Navarra Sumaren abstentzioarekin, 2021. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak "progresistak" izanen direlako konpromisoa hartu du Ganberak
New Generation delakoari loturiko Europako fondoen banaketa hobea bermatze aldera, eta Nafarroa Suspertu Plana lidergo publikotik garatzeko erreferentzia moduan
Parlamentuaren osoko bilkurak Nafarroak Espainiako Gobernuari proposatutako proiektuak Europako fondoen bidez finantzatzeko aukeraren azterketari buruzko saioan eztabaidatutako 23 erabaki-proposamenetatik 18 onetsi ditu, besteak beste, Ganberaren gehiengoak 2021. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokor "progresistak" onartzeko konpromisoa hartzea dakarrena.
PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk eskatuta eta Navarra Suma abstenituta, lortu nahi da hurrengo Kontuak "Nafarroa Suspertu Planaren garapenerako trakzio palanka", "Next Generation delakoari lotutako Europako fondoen banaketa hobearen bermea" eta, hitz batez, "ekonomiaren eta gizartearen suspertzea justua eta berdintasunezkoa ziurtatzeko" tresna izatea, hori guztia, "sektore publikoaren lidergoarekin". EH Bildu eta Izquierda-Ezkerra alderdiek ere egin dute erabaki-proposamen horren alde.
Onetsitako erabakietatik lau adostutako ekimenei dagozkie: hiru PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk adostu dituzte, eta laugarrena Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek. Gainerakoei dagokienez, 4 Navarra Sumak sinatu ditu, 2 PSNk, beste 2 Geroa Baik, 3 EH Bilduk, 1 Podemos-Ahal Duguk eta azken 2 Izquierda-Ezkerrak.
PSN, GEROA BAI eta PODEMOS-AHAL DUGUk adostutako erabaki-proposamenak
Lehen erabaki-proposamena
1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin bat etorrita, bultza dezan toki-erakundeentzako aholkularitza-zerbitzu egonkor, asmo handiko eta eraginkorra, Europako fondo eta programen arlokoa, fondo horiek eskuratzeko eta programetan parte hartzeko proiektuak aurkezten eta kudeatzen lagunduko duena, alde biek egokientzat jotzen duten forman.
2.- Oraingo egoeraren testuinguruan, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du behar diren bideak ezar ditzan Foru Komunitateko toki-erakundeek Next Generation fondoan parte hartzea bultzatzeko; horrela, bere ekintza-ahalmena eta fondo horrek lortu nahi duen suspertzearen helburua uztar ditzake, erkidegoko ekonomia eta gizartea suspertzen lagunduz. Toki-erakundeen partaidetza Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin batera zehaztu behar da, eta ekintza arloen identifikazioa jaso behar du, baita plan edo programen deskribapen zehatza eta Europako finantzaketa duten proiektuak gauzatzea ere.
PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu alderdiek aurkeztu dute. Aho batez ONARTU DA.
Bigarren erabaki-proposamena
Nafarroako Parlamentuak 2021. urterako Nafarroako aurrekontu progresistak onartzeko konpromiso politikoa agertzen du, aurrekontu horiek Nafarroa Suspertu Planaren garapenerako trakzio palanka, NGEU fondoen banaketa hobearen bermea eta, hitz batez, sektore publikoaren lidergoa eta ekonomiaren eta gizartearen suspertzea justua eta berdintasunezkoa ziurtatzeko tresna izan daitezen.
PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu alderdiek aurkeztu dute erabaki-proposamena. ONARTU DA, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin, eta Navarra Sumaren abstentzioarekin.
Hirugarren erabaki-proposamena
1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du gazte politikak indar ditzan, enplegurako zubia baitira gazteek langabezian geratu edo ikasketa formalak amaitu ondorengo lau hilabetetan lan-, prestakuntza-, praktika- edo ikaskuntza-eskaintza bat jasotzeko aukera izan dezaten; aldi berean, kaltetuak izan daitezkeen gizataldeetako gazteak –niniak, emakume gazteak, desgaitasuna duten gazteak– gizarteratzeko aukerak hobetzea aurreikusten da.
