Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Otsailak 20

Toki ogasunek transferentzia arrunten eta beste laguntza batzuen kontzeptuetan Nafarroako tributuetan duten parte-hartzearen funtsaren zenbatekoa eta banaketa 2020. urterako ezartzen dituen Foru Legea

Osoko Bilkuran onetsia. 2020ko otsailaren 20an

Nafarroako Parlamentuak gaurko osoko bilkuran onetsi du PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin, Toki ogasunek transferentzia arrunten eta beste laguntza batzuen kontzeptuetan Nafarroako tributuetan duten parte-hartzearen funtsaren zenbatekoa eta banaketa 2020. urterako ezartzen dituen Foru Legea.

 

Toki ogasunen funtsaren bidez, Nafarroako Gobernuak gastu arruntak (langileak, bulegoak, hornidurak eta abar) finantzatzen dizkie udal eta kontzejuei. Inbertsioak, berriz (azpiegiturak, sareak berritu eta saneatzea, kaleak zolatzea…) Toki Inbertsioen Planaren bidez kofinantzatzen dira. Nafarroako Parlamentuak plan berria onesten den arte luzatu du plan hori.

https://www.parlamentodenavarra.es/eu/komunikazio/2017-2019-aldirako-toki-inbertsioen-planaren-indarraldia-plan-berria-onetsi-arte

 

Legea irakurraldi bakarrean izapidetu da, eta aurreko ekitaldiaren aldean, Nafarroako Foru Komunitatean kontsumoko prezioen indizeak (KPIa) 2018ko ekainetik 2019ko ekainera izandako bilakaeraren portzentajea gehi bi ehuneko-puntu handitzen du toki ogasunek Nafarroako tributuetan duten parte-hartzearen funtsaren zenbatekoa. KPIa %1,08 izan zela kontuan hartuta, Toki Ogasunek jasoko dutenak % 3,08 egingo du gora, hau da, 2,3 milioi gehiago.

 

Horrez gain, bere horretan mantentzen da Nafarroako udalek jasaten duten montepioaren defizita arintzeko ekarpena, 6.400.000 euroko zenbatekoa egiten duena, % 4,92ko igoera egin ondoren.

 

Udalkideen kopuruagatik ordainketak egiteko kontsignazioan soberakinik gertatzen baldin bada guztira likidatutako kopuruarekiko, soberakinak montepioaren defizitari aurre egiteko finantzaketari gehituko zaizkio. Aldiz, funtsean defizita gertatzen bada likidazioa egiteko behar den diru kopuruarekiko, modu proportzionalean murriztuko dira toki entitate bakoitzarentzako ekarpenak, erabilgarri dagoen kredituaren mugaraino.

 

Berritasun nagusia da desagertzen dela hautetsiei ordainsariak ematea erabakitzen duten udalentzako ordainketaren izaera konpentsatzailea eta finalista; haren ordez, urteko ekarpen finko bat ezartzen da, Nafarroako udal guztiek jasoko dutena haien hautetsi kopuruaren arabera, ordainsariak jasotzea justifikatu beharrik gabe.

 

Toki ogasunek tributuetan parte har dezaten 2020an indarrean egonen den funtsaren zenbateko osoa 236.356.409 euro da; horietatik, 6.400.000 euro montepioak finantzatzeko izanen dira, 197.384.777 euro transferentzia arruntetarako izanen dira, 26.036.907 euro Iruñeko Udalaren Hiriburutza Agirirako, 6.100.000 euro Nafarroako udaletako kideei ordaintzeko eta 434.725 euro Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarentzat.

 

Zinegotziei karguan aritzeagatik ordaintzeko udalek urtean jasotzen ahal duten gehieneko ekarpena udala osatzen duten hautetsien kopuruaren araberakoa da, legeria orokorrari jarraikiz. Hala, 3 zinegotzi dituzten udalek 4.669,07 euro jasoko dituzte, eta 27 zinegotzi hautetsi dituzten udalek 215.747,46 euro.

 

Hona hemen ekarpenen taula osoa:

A) Hiru zinegotzi dituzten udalak: 4.669,07 euro.

B) Bost zinegotzi dituzten udalak: 12.025,13 euro.

C) Zazpi zinegotzi dituzten udalak: 17.684,11 euro.

D) Bederatzi zinegotzi dituzten udalak: 21.221,36 euro.

E) Hamaika zinegotzi dituzten udalak: 33.953,72 euro.

F) Hamahiru zinegotzi dituzten udalak: 58.711.56 euro.

G) Hamazazpi zinegotzi dituzten udalak: 89.836,03 euro.

H) Hogeita bat zinegotzi dituzten udalak: 128.741,47 euro.

I) Hogeita zazpi zinegotzi dituzten udalak: 215.747,46 euro.

 

Toki entitateei “kalte ez egiteko” eta 2020an udal zerbitzu publikoen finantzaketaren “jarraitutasuna eta egonkortasuna bermatzeko”, beharrezkoa da egungo ereduari jarraipena emanen dion foru lege bat onestea, abenduaren 27ko 18/2017 Foru Legean finkatutako printzipioak eta irizpideak mantenduko dituena, finantzaketa sistema berria garatzea ahalbidetuko duten arau aldaketak gauzatu arte; izan ere, “parte-hartzearen portzentajea eta funtsaren banaketa zehazteko, behar-beharrezkoa da lege garapena, oraindik egin gabe dagoena”.

 

4/2019 Foru Legeak ezartzen duen finantzazio sistema berria 2021eko urtarrilaren 1ean indarrean sartuko ez dela aurreikusten denez, egungo Legearen luzapena eginen da, indarrean dagoen formularen arabera Funtsa eguneratuz. Hala onetsi da EH Bilduren zuzenketa baten bidez, talde guztiek onetsi baitute Navarra Sumak izan ezik, abstentzioa bozkatu baitu.