Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Urriak 28

Mozio bat atzera bota dute, Espainiako Gobernua premiatzen zuena Indultuari buruzko 1870eko Legea aldatzeko lege proiektu bat aurkez zezan

Araua egungo errealitateari egokitzea zuen helburu, sedizioa edo funts publikoen erabilera bidegabea bezalako delitu batzuk alde batera utziz, eta indultua emateko arrazoia zehazteko betebeharra berreskuratu nahi zen

Migrazio Politiketako eta Justiziako batzordeak mozio bat atzera bota du gaur, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldeko botoarekin, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen baitzen “albait lasterren has zitzan 1870eko ekainaren 18ko Legea, Indultu-grazia baliatzeko arauei buruzkoa, aldatzeko lege proiektu bat aurkezteko egin beharreko lanak, figura juridiko hori ez dadin erabil xede politiko alderdikarietarako truke-txanpon gisa”.

 

Proiektu horrek, besteak beste, honako hauek jaso behar zituen: “zenbait delituren kasuan ezin izanen dela erabili figura hori, ez osoki ez partzialki; gutxienez ere honako hauetan: ustelkeria; genero-indarkeriarekin lotutakoak; terrorismoa; sexu-trafikoa; pederastia; adingabeen aurkako indarkeria; matxinada, eta sedizioa”.

 

Horrez gain, “Gobernuaren ustez indultua justifikatzen duen txosten ziodun bat egin beharra, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean hala jaso behar izatea”.

 

Era berean, “indultu osoa eman ahal izateko epaia eman zuen auzitegiaren edo epailearen aldeko iritzia exigitzea” eskatzen zen, “adierazita hala gomendatzen duten arrazoiak daudela, justizia, ekitatea, erabilgarritasun publikoa edo kondenatua behar bezala gizarteratu izana direla-eta”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak orain dela 150 urte onetsitako legea gaur egun testuingurutik at dagoela justifikatzen zuen, “beste garai bateko gizarte baten beharrei erantzuten die", eta horregatik, "gaur egungo errealitatearen araberako" legeak egiteko beharra azpimarratzen zuen, nolanahi ere, “alderdi politikoen arteko gatazkatik eta herriaren judiziotik babesteko” Espainiako Gobernuak duen betebeharrarekin.

 

Proposatzailearem ustez indultuaren figurak “salbuespenezko baliabide “ bat zian behar du, epaitegiek eta auzitegiek legeari jarraikiz ezarritako zigor-erantzukizuna zeharo nahiz partzialki betearazteko, eta demokraziaren ikuspuntutik soilik da onargarria justizia, ekitatea edo erabilgarritasuna direla-eta ematen denean. “Botere publikoek esparru horretan jokabide arbitrario bat izatea ekiditeko modurik onena da exigitzea indultu ororekin zehaztea, erabatekoa nahi partziala izan, Gobernuak zer arrazoi izan duen indultua emateko. Hau da, exigitzea indultua emateko errege-dekretuak ziodunak izan daitezen, 1988ko aldaketan kendu zen baldintza hori berreskuratuz”.

 

Hala ere, jokabide batzuek eragiten duten "gaitzespen berezia" dela eta, delitu jakin batzuk baztertzea defendatzen zen, horien artean "sedizioa eta funts publikoen erabilera bidegabea" aipatzen ziren, "helburu alderdikoiei erantzuten dietelako eta botereen banaketaren eta bizikidetzaren arauen aurkako erasoa direlako, zeintzuk demokraziaren oinarrizko zutabeak baitira".

 

Nuria Medina (PSN) buru izan duen batzordean egon dira Jorge Esparza, Iñaki Iriarte, Isabel Olave, Alberto Bonilla, Javier García, Maribel García Malo (Navarra Suma), Virginia Magdaleno, Javier Lecumberri (PSN), Blanca Regúlez, Isabel Aramburu (Geroa Bai), Arantxa Izurdiaga, Patricia Perales (EH Bildu) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu).

 

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (102. NPAO, 2020-09-29koa)