2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren bitartez, gazteentzako aterpetxe eta babeslekuen garrantzia berreskura dezan, bizikidetza eta prestakuntza guneak eta topaguneak direlako, eta 2030 Agendaren eta garapen iraunkorrerako helburuen inguruan sentsibilizatu, prestakuntza eman eta zabalkundea egiteko katalizatzaile moduan erabil daitezkeelako, gazteak aldaketaren eragile nagusiak direla kontuan hartuta. Aldi berean, instalazioak eraberrituko dira, esparru iraunkor bihurtzeko, hezkuntza ez formaleko programen bidez gazteentzako jarduerak eta prestakuntza emateko erabil daitezen.
3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du gazteen artean osasun mentalaren tratamendua bultza dezan. Gazteei egoera edo jokabide bakoitzean eragina duten faktoreen inguruko hausnarketa-tresnak eman behar zaizkie, norbera bere buruarekin ondo sentitzea, emozioak ezagutu eta ulertzea, gertaerak egoki ulertzea eta besteekin eta ingurunearekin konektatu eta harreman positiboak izatea ahalbidetzen duen ongizate emozionala lor dezaten.
PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu alderdiek aurkeztu dute. ONARTU DA, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin, eta Navarra Sumaren kontrako botoarekin.
Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak adostutako erabaki-proposamena
Erabaki-proposamena
1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Ekonomia Sozialaren bigarren Plana aurkez dezan, abagune bikaina baita eredu hori Nafarroaren susperraldiaren zutabe nagusi bihur dadin; izan ere, horrela dela agerian utzi du lehenengo planaren balorazio positiboak, planak bete baititu bere hiru helburu nagusiak: enplegu iraunkorra areagotzea, enpresa sarea handitzea eta Nafarroa ekonomia sozialean erreferentzia den lurralde gisa Espainian eta Europan finkatzea.
2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du garrantzia eman diezaion gertutasunean, elkartasunean eta balio etikoetan oinarritutako ekonomia-ereduari, aipatu balioek erakutsi baitute erresistentzia handiagoko ekonomia sareak –etorkizunean oraingoa bezalako krisiei beste modu batean erantzun ahal izanen dietenak– sortzeko ahalmena.
3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Ekonomia Sozial eta Solidarioaren balioak susta ditzan, erresilientzia handiagoa dutela eta bizi duguna bezalako krisialdietan beharrezkoak direla erakutsi digutelako. Hori guztia dela eta, honako hauek lortzeko bidean aurrera egin behar dugu:
- Ekoizpen eta kontsumo zirkuitu laburretan egiten den produkzioa.
- Industriaren eta energiaren trantsizioa eta trantsizio agroekologikoa, eredu iraunkorrak ezartzeko.
- Hegoaldeko herrialdeetako biztanleen eskubideak errespetatzen dituen merkataritza-harremana, hegoaldeko ekoizleen eta iparraldeko kontsumitzaileen artean sare solidarioak sortzen dituena, eta merkataritza horren mozkinak hobeto banatzen dituena, gutxi batzuen eskuetan gera ez daitezen, beste askoren pobrezia eta prekarietatea areagotu bitartean.
- Guztien probetxua, open data eta lankidetza oinarri dituen ezagutzaren ekonomia.
- Bizitza erdigunean jartzen duen ekonomia eredua, bizitza eta zaintza eustera bideratutako neurriak dituena.
- Finantza etikoak.
- Kontratazio publiko arduratsua.
Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztu dute erabaki-proposamena. ONARTU DA, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin, eta Navarra Sumaren kontrako botoarekin.
EH Bilduk aurkeztutako erabaki-proposamenak
Lehen erabaki-proposamena
1.- Nafarroako Parlamentuaren arabera, “Next Generation, una visión para Navarra” dokumentuan jasotako proiektuak eta Nafarroako erakundeek susta ditzaketen eta Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitan Europako fondoekin finantza daitezkeen proiektu guztiak proposatu, zehaztu, hobetu, ebaluatu eta kontrolatzeko, gobernamendu eredu bat ezarri behar da, erakunde publikoen partaidetza, eragile politiko eta sozialena, baita Nafarroako gizarte zibilarena ere gauzatzea ahalbidetuko duena.
2.- Ildo horretan, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Gizarte Kontseilua, Nafarroa Suspertu Planaren arabera eratu behar dena, eragile politikoek, sozialek, ezagutza eta enpresagintzako eragileek parte hartzeko organo edo foro gisa eratu dadin, eztabaidagune aproposa izan baitaiteke hausnarketa eta sorkuntza bultzatzeko, bai plan horren estrategia nagusiaren inguruan, baita planean bertan zein “Next Generation, una visión para Navarra” dokumentuan jasotako proiektuak proposatu, zehaztu, hobetu, ebaluatu eta kontrolatzeko moduaren inguruan ere.
3.- Nafarroako Parlamentuaren arabera, bai Next Generation Nafarroa Digitala proiektu eragilearen laugarren osagaiak, (“Sektore publikoaren digitalizazioa”), bai bosgarren osagaiak (“Zerbitzu digital publikoak gizartearentzat”) lehentasun estrategikoa izan beharko dute, batetik, Nafarroako Administrazio Publikoen efizientzia operatiboa areagotzeko –teknologia digitalak ezarriz, zerbitzuak eta oinarrizko azpiegiturak garatuz, Nafarroako gizartean zerbitzu publikoen erabilera digitala eta horiek eskuratzeko aukera bultzatuz–; eta, bestetik, zerbitzu publikoen eraldaketa burutzeko –digitalizazio bidez edo herritarrentzako zerbitzu berriak, irisgarritasun mailan eta gizarte osoari laguntzeko mailan bilakaera nabarmena ekarriko dutenak, sortuz– berdintasunezkoa, barneratzailea eta jasangarria den ikuspuntu batetik. Bereziki, lehentasun hori nabarituko da Nafarroako Administrazio Publiko guztietan –beren tamaina eta biztanle kopurua edozein dela ere– administrazio elektronikoa ezartzeko apustuan, Nafarroako Administrazioek eskaintzen dituzten zerbitzuak era eraginkorragoan, gertuagoan, azkarrago, eta efizientzia eta gardentasun handiagoz emateko.
EH Bilduk aurkeztu du proposamena. EZ DA ONARTU, Navarra Suma eta PSNk emandako kontrako botoekin, eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek emandako aldeko botoekin.
Bigarren erabaki-proposamena
Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du –“Next Generation, una visión para Navarra” dokumentuan jasota dauden eta Osasun eta Gizarte Eskubideen Departamentuari dagozkion proiektuak garatuz– zerbitzu publikoen azpiegiturak (ospitaleak, osasun-zentroak, egoitza publikoak, ikastetxeak, unibertsitateak eta abar) eraberritzeko plan bat (edo gehiago) gauza ditzan; halaber, premiatzen du etxeen egokigarritasun funtzionala bultzatzeko bideak ezar ditzan, eta has dadin eraikitzen edo birgaitzen esparru publikoak, etxebizitza eredu desberdinak eskaini ahal izateko, hala nola etxebizitza babestuak, familiako etxeak, belaunaldiarteko etxeak, co-housinga eta eguneko zentroak; hori guztia, adinekoak eta/edo mendekotasuna duten pertsonak beren ingurune hurbilenean geratzea bermatzeko.
EH Bilduk aurkeztu du proposamena. ONARTU DA, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin, eta Navarra Sumaren kontrako botoarekin.
Hirugarren erabaki-proposamena
1.- Etxebizitza eta hiri plangintzaren arloan, Nafarroako Parlamentuaren arabera, inbertsio publikoetan honako printzipio eta helburu hauek sartu behar dira:
- Iraunkortasun printzipioa.
- Herritarren eskubidea, etxebizitza duina edukitzeko.
- Energia aurreztea ahalbidetuko duten neurriak bultzatzea.
- Ingurumenarekiko konpromisoa; batez ere, honako hauei loturikoak: emisio kutsatzaileak murriztea, hondakin gutxiago sortzea eta hondakinak tratatzea.
- Lehendik dauden baliabideak optimizatzea. Etxebizitza berriak eraiki beharrean, eraikinak birgaitzea.
- Tokiko merkataritza, hurbileko kontsumoa, zirkuitu laburrak eta mugikortasun iraunkorra bultzatzen dituen hirigintza.
- Lurraldean finkatutako profesionalen, tokiko gremioen eta tamaina txiki eta ertaineko enpresen jarduerari bultzada ekonomikoa ematea.
2.- Lehenago azaldutako printzipio eta helburuei dagokienez, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroa Green eraldaketa ekologikorako estrategiaren baitako C-1 osagaian (Eraikingintza eta efizientzia energetikoa), Navarra Sustainable Housing Plana osatzearren, beste proiektu baten garapena gehi dezan, hain zuzen, “R-Habita y R-Genera” PROIEKTUA, kudeaketarako tresna publiko bat sortuz edo lehendik daudenak egokitu eta sendotuz garatuko dena.
