Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Ekainak 15

Nafarroako Parlamentuak bat egiten du #LaMejorlección kanpainarekin

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2020ko ekainaren 15ean

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu #LaMejorlección kanpainarekin. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentariek elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak bat egiten du #LaMejorlección kanpainarekin.

 

- Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak Garapenerako Laguntza Ofiziala % 0,7koa izatearen konpromisoa berreskura dezaten, beren konpromisoak bete ditzaten eta horren aldeko apustua erabakitasunez egin dezaten, eta gutxienez ere horren % 8 hezkuntzara bidera dezaten. Laguntza hori funtsezkoa da giza eskubideak sustatzeko eta mundu osoan garapen jasangarria lortzeko. Guztiontzako kalitatezko hezkuntza inklusibo eta ekitatiborik gabe ez dago garapen jasangarririk.

 

Nafarroako Parlamentuk uste du beharrezkoa dela 2030eko Agendaren helburu guztiak –bereziki, hezkuntzaren arlokoak– finantzatzeko behar adinako aurrekontu bat edukitzea, halako moduan non Garapenerako Laguntza Ofizialak 2008ko krisia baino lehenagoko aurrekontuak berreskuratuko baititu eta hezkuntzan eginiko gastu publikoa handituko baita.

 

Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela herritartasun globalerako hezkuntza eraldatzailea eskola-curriculumetan sar dadin, eta arreta berezia eskain dakion ingurumenaren nahiz gizartearen jasangarritasunari, bai Espainian bai herrialde txirotuetan, garapenerako gure politiken bitartez.

 

Nafarroako Parlamentuak dio hezkuntza ekitatezko, inklusibo eta kalitatezko baterako eskubidea defendatzean eta pertsona guztien bizitza osoan zehar ikaskuntza-aukerak sustatzean Garapen Jasangarriko Helburuen 2030eko Agendan ezarritako xedeak bete daitezen laguntzeaz gain mundua eta gizartea bizigarriagoak izan daitezen lortzen dela.

 

Nafarroako Parlamentuak hezkuntzaren jarraitutasuna ziurtatzeko neurriak hartzeko eta aplikatzeko konpromisoa hartzen du, Larrialdi Egoeretako Hezkuntzarako Agentzien arteko Sarearen gutxieneko estandarretan oinarrituta. Larrialdi egoeretako hezkuntzak laguntza humanitarioaren oinarrizko zutabe izan behar du.

 

Nafarroako Parlamentuaren konpromisoa da Nafarroan bermatzea hezkuntzak funtsezko eginkizuna izan dezan larrialdi honi nahiz beste batzuei erantzutean nahiz etorkizunean COVID-19aren osteko suspertze planak egitean, bai Nafarroan bai mundu osoan. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela eten digitalagatik nahiz bestelako arrazoiengatik urrutiko eskolatze-prozesuarekin jarraitzeko zailtasunak izan dituzten haur eta nerabeak identifikatzea eta gabezia hori konpontzea ahalbidetuko duten neurriak abiaraztea. Babes neurri horiek beharrezkoak diren giza baliabideen nahiz baliabide tekniko eta ekonomikoen eskutik joan behar dute, eta ikastetxeak berriz irekitzen direnean mantendu behar dira.

 

Nafarroako Parlamentuak uste du irakasleei laguntzeko neurriak hartu behar direla, halako moduan non irakasleek beharrezkoak diren baliabideak eta laguntza izanen dituzten, testuinguru honetan irakaskuntzaren kalitatea mantentzeko. Laguntza neurri horiek ikastetxeak berriz irekitzen direnean mantenduko dira

 

Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela laguntza psikosozialeko ekimenak abiaraztea, ikasleei konfinamenduaren ondorioak ahal bezain ongi kudeatzen laguntzeko, bai deseskalatze-prozezuan, bai 2020-2021 ikasturtean “normaltasun berria” deritzonean.

 

Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela aztertzea ea zer aukera dagoen garapen bidean dauden herrialdeen kanpo zorraren ordainketa malgutzeko, penalizaziorik eta interesik gabe, gutxienez ere 2020an. Hartara, herrialde horiek baliabide gehiago izaten ahalko dituzte COVID-19aren krisitik heldu diren erronkei erantzuteko, baita hezkuntzaren esparruan ere.