Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Ekainak 4

Nafarroako Gobernua bere egitura alda zezan eta departamentu-kopurua murritz zezan premiatzen zuen mozioa baztertu da

Sei milioiko kostua neurrigabea dela argudiatzen zuen Navarra Sumak, gastuan efiziente izatea eta funts publikoak beharra duten alorretara bideratzea inoiz baino premiazkoagoa den honetan

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta Navarra Sumaren aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “bere egitura alda zezan eta murritz zezan departamentu-kopurua, bai eta, proportzio berean, goi-karguen, burutzen eta hautapen askeko postuen kopurua ere”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak adierazten zuen Nafarroako Gobernuak “goi-karguei, burutzei eta hautapen askeko postuei dagokienez” bere egitura handitzea “6 milioi euro baino gehiagoko kostu batean gauzatzen” dela, eta sustatzailearen ustetan, “neurrigabeki behartzen du diru-kutxa publikoa, are gehiago oraingoa bezalako une batean, zeinetan, COVID-19aren pandemiaren eta horrek dakarren eta ekarriko duen krisi ekonomikoaren ondoren, inoiz baino premiazkoagoa baita gastuan efiziente izatea eta funts publikoak haien beharrik gorriena duten alorretara bideratzea”.