“R-Habita y R-Genera” PROIEKTUAK eta hura ezarri eta garatzeko tresna publikoak honako helburu hauek izanen ditu:
- lehendik dauden etxebizitzak erabilaraztera bideratutako inbertsioak zuzenean kudeatzea, etxebizitza horiek birgaitzea, etxebizitza publikoen kopurua areagotzea, alde zaharrak eta auzoak edertzea.
- azterketak egitea, hondatuta egoteagatik hutsik dauden eraikin eta etxebizitzak aurkitzeko, eta gero, birgaitzearen kostuak zenbatestea eta jabeekin adostasunera iristeko aukerak aztertzea, toki-erakundeekin elkarlanean.
- jabe txikiekin akordioak lortzea, alde zaharretako eraikin txikiak birgaitzeko eta, ondorioz, etxebizitzak sortzea, birgaitutako etxebizitza gehienen jabetza publikoa eskuratzea eta alokairuan ematea, eta ingurua dinamizatu eta hurbileko merkataritza bultzatzea, toki-erakundeekin elkarlanean.
3.- Aipatutako helburuak betetzeko, aldi berean, Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartzen du:
- Hutsik dauden etxebizitzen errolda osatzeko, etxebizitza hutsen jabeak –legez ezarritako moduan– zigortzeko zerga-neurriak, eta etxebizitza horiek arrazoizko prezioen truke alokairuan ematea bultzatu eta sarituko diren neurriak ezartzea ahalbidetze aldera.
- Etxebizitza berriak eraikitzeko eta sustatzeko asmo publiko guztien aurretik, nahitaezko txostena egiteko beharra ezarriko da; txostenak justifikatu beharko ditu jarduketaren interes publikoa, erabaki-proposamen honen lehenengo puntuan aipatutako printzipio eta helburuekiko lotura, eta birgaitzeko moduko eraikin eta etxebizitzarik eza.
4.- “R-Habita y R-Genera” proiektuak helburu zehatza ezartzen du: hondamen egoeran eta erabili gabe dauden 500 etxebizitza birgaitzea; horietatik gutxienez 350 etxebizitza eskuratuko ditu jabetza publikokoak izan daitezen. Etxebizitza horiek alokairuan jartzeko etxebizitza publikoen kopurua areagotzera bideratuko dira. Horretarako, Europako fondoetatik datozen 25 milioi euro inguru bideratuko da.
EH Bilduk aurkeztu du proposamena. EZ DA ONARTU, Navarra Suma, PSN eta Geroa Baik emandako kontrako botoekin, EH Bildu eta I-Ek emandako aldeko botoekin, eta Podemos-Ahal Duguren abstentzioarekin.
Laugarren erabaki-proposamena
1.- Nafarroako Parlamentuaren iritziz, Nafarroan amiantoa kentzeko Plan Zuzentzailea egitea aurrerapauso garrantzitsua zen, Espainian lehenengoa, eta, une hauetan, presa dago beharrezko baliabide ekonomikoak erabiliz planean jasotako urratsak egiteko, plana pixkanaka-pixkanaka eta modu eraginkorrean garatze aldera.2.- Nafarroako Parlamentuaren arabera, amiantoa kentzeko Plan Zuzentzailearen garapena bat dator Europako Suspertze eta Erresilientziaren Mekanismoan eta Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean ezarritako ildo estrategikoekin, osasun, ingurumen eta trantsizio ekologikoaren ikuspuntutik; gauzak horrela, Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroan amiantoa detektatu, kendu eta segurtasunez desagerrarazteko planaren garapena Europako fondoak eskuratzeko asmoz aurkeztuko dituen proiektuekin batera aurkez dezan.
EH Bilduk aurkeztu du proposamena. ONARTU DA, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin, eta Navarra Sumaren kontrako botoarekin.
Bosgarren erabaki-proposamena
1.- Nafarroako Parlamentuaren iritziz, bultzada garrantzitsua eman behar zaio Nafarroan energia berriztagarrien garapenari, sektore hori estrategikoa baita ingurumen helburuetarako eta ekonomia suspertzeko; hori dela eta, argi dago Administrazio Publikoak izan behar duela plan horren buru, energia horien garapen espekulatiboa saihesteko.
