Nafarroako Parlamentuak bat egin du COVID-19aren pandemiaren ondorioz hildakoen omenez Gobernuak deitutako minutu bateko isilunearekin
Parlamentuaren egoitzako banderak gaurtik ekainaren 6ra arte haga erdian egonen dira, egun horretan amaituko baita Ministroen Kontseiluak ezarritako dolu-aldi ofiziala
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde izan da Ganberaren ordezkaritzaren burua gaur eguerdian Nafarroako Gobernuak deitu duen minutu bateko isilunean, pandemiaren ondorioz hil direnen omenez Estatuak dekretatu duen hamar eguneko dolu-aldi ofizialaren hasierarekin bat.
Gobernuko lehendakari María Chiviterekin batera eta Gobernuko kideekin batera, elkarretaratzea egin dute Nafarroako Jauregiaren atarian, Karlos III.a etorbidean, parlamentarien talde eta elkarte guztietako ordezkariek.
Ministroen Kontseiluak agindutako dolu-aldia gaur, hilak 27, goizeko 00:00etatik ekainaren 6ko 00:00ak artekoa da. Aldi horretan, Errege Dekretuak ezartzen duen bezala, Nafarroako Parlamentuko banderek eta, hedaduraz, gainerako eraikin publikoetako banderek haga erdian egon beharko dute, kanpoaldean, eta xingola beltz bat eramanen dute mastaren goialdean, barnealdean.