Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Urriak 19

Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldia

Covid-19aren krisiari aurre egin behar izan arren Osasunbidearen erantzun ona nabarmendu du Saray elkarteak, baina inbertsio handiagoa eskatu du ikerkuntza eta berrikuntzarako eta neurri osagarriak ekonomia, gizarte eta enplegu arloetan

Nafarroako Parlamentuak ekitaldi bat ospatu du gaur Saray elkartearekin batera Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Egunaren harira, gaitz honek kaltetutako pertsonen oroimenez eta kolektibo honen aldarrikapenekin bat eginez. Osasun-sistema publikoarengan konfiantza izaten jarraitu nahi du kolektiboak, izan ere, “detekzio goiztiarrean, etengabeko arretan eta kalitate-kontrolean aurrera egiteko” tresnarik onena dela uste baitute, “baita koronabirusak eragindako krisi garaian ere”.

 

Ekitaldia Legebiltzarraren egoitzako atalondoan izan da eta bertan izan dira Parlamentuko Mahaiko kideak, talde parlamentarioetako ordezkariak eta Saray Nafarroako Bularreko Minbiziaren Elkarteko kideak.

 

Unai Hualde Legebiltzarreko Lehendakaria izan da ekitaldiari hasiera eman diona, eta adierazi du “Saray elkartearen lanari eta aldarrikapenei ikusgarritasuna eman nahi” diela Legebiltzarrak, “osasuna zaindu eta babesteko” apustu sutsua egiten baitu.

 

Horren harira, Hualdek onartu du "une zailak" bizi ditugula "hizketagaiak eta hedabideetako albisteak ia monopolizatzen dituen pandemiarekin. Osasungintza eta ikerkuntza funtsezkoak dira Covid-19aren aurkako borrokan, baina baita bularreko minbiziaren aurkako borrokan ere, minbizia dutenen bizi-baldintzak hobetzea kontuan edukiz. Eskerrik asko Saray elkarteko kide zareten emakumeei zuen lanagatik eta hona etortzeagatik".

 

Jarraian, Mari Jose Oraak (Saray), oroitarazi du bularreko minbizia tumore gaizto ohikoena dela, diagnostikatzen diren tumoreen % 30, eta emakumeen artean heriotza gehien eragiten duena. “Gaixotasun larri baten aurrean gaude, eta 33.000 kasu berri ematen dira urtero, horietatik 410 Nafarroan. Biziraupen-tasa bost urtetara %90 baino gehiago da, eta orain gure lehentasuna metastasia duten gaixoen bizi kalitatea hobetzea da. Horretarako ezinbestekoa da ikerkuntza eta berrikuntzara bideratutako inbertsioak egitea”.

 

Itxaron zerrendei lotutako ohiko arazoei dagokienez, Oraak ohartarazi du Covid-19ak eragindako krisiak arreta asistentziala ahuldu duela, “atzerapenak eragin ditu arretan zailtasun ugari komunikazio ez presentzialean. Ez du zentzurik jarraipen protokolo batzuk edukitzea betetzen ez badira. Konpondu beharreko afera da hau. Osasun sistema publikoarengan konfiantza izaten jarraitu nahi dugu, baina aurrekontuak eta baliabide pertsonalak handitu ezean, ezinezkoa izango da”.

 

Hala ere, koronabirusak inolako zalantzarik gabe eragina izan duen arren, aitortu du "bularreko patologia-zerbitzuek funtzionatu egin dutela, ebakuntza-gelek lanean jarraitu baitute, eta, martxoaren amaieran eta apirilaren hasieran ospitale-kolapso puntualean izan ezik, ez da mugarik aurkitu farmako onkologikoen erabilgarritasunean eta erabileran, eta kontsultak ere ez dira eten, gehienak presentzialak".

 

Hala, zainketa paliatiboak jasotzeko eskubidea eta minbiziaren "populazio-erregistro homogeneo eta eguneratuak" izatearen garrantzia gogorarazi ondoren, lan-arloan eta arlo sozioekonomikoan arau-aldaketak bultzatu behar direla azpimarratu da, prozesu larriak jasan dituzten pazienteak "berriro laneratzen" laguntzeko.

 

Testuinguru horretan, "Saray eragile sozial gisa aitor dadila" defendatu du, "24 urte daramatzagu bularreko minbizia duten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko lanean". Arreta asistentziala hobetzen laguntzeko gaude. Paziente aktibo, ahaldundu eta autonomo bat osasun sistema publiko, iraunkor eta kalitatezkoaren funtsezko pieza dela defendatzen jarraitzen dugu”.

 

Hori guztia egiteko, ikerketarekin duen konpromisoa ahaztu gabe, "358.282 euro eman dituzte sei ekitalditan. Aurten, pandemiaren ondorioz lasterketa solidariorik ez dagoenez, Kilometros de vida kanpaina abiarazi dugu elkarlanean jarraitu ahal izateko. Oztopoak saihesten ahaleginduko gara. Bizitzaren aldeko apustua egiten dugu ".

 

Parlamentuak gaur iluntzean arrosa kolorez argiztatuko du bere egoitzako fatxada. Hala zehazten zuen pasa den urriaren 13an Eledunen Batzarrak aho batez onetsitako adierazpen instituzionalak. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E talde parlamentarioek aurkeztu zuten Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Egunaren karietara.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"Nafarroako Parlamentuak honako hau erabaki du:

 

1. Saray elkarteak abian jarritako elkartasun kanpaina aldeztea eta Nafarroako herritarrei bertan parte hartzera dei egitea.

 

2. Nafarroako Parlamentuan ekitaldi instituzional bat egitea heldu den urriaren 19an, astelehenez, 12:00etan.

 

3. 2020ko urriaren 19an arrosa kolorez argiztatzea Parlamentuaren egoitzako fatxada”.