Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Irailak 28

Nafarroako Parlamentuak Castejongo TRENASA enpresaren itxieraren aurka dagoela adierazten du eta babesa erakusten dio Nafarroako ostalaritza sektoreari

Legebiltzarrak bat egiten du Hizkuntzen Europako Egunarekin, babesa ematen dio Felipe VI.a Espainiako Erregeari, erakunde eta enpresek jasandako erasoak aitzesten ditu eta beharrezkotzat jotzen du etxebizitza-eskubidea babesteko hartutako neurriak luzatzea

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onartu du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak adierazten baitu Castejongo TRENASA enpresaren itxieraren aurka dagoela. Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu du.

 

1., 2. eta 3. puntuak aho batez onetsi dira. 4. puntua PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak Castejongo TRENASA enpresa ixtearen aurka dagoela adierazi du, enpresak ekoizteko gaitasuna duelako eta itxierak eskualdeko garapen ekonomiko eta sozialean eragin handia duelako.

 

2. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela Nafarroako Gobernuak esku hartzea enplegu-erregulazioko espedientea eta Castejongo TRENASA enpresaren itxiera saihesteko, eta, beraz, 110 lanpostu galtzea eragozteko.

 

3. Nafarroako Parlamentuak elkartasuna adierazten die ukitutako langileei eta haien familiei, eta konpromisoa hartzen du, bere eskumenen esparruan, enpresaren itxiera eta langileen kaleratzea saiheste aldera ekiteko.

 

4. Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat eta premiazkotzat jotzen du Lan Erreforma indargabetzea, negozio-gaitasuna duten enpresen ekoizpen-jarduera ixtea/etetea ahalbidetzen baitu”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Hizkuntzen Europako Egunarekin, zeina heldu den irailaren 26an ospatuko baita. Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Hizkuntzen Europako Egunarekin, zeina heldu den irailaren 26an ospatuko baita eta, besteak beste, Europaren hizkuntza-aniztasunaren aberastasuna zaintzea eta indartzea bilatzen baitu.

 

2. Nafarroako Parlamentuak, Europar Batasunaren jarraibideekin bat, hizkuntza-aniztasuna eta eleaniztasuna sustatzearen aldeko apustua egiten du, eta babestu egiten du haren ikuskera, alegia, hizkuntzak ikastea aberaste pertsonal gisa eta XXI. mendeko Europako herritartasunaren oinarri gisa hartzen du.

 

3. Nafarroako Parlamentuak azpimarratu egin nahi du euskarak Europaren hizkuntza-aniztasunari egiten dion ekarpen berezia, eta euskara babestu eta sustatzearen aldeko apustua egiten du, gizarte osoarentzako elementu onuragarria eta aberasgarria izan dadin, Nafarroako herritar guztien ondarea den aldetik.

 

4. Adierazpen hau Nafarroako Parlamentuaren hurrengo Osoko Bilkuraren hasieran irakurriko da, alegia, Hizkuntzen Europako Egunarekin batera”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak sakonki deitoratzen du Castejongo Trenasa filiala ixteko iragarpena. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

1. eta 2. puntuak aho batez onetsi dira. 3. puntua, berriz, Navarra Suma eta EH Bilduren aldeko botoarekin eta PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoarekin onetsi da.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak sakonki deitoratzen du Castejonen Trenasa filiala ixteko iragarpena.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Parlamentuaren elkartasuna eta babesa adierazten die plantillako langileei eta haien familiei, bai eta, zeharka, itxiera-iragarpenak uki diezaiekeen guztiei ere.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ekin dezan itxiera hori saihesten saiatzeko eta, hori lortu ezean, lana galduko duten pertsonak berehala birkokatzea ziurtatzeko”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak errefusatzen eta gaitzesten baititu CEN eta CaixaBank bezalako erakunde eta enpresek jasandako erasoak eta alderdi politikoen aurkako pintadak eta irainak. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin onetsi da.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak errefusatu eta gaitzetsi egiten ditu Nafarroako Enpresarien Konfederazioaren egoitzak eta Caixabanken Iruñeko egoitza nagusiak jasandako erasoak eta Burlatako alkateari buruz eta Nafarroako Suma eta Nafarroako Alderdi Sozialistaren zinegotziei buruz egindako pintadak eta haiei zuzendutako irainak.

