Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Irailak 17

Nafarroako Gobernua landa eremurako mezenasgoari buruzko foru lege bat taxutu dezan premiatzen duen ebazpena onetsi da

Landa eremuetako populazio-galera arriskuaz ohartarazten da eta eremu kaltetuenetako biztanleen bizitza hobetuko duten proiektuetarako neurri fiskalak eskatzen dira

Parlamentuaren Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin, Izquierda-Ezkerraren abstentzioarekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “landa eremurako mezenasgoari buruzko foru lege bat taxutu dezan, edo, bestela, onura fiskalak onets ditzan, landa eremua eta bertako biztanleen bizitza hobetzen duten proiektuetarako pertsona fisikoek eta enpresek egindako ekarpenek egiazko itzulkina izan dezaten eta, halatan, populazio-galerak ukitutako eremuetan proiektu gehiago bultzatu ahal izan daitezen”.

 

EH Bilduk gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu du, Geroa Bai ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta Gobernua premiatu nahi zuen "alde batera utz ditzan irizpide ekonomizistak eta murrizketak eta ikasleak ikastetxeetara joatea ahalbidetu dezan; zehazki, Abaurregainako ikasleentzako traktore-taxiaren jarraipena eta halako beste bat jartzea Oroz-Beteluko ikasleei, Garraldako eskolaraino arrazoizko iraupena izanen duen ibilbidea bermatzeko eta arriskuak gutxitzeko".

 

Era berean, ez da onartua izan Navarra Sumak aurkeztu duen ordezteko zuzenketa, Gobernua premiatuz "ponentzia parlamentario bat sor dezan, Nafarroan populazio-galerak ukitutako edo despopulazio-arriskuan dauden landa eremuen zerga-trataera hobetzeko eta hobekuntza sozioekonomikoak ezartzeko neurri zehatzak taxutzeko, eta neurri horiek hurrengo aurrekontu orokorretan jaso ditzan".

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak landa eremuetako populazio-galera du oinarri, lurralde desorekaren larritasunak erantzun azkar eta zehatzak eskatzen baititu. Bereziki Pirinioetan eta Pirinioaurrean dago arazoa, izan ere, Europar Batasunaren arabera, populazioa galtzeko arriskua dago kilometro koadro bakoitzeko biztanle-dentsitatea 12,5ekoa bada, eta bi eskualde hauek oso azpitik daude.

 

Gauzak honela, eta kontuan hartuta Arga, Zangoza eta Larraun esaterako arrisku-atalase horretatik gertu daudela, populazio-galeraren egoera leheneratzeko eta arintzeko neurriak eskatzen dira.

 

Urriaren 23an Europar Batasunak argitaratutako “Aldaketa demografikoari aurre egite aldera erregioek kohesio-politikako tresnak baliatzeari buruzko txostena” aipatzen da, bertan aldaketa demografikoa eta horrek jardueraren esparru guztietan –ekonomia, kultura, gizartea eta politika– dituen ondorioak jorratzen baitira. Lau aldagai kontuan hartuz gero (populazio-dentsitate baxua, populazioaren zahartzea, jaiotze-tasaren jaitsiera eta biztanleak etengabe galtzea), Nafarroaren zati handi bat ukitzen dute lehendabiziko hirurek, batez ere landa eremuan, eta toki jakin batzuetan laugarrena pairatzen dute.

 

Ildo horretan, Ekialdeko Pirinioen Ponentzian egindako lana oroitarazten da, “orain ezarri eta gauzatu beharrekoa, eta horretarako 2020rako aurrekontu-lerroak planteatu dira, erabakitasunez ibiltzen hasteko eta hitzetatik ekintzetara igarotzeko”.