Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Azaroak 25

2020ko azaroaren 25eko bilkura

MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR –ASTEAZKENA, AZAROAK 25– EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura presentziala egin dute gaur –asteazkena, azaroak 25–, 13:30ean, eta erabaki hauek hartu dituzte:

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak, Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuaren eta Nafarroako Parlamentuko Segurtasun eta Osasun Batzordearen oniritziarekin –zeinek beren baiezkoa jarri baitute pertsonen arteko metro eta erdiko segurtasun-distantzia mantentzearen baldintzaren pean–, Navarra Sumaren proposamen bat onetsi dute, Osoko Bilkuretako bertaratze presentziala dela eta. PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu abstenitu egin dira, eta I-Ek aurka bozkatu du.

 

Hartutako erabakiaren arabera, Osoko Bilkuretan batera egoteko baimena duten pertsonen kopurua 33ra arte igo da. Banaketa berriaren arabera, Navarra Sumako 9 parlamentari egonen dira, PSNko 5, Geroa Baiko 4, EH Bilduko 3, Podemos-Ahal Duguko 1 eta I-Eko ordezkari bakarra. Gainera, Osoko Bilkuretan egonