Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Azaroak 12

Ebazpen bat onetsi da, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita ebalua dezan pandemia-egoeraren ondorioz biztanleriaren osasun psikologikoaren eta emozionalaren narriadura

Esku-hartzeko komunitarioko programak abiaraztea proposatzen da herritarren osasun mentala eta erresilientzia hobetze aldera, pandemiaren bigarren kutsatze-kolpeari begira

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “ebaluazio bat egin dezan Nafarroako Foru Komunitatean norberak hautemandako osasunaren narriadurari eta pandemia-egoeraren ondorioz ondoez psikologikoaren eta emozionalaren sintomak agertzeari buruz”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “esku-hartze komunitarioko programak abiaraz ditzan, herritarren osasun mentala eta erresilientzia hobetze aldera, pandemiaren bigarren kutsatze-kolpeari begira”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak pandemiaren “albo kalteak” aztertzeko deia egiten du, “biztanleriaren osasun mentalaren maila arriskuan edo zuzenean ukituta” baitago, eta neurri zehatzak abiaraz daitezen eskatzen du “arriskuak murriztu edo apaltzeko eta jendearen erresilientzia handitzeko” xedearekin.

 

Ildo horretan, pandemiaren ondorio gisa aipatzen ditu patologia kronikoak dauzkaten pertsonen osasuna okertzea, patologia jakin batzuen tratamendua atzeratzea edo osasun mentala larriagotzea. Egoera horiek guztiak konfinamenduak eragindako “estresarekin” ere eta “zenbait hilabetetan luzatuko den” egoera baten berezko murrizketekin lotuta daudela aipatzen du.