2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du, batetik, azter dezan titulartasun publikoko erakunde bat sortzeko aukera (energia berriztagarriekin zerikusia duten proiektuen buru izan dadin, eta Europako fondoak batu eta kudea ditzan), eta, bestetik, Next Generation programaren markoan Europako fondoak eskuratzeko asmoz aurkeztuko diren proiektuen artean, erakunde publiko horri buruzko proiektu bat aurkez dezan.
EH Bilduk aurkeztu du proposamena. ONARTU DA, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin, eta Navarra Sumaren kontrako botoarekin.
NAVARRA SUMAk aurkeztutako erabaki-proposamenak
Lehen erabaki-proposamena
1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bultza dezan Nafarroaren irudia, 2030-2040 aldiari begira, Europako ekonomia iraunkorren, lehiakorren eta kohesionatuenen artean egoteko; horretarako, ikuspegia lortu nahi diren estandarren arabera zehaztu beharko du, eta hazkundearen eta jasangarritasunaren oinarri izanen duen eredu sozioekonomikoa definitu.
2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planaren gobernu egitura plana etorkizuneko Nafarroaren ikuspegia nola lortu argi eta garbi azaltzen duen estrategiarekin koherentziaz aplikatzen dela ziurtatuko duen mekanismoarekin osa dezan. Horretarako, estrategia-batzorde bat eratzea proposatzen da; batzordearen osaerari dagokionez, plana gobernatzeko oraingo sistemaren kideak egonen dira, noski, baina plan estrategikoak definitzen eta ezartzen esperientzia duten arlo pribatuko profesionalak ere sartuko dira.
3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du, ezarritako helburu estrategikoak lortzeko, planaren aurrerabide egokia definituko duten funtsezko aldagaiak xehetasunez azaldu ditzan, adierazle koadro hierarkizatu batean. Hala, plan osoa zuzenduko duten 5 adierazletako hierarkia maila gorena definitu beharko da. Honako hauek proposatzen dira: inpaktua BPGd-an, inpaktua enpleguan, inpaktua I+G-an (ikerkuntza eta garapena), baita bakoitzaren ROI adierazlea ere.
4.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du lau hilean behin Parlamentuaren kontrolpean jar dezan planaren markoan garatzen diren proiektuen aurrerapen eta emaitzen ebaluazioa, Europako agintariek eginen duten eta Europar Batasunetik datozen baliabideak jasotzen dituzten proiektuei eskatuko dieten kontrolarekin bat etorriz.
Navarra Sumak aurkeztu du proposamena. EZ DA ONARTU, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren kontrako botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta Navarra Sumaren aldeko botoarekin.
Bigarren erabaki-proposamena
Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du lehentasuna eman diezaion bai abiadura handiko trenari, bai Ubidearen bigarren faseari, funtsezko azpiegiturak baitira gure komunitatearen etorkizunerako. Lehenespen hori argi utzi behar dute bai Nafarroako Gobernuak, bai Espainiakoak, baliabide zein epeei dagokienez, administrazio bien aurrekontu orokorretan, baita COVID-19aren pandemia dela eta gaitutako Europako Fondoetan ere.
Navarra Sumak aurkeztu du proposamena. ONARTU DA, Navarra Suma eta PSNk emandako aldeko botoekin, eta Geroa Bairen abstentzioarekin, eta EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek emandako kontrako botoekin.
Hirugarren erabaki-proposamena
1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du inbertsioa egin dezan hezkuntza-sistema hobetzeko, eta, batez ere, COVID-19ak eragindako pandemiaren garaian ikastetxeen itxieraren ondorioz ikaskuntza-krisian erori diren ikasleei laguntzeko, ikasleek garatzen dituzten ezagutzak, gaitasunek eta trebetasunek zerikusia baitute hazkunde ekonomikoarekin, heldutasunean laneratzearekin, kohesio sozialarekin eta Foru Komunitateko ongizatearekin.
2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du hezkuntza-administrazioaren digitalizazioan inberti dezan. Horretarako, Foru Komunitate osoan zuntz optikoaren sarea garatzeko inbertsioa handitu beharko du, eta, halaber, ahaleginak egin beharko ditu, negoziazioen eta lankidetza publiko eta pribatuaren bidez, telekomunikazio-operadoreekin akordioak lortzeko, nafartar guztiek zuntz optikora iristeko aukera izan dezaten, bizi diren tokian bizi direla, eten digitalaren arazoa desagerrarazteko.
