Nafarroako Gobernua premiatzen da bi hilabeteko epean neurri sorta bat abian jar dezan laneko eta familiako bizitzen uztartzea ziurtatzeko
Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko 17/2019 Foru Legean oinarrituz, egungo krisi soziosanitarioaren testuinguruan zaintzen antolaketa erraztuko duten neurriak eskatzen dira
Parlamentuaren Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren eta EH Bilduren aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “gehienez ere bi hilabeteko epean neurri sorta bat prestatu eta abian jar dezan, pandemiak irauten duen bitartean laneko eta familiako bizitzen uztartzea ziurtatzeko. Neurri horien artean ondokoak jasoko dira”. Atal hau Navarra Sumak aurkeztutako eta EH Bilduk, ekimenaren titularrak onartu duen gehitzeko zuzenketa baten bidez gehitu da.
Aipatutako neurrien artean, Gobernua premiatzen da “eragile sozioekonomikoekin plan urgente bat taxutu eta adostu dezan enpresetan malgutasun-neurriak ezartzeko, halako moduan non gurasoek lana eta zaintza bateragarri egin ahal izanen baitituzte krisi sanitario honetan”. Aho batez onetsi da atal hau eta hurrengoa.
Ebazpenak hurrengo atalean Gobernuari eskatzen dio “toki eta gizarte entitateentzako finantzaketa-formulak taxutu ditzan, hezkuntza ez-formaleko erkidego-programak ezartzeko eta aisia-jarduerak eskaintzeko, segurtasun sanitarioko neurriak beteta, ikasturtean zehar kontziliazioa errazteko xedez”.
Era berean, Gobernua premiatzen da “lehenbailehen mahai bat sor dezan, ondokoen parte-hartzea izanen duena: Nafarroako Berdintasunerako Institutua, alderdi politiko, sindikatu eta mugimendu feministaren ordezkariak, emakumeen elkarteak, familia mota desberdinen elkarteak, gurasoen elkarteak, zainketa sareak, arreta prebentiboko zerbitzuak eta elkargo profesionalak. Mahaiaren xedea izanen da pandemian zehar sortzen diren kontziliazio arazo berariazkoak identifikatu eta aztertzea.”. Atal hau, baita ondorengoa ere, Navarra Sumaren zuzenketaren bidez gehitu da, eta Navarra Suma eta EH Bilduren aldeko botoekin eta PSNren, Geroa Bairen, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkakoarekin egin du aurrera.
Azkenik, Gobernuari eskatzen zaio “12 urtetik beherakoak, adinekoak edo/eta mendetasun- edo desgaitasun-egoeran daudenak zaintzeko laguntza ekonomikoko programa bat sor dezan, errentaren arabera, baldin eta egiaztatzen bada ezin dela beste bateratze-neurririk hartu. Nafarroako Gobernuak ahalik eta lasterren arautuko ditu eskaerak egiteko eta ebazteko baldintzak, errenta-tarteak, zenbatekoa eta prozedura”.
PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk ordezteko zuzenketa bat aurkeztu dute, EH Bildu ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta proposatzen zuen “kontziliazio ardurakide baterantz aurrera egiteko sortutako departamentuarteko taldeak (Eskubide sozialak, Berdintasuna, Osasuna, Garapen Ekonomikoa eta Toki Administrazioa) bere lan dokumentua helarazi diezaien Berdintasun Kontseiluari, Gizarte Ongizatearen Kontseiluari eta Adingabearen Kontseiluari, horien ekarpenak jasotze aldera”. Gainera, proposatzen zuen “12 urtetik beherakoak, adinekoak edo/eta mendetasun- edo desgaitasun-egoeran daudenak zaintzeko laguntza ekonomikoko eta/edo zerga-arinketako programa bat sor dezan, errentaren arabera”.
Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea aipatzen du, lege honek ezartzen baitu “administrazio publikoek lan erreproduktiboaren erantzunkidetasun soziala bultzatuko duten politika aktiboak garatuko dituztela”. Aipatzen da “momentu hauetan are garrantzitsuagoa” dela, COVID-19ak eragindako krisi sanitarioak eragin handia izan baitu zaintzen antolamenduan.
Gauzak honela, “ziurgabetasun eta ezegonkortasun” egoera honi erantzuteko beharra azpimarratzen da, adin txikikoak eta pertsona nagusiak artatzeko tresna berriak eskainiz.
-
Mozioa (96. NPAO, 2020-09-15ekoa)