUPek 50 urte baino gehiagoko pertsonei eskaintzen diena, beharrezkoak diren ezagutzak eskuratu nahi dituztenean beren nahi eta jomugak iritsi edo beren ikasketa-zikloa biribiltzeko.