3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ikastetxeen azpiegituretan inbertsioak egin ditzan, esparruak birkonfiguratzeko, eta, horrela, ikastetxea erdigunean duen hezkuntza eredu kooperatiboago eta parte-hartzaileago bat sustatzeko. Halaber, eredu horren bidez lankidetza ahaltsua sustatzen lagundu nahi da, ikastetxeek autonomia eta energia-nahikotasun handiagoa izan dezaten; horretarako, eguzki-energian eta hotz- eta bero-klimatizazioaren sistemetan inbertsio nabarmenak eginez, klimatizazioa edukitzeko ahalmena emango zaie, zentroek irekita jarrai dezaten.
4.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du digitalizazioarekin, berrikuntza metodologikoan eta gaikuntza digitalarekin zerikusia duten prestakuntza-planetan inberti dezan.
Navarra Sumak aurkeztu du proposamena. ONARTU DA, Navarra Suma, PSN, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin, eta Geroa Bai eta EH Bilduren abstentzioekin.
Laugarren erabaki-proposamena
1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du 2019-2023 Nafarroako Baso Agenda errealitate berrira egoki dezan, eta beharrezkoak diren lankidetza publiko eta pribatuko mekanismoen bidez eredu eraginkor bakarra ezar dezan, gure komunitateko baso pribatuaren jabetzaren zatikatzea kontuan hartuta. Nafarroako lurraldearen % 25 basoa denez, egokitu behar du bere Baso Agenda; hain zuzen, egurrezko produktuak lortzeko asmoz basoak ustiatzeko planifikazio azkar eta iraunkorrak aldatu eta ezarri behar ditu, honako hauek lortzeko:
- Ziurtagiridun egurra, eraikuntza jasangarriaren eredu berrietan erabiltzeko modukoa.
- Basoko biomasaren eredu desberdinak, Foru Komunitatearen lurraldean bertan erabiltzeko, energia-eraginkortasunerako planak agindutako jarraibideak betez.
- Aoizen transformazio eta logistika zentro bat eraikitzea, behar den erregaia –peleta edo ezpalak– ekoizteaz eta produktua baldintza onenetan biltegiratzeaz arduratuko dena. Halaber, banaketa-zentroa izanen da, eta azken kontsumitzaileen artean zein komunitateko gune geografiko desberdinetan eraikiko diren azpizentroen artean banatuko ditu produktuak.
2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du labur ditzan Nafarroako Energia Planean (2030. urteari begira) ezarritako epeak, eta energia elektrikoaren % 100 berriztagarria izatea ahalik eta epe laburrenean lor dezan. Energia berriztagarriak biltegiratzea arazo handiena izanik, jardun-ildo nagusienen artean, energia hori biltegiratzea optimizatzera bideratutako proiektuak garatzea proposatzen da.
3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du energia-eraginkortasuna lortzeko benetako plan bat ezar dezan, bere eraikin guztietan energia-eraginkortasuna bultzatzeko; planak barnean hartuko ditu:
- Eraikin publiko zein pribatuak birgaitzeko berariazko planak.
- Energia-eraginkortasunaren Europako estandarretan oinarritutako eraikin berriak egitea.
4.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du burutu ditzan ekoizpen-prozesuen digitalizazio eta modernizazioa, baita enpresa bateko fase operatibo guztien –erosketak, biltegiratzea, salmentak, banaketa eta prozesuetan sortutako datuen ebaluazioa– digitalizazio eta modernizazioa ere.
5.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du berariazko planak azter ditzan, COVID-19aren krisiaren ondorioz kalte handienak jasan behar dituzten sektoreentzat (adibidez, ostalaritza, kultura eta kirola).
6.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du lehenbailehen aurkez dezan txoke plan bat plan, emakumeak STEM edo STEAM motako ikasketetan pilaka sartzeko.
Navarra Sumak aurkeztu du proposamena. ONARTU DA, Navarra Suma eta PSNren aldeko botoekin, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren abstentzioekin, eta EH Bilduren kontrako botoarekin.
Bosgarren erabaki-proposamena
1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du, Nafarroan, genomikaren arloko teknologia, diagnostiko eta terapiaren berrikuntzarako atala sor dezan, ospitale, unibertsitate eta ikerketa zentro publiko zein pribatuekin elkarlanean; atal horrek Europa mailan medikuntza pertsonalizatuaren erreferentzia bihurtuko luke Foru Komunitatea, arreta batez ere honako gai hauetan jarrita: genomaren sekuentziazioa, berrikuntza teknologikoa eta diagnostikoarena, terapia berritzaileak eta aurreratuak, bai terapia genetikoan, bai immunoterapian, baita zelula terapian ere.
