Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Azaroak 12

Nafarroako Gobernua gizon helduei zuzendutako indarkeria matxistei buruzko prebentzio-kanpainak diseina ditzan premiatzen duen ebazpena onetsi da

50 urtetik gorako emakumeendako estrategia "berariazko" baten beharra planteatzen da, oraindik indarrean dauden arau eta kanonek eragindako diskriminazioari eta ikusezintasunari aurre egiteko

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuari eskatzen baitzaio “diseina daitezen indarkeria matxistei buruzko sentsibilizazio- eta prebentzio-kanpainak, gizon helduei zuzenduak, tresnak izan ditzaten ezbaian jartzeko indarkeriazko jokaerak, fisikoak zein psikologikoak”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “emakume horiek artatzen dituzten profesionalek prestakuntza berariazkoa eta berezitua izan dezaten”.

 

Bestalde, Foru Exekutiboa premiatzen du “baliabide gehiago eman diezazkien emakumeak ahalduntzera bideratutako programei, 50 urtetik gorako emakumeendako estrategia berariazko bat diseinatuz, prozesu hori baita behar dena kontzientzia hartzeko, erabakia hartzeko indarkeriaren egoeratik atzeratze aldera”.

 

Azkenik, Nafarroako Parlamentuak “bere esker ona adierazten die kolektibo, erakunde, elkarte eta sare komunitario eta elkartasunezkoei, laguntza emozional, ekonomiko eta soziala eskaini dietelako emakumeei eta neskatoei, bereziki 50 urtetik gorako emakumeei, azterlanak jasotzen duen moduan”.

 

Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak sustatutako ebazpena INAI-NABIk eta NUPek elkarrekin egin duten azterlan batean oinarritzen da, “Violencia contra las mujeres mayores.. Interacción del sexismo y edadismo” izenekoa. Lan honetan aztertzen da nolako eragina duten indarkeria matxistek eta egiturazko indarkeriek 50 urtetik gorako emakumeengan, eta proposamenak egiten ditu administrazio publikoek kontuan har ditzaten haien berezitasuna eta beharrizanak.

 

Aipatutako azterlanak emandako datuen eta ondorioen artean, 50 urtetik gorakoek jarritako salaketen ehuneko handia nabarmentzen da (% 11,7 urtarriletik ekainera bitartean), bai eta estereotipoek bizirik irautea ere, zeintzuk, edertasun-kanonei eta eremu pribatuko jokabide-arauei lotuta, "emakumeen diskriminazioa eta ikusezintasuna" sustatzen baitute.