 

2. Nafarroako Parlamentuak elkartasuna eta babesa adierazten die guztiei, horrelako ekitaldiak direla eta”.

 

- Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak babesa ematen baitio Felipe VI.a Espainiako Erregeari, Estatuaren forma politikoa definitzen duen erakundearen ordezkari gisa. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Navarra Suma eta PSNren aldeko botoekin eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin onetsi da.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak babesa ematen dio Espainiako errege Felipe VI.ari, herritarrek berretsitako Espainiako Konstituzioan ezarritako zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoa eratzeko forma politikoa definitzen duen erakundearen ordezkari gisa”.

 

Adierazpenak bazituen beste bi puntu, onetsi ez direnak, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkako botoa eman baitute. Puntu horiek honako hau zioten:

 

“2. Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du errespetua eta aintzatespena erakuts dezan Koroa dela-eta, Estatuaren ordezkaritza gorena baita.

 

3. Era berean, Espainiako Gobernua premiatzen du behar besteko babesa eman diezaion erregeari, ekitaldi instituzionaletan bere karguari dagozkion funtzioak bete ditzan, gure konstituzioak ezartzen duen bezala”.

 

- Eledunen Batzarrak ez du onetsi adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak babesa erakusten baitie Nafarroako ostalaritza sektoreko langile, enpresari eta kudeatzaileei, bizi duten egoera latza dela eta. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldeko botoekin ezetsi da.

 

Erabaki proposamenak honako hau zioen:

 

“Nafarroako Parlamentuak honako hau erabaki du:

 

1. Nafarroako ostalaritza-sektoreko langile, enpresaburu eta kudeatzaileei babesa ematea, COVID-19aren biztanleriaren arteko hedapenaren aurkako neurrien ondorioz pairatzen ari diren egoera oso gogor eta bidegabearen aurrean.

 

2. Nafarroan 18.000 lanpostu hartzen dituen eta herritarren bizitza- eta harreman-ohituren funtsezko parte den sektore ekonomiko honen berebiziko garrantzia aitortzea.

 

3. Gizarte osoari jakinaraztea ostalaritza ez dela inola ere COVID-19a birusaren etengabeko transmisioaren erantzule edo eragile, eta haren ekarpena funtsezkoa izaten ari dela jarduera berreskuratzeko orduan, segurtasun-neurri handienekin.

 

4. Ostalaritzaren, taberna berezien eta diskoteken adierazpena izenpetzea, sektorean ezarritako neurrien aurrean.

 

5. Administrazio jardule guztiei erreskate-plan bat ezartzeko deia egitea, sektorea jasaten ari den galera bidegabeak nolabait konpentsatzeko eta negozioen iraupena bermatzeko”.

 

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen baitu Espainiako Gobernuak luzatzea etxebizitza-eskubidea babesteko alarma egoeran hartutako neurriak. PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta I-E talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen du Espainiako Gobernuak alarma-egoeran hartutako neurriak luzatzea, etxebizitzarako eskubidea babesteko”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak babesa erakusten baitie Nafarroako ostalaritza sektoreko langile, enpresari eta kudeatzaileei, bizi duten egoera latza dela eta. PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta I-E talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

1., 2., 4. eta 5. puntuak aho batez onetsi dira. 3. puntua PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E-ren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsi da.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak babesa eman die Nafarroako ostalaritza sektoreko langile, enpresari eta kudeatzaileei, jasaten ari diren egoera latzaren aurrean.

 

2. Nafarroako Parlamentuak aitortzen du Nafarroan 18.000 lanpostu hartzen dituen eta herritarren bizitza- eta harreman-ohituren funtsezko parte den sektore ekonomiko honek berebiziko garrantzia duela.

 

3. Nafarroako Parlamentuak aintzat hartzen du ostalaritza-establezimenduak egiten ari diren ahalegina, segurtasuna bermatzeko eta gizarte osoari helarazteko osasun-agintariek proposatutako eta Nafarroako ostalaritzak onartutako neurri horiek errespetatzea funtsezkoa dela kutsadura-kurba apaltzeko.

 

4. Nafarroako Parlamentuak administrazio jardule guztiei dei egin die, sektorea jasaten ari den egoera larriaren aurrean neurri sorta bat aztertzeko.

 

5. Nafarroako Parlamentuak adierazten du beharrezkoa dela Nafarroako Gobernuak lantalde tekniko bat sortzea sektorearekin, egoerari eta hartu beharreko neurriei heltzeko”.