2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du osasun arloko Big Data eta Adimen Artifizialaren sistema bat gara dezan, osasun sistema publikoarekin, unibertsitateekin eta ikerketa zentroekin elkarlanean, Nafarroa Europako erreferentzia-eskualde bihurtzeko, osasun-laguntzaren kalitateari, ikerkuntza klinikoari eta benetako bizitzako datuekin egiten diren ikerketei dagokienez.
3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du pertsona ardatz duen laguntza eredu orohartzaile eta integratu bat gara dezan, aurrez aurreko arretaren kalitatea eta osasun arloko profesionalen eta gaixoen arteko harreman hurbila, konfiantzan oinarritua, berreskuratzeko, eta Europa mailan erreferentzia izateko, osasun arloko emaitzei dagokienez.
4.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako osasun sisteman zeharkako departamentu edo atalak sortzea bultza dezan, erakunde publiko eta pribatuekin elkarlanean; departamentu edo atal horiek espezializazio handiko arloen inguruko prestakuntzan, laguntzan eta ikerkuntzan jarriko dute arreta (hala nola transplanteak, dialisia, pediatriako zainketa intentsiboetako unitateak edo mugimenduen nahasmenduak), Europa mailan erreferentzia izateko.
5.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du norbera babesteko ekipamendu propioak eta COVID eta beste gaixotasun batzuk baieztatzeko test diagnostikoak ekoiztearen aldeko apustua egin dezan, erakunde publiko zein pribatuen laguntzarekin.
Navarra Sumak aurkeztu du proposamena. ONARTU DA, Navarra Suma eta PSNk emandako aldeko botoekin, eta Geroa Bairen abstentzioarekin, eta EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek emandako kontrako botoekin.
PSNk aurkeztutako erabaki-proposamenak
Lehen erabaki-proposamena
1.- Nafarroako toki-erakundeekin gobernantza partekatua egitea, elkarrekin hitz egiteko aukerak bermatuta, beren ekonomien eraldaketa jasangarri, ekologiko eta digitala bultza dezaketen proiektuak prestatze aldera, Nafarroan behar den lurralde- eta gizarte-kohesioari eutsiz.
2.- Hori guztia, irizpideak komunikatzerakoan gardentasun printzipioa beteko da, eta Europako finantzaketaren bidez garatzeko moduko proiektuen kontuak behar bezala emango dira.
3.- Beharrezko jarduerak bultzatzea, gizarte zibilak eta enpresek batera aurkez ditzaten Nafarroa suspertzeko proiektuak, Europako Fondoen bidez finantza daitezkeenak.
PSNk aurkeztu du proposamena. ONARTU DA, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin, eta Navarra Sumaren kontrako botoarekin.
Bigarren erabaki-proposamena
Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Europako fondoak esleitzeko prozedurak arintzeko beharrezkoak diren aldaketa legalak eta administratiboak egin ditzan, izapidetzeko oztopo burokratikoak txikiagotzeko, baina gardentasun eta segurtasun juridiko osoz.
PSNk aurkeztu du proposamena. Aho batez ONARTU DA.
Geroa Baik aurkeztutako erabaki-proposamenak
Lehen erabaki-proposamena
1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako enpresa txiki eta ertainei laguntzeko mekanismoak ezar ditzan, “Horizonte Europa” I+G+b programako fondo ekonomikoak eskuratzea errazte aldera.
2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du sendo dezan Nafarroako enpresa txiki eta ertainentzako aholkularitza espezializatua, irekita dauden deialdi publikoak indartuz, baita enpresa txiki eta ertainen eskariak Gobernuak –Europako Proiektuen Bulegoa– aurkeztuko dituen proiektuetan sartuz ere.
3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bultza ditzan mekanismo lagungarriak, Nafarroako enpresa txiki eta ertainek elkar ezagutzeko eta sareko lana sustatzeko, horrela errazagoa izanen baita I+G+b proiektuak Europako erakundeei proposatzerakoan bazkide estrategikoak aurkitzea.
4.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du susta dezan Europako Batzordeak "Europa Horizontea" programaren baitan kalitate-bereizgarri gisa ematen duen "Bikaintasun Zigilua" jaso duten, baina, aurrekontuko arrazoiak direla medio, finantzaketarik gabe geratu diren Nafarroako proiektu berritzaileen garapena.
Geroa Baik aurkeztu du proposamena. ONARTU DA, Navarra Suma, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin, eta PSNren abstentzioarekin.
Bigarren erabaki-proposamena
1.- Europako Next Generation suspertzeko fondoen baitan Nafarroak hainbat jarduketa eta proiektutan parte hartzen duenez, Nafarroako Parlamentuak, Europako Gaietarako Ponentziaren bidez, jarduketa eta proiektu horien jarraipen eta kontrola eginen du aldizka.2.- Nafarroako Gobernuak aldian-aldian informatuko du Ganbera, jarduera hori egiteko beharrezkoak diren datuak emanez.
Geroa Baik aurkeztu du proposamena. ONARTU DA, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin, eta Navarra Sumaren kontrako botoarekin.
Podemos-Ahal Duguk aurkeztutako erabaki-proposamena
Erabaki-proposamena
Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du harrera baliabideentzat arretarako eredu berri bat aurkez dezan; eredu horrek, genero-ikuspegia eta ikuspuntu feminista zeharka erabiltzeaz gain, ikuspegi hori Zerbitzu Publikoen Arreta Sare osora hedatu behar du, paradigmaren aldaketa esanguratsua ekarriko baitu, harrera-baliabideen kontzeptualizazioari dagokionez.
Podemos-Ahal Duguk aurkeztu du erabaki-proposamena. ONARTU DA, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin, eta Navarra Sumaren abstentzioarekin.
Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako erabaki-proposamenak
Lehen erabaki-proposamena
Nafarroako Parlamentuak Europako erakundeak premiatzen ditu 2021. urtearen hasieratik EB Hurrengo Belaunaldia Europako Suspertzeko Fondotik ordainketak aurretik egiteko aukera gaitu dezaten, dirulaguntza jaso behar duten estatu kideek pandemiaren bigarren olatuaren ondorio negatiboei lehenbailehen aurre egitea ahalbidetzeko.
Izquierda-Ezkerrak aurkeztu du proposamena. ONARTU DA, PSN, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin, Geroa Bairen abstentzioarekin, eta Navarra Sumaren kontrako botoarekin.
Bigarren erabaki-proposamena
Nafarroako Parlamentuak Europako erakundeak premiatzen ditu EB Hurrengo Belaunaldia Europako Suspertzeko Fondoa baldintza makroekonomikoak kontuan hartu gabe gobernatzea berma dezaten, eta gehitu ditzaten eskubide sozial eta laboralen bermeari eta Zuzenbide Estatuko arauak betetzeari lotutako baldintzak.
Izquierda-Ezkerrak aurkeztu du proposamena. EZ DA ONARTU, Navarra Suma eta PSNk emandako kontrako botoekin, eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek emandako aldeko botoekin.
Hirugarren erabaki-proposamena
Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du, EB Hurrengo Belaunaldia Europako Suspertzeko Fondoko inbertsioak erakartzeko prozesuan, lehenetsi ditzan sektore estrategikoetan egin nahi den inbertsio publikoko proiektuak, osasun ikerkuntzari eta industria farmazeutikoaren garapenari zuzenean lotuta dauden horietatik hasita.
Izquierda-Ezkerrak aurkeztu du proposamena. Aho batez ONARTU DA.
Laugarren erabaki-proposamena
1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du industria eta lanpostu iraunkorren sorkuntza bultzatuko duten inbertsio-proiektuak lehenetsi ditzan, EB Hurrengo Belaunaldia Europako Suspertzeko Fondoko inbertsioak erakartzeko prozesuan.
2.- Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du, EB Hurrengo Belaunaldia Europako Suspertzeko Fondoko inbertsioak erakartzeko prozesuan, jasotako funts guztien % 40 (gutxienez) iraunkortasun irizpideetan inbertitzen dela berma dezan.
3.- Nafarroako Parlamentuak Europako erakundeak premiatzen ditu Europako Suspertzeko Fondoko inbertsioen finantzaketatik kanpo utz ditzaten erregai fosilen erabilera dakarten edo ekar dezaketen proiektuak.
Izquierda-Ezkerrak aurkeztu du proposamena. EZ DA ONARTU, Navarra Sumaren kontrako botoarekin, Geroa Bai eta EH Bilduren abstentzioekin, eta PSN, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin.