Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Urriak 15

Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren testu bategina aldatzea onetsi da

Adierazpen instituzionalak onesteko, beharrezkoa izanen da ahobatezkotasuna; eta, berdintasuna areagotzearren, interpelazioak jada ez dira ezinbestean aurkezpen-egunaren arabera eztabaidatuko

Parlamentuaren Osoko Bilkurak baliozkotu du gaurkoan, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin, Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduaren testu bateginaren aldaketa. Erregelamendua lege-mailako jarraibide-sorta bat da, Parlamentuaren autoaraugintzaren printzipioari erantzuten diona. Printzipio horrek "konstituzionaltasun-bloke" deritzona dauka muga bakar. Hori onesteko nahiz aldatzeko, beharrezkoa da erabateko gehiengoa.

 

Aldaketa-proposamena PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren ekimena izan da. Irakurketa bakarrean eztabaidatu da, eta helburutzat dauka ahobatezkotasuna ezartzea adierazpen instituzionalak onesteko, zeinak orain arte gehiengo soilez ateratzen baitziren aurrera, eta izapidetze-eguna interpelazioen eztabaida antolatzeko oinarrizko irizpide gisa ezabatzea. Berdintasun handiago baten mesedetan, Mahaiak sailkatuko ditu interpelazioak hemendik aurrera.

 

Zioen azalpenean salatu egiten dira adierazpen instituzionalek azken urteotan ezaugarri gisa izan dituzten inprobisazioa eta partzialtasuna, eta, Legebiltzarraren adierazpen politikoek izan behar duten munta aintzat harturik, adierazpen instituzionalei ahobatezkotasuna ezartzearen alde jotzen da, muntazkoak eta/edo gaurkotasunezkoak diren aferei buruzko posizionamendu politiko arrailgabe baten berri eman dezaten.

 

Interpelazioen eztabaidako lehentasun-hurrenkerari dagokionez, irizpide gailen gisa bertan behera uzten da aurkezpen-egunarena, 185.2 artikuluan jasotzen zen moduan, eta haien sailkapena eta hurrenkera Mahaiaren esanetara uzten da, zehaztasun gehiagorik gabe.

 

Gaur onetsitako Nafarroako Parlamentuaren Erreglamenduaren erreformak datorren ostegunean, urriaren 22 an, hartuko du indarra, aurreko egunean Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitarau ondoren

 

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (108. NPAO, 2020-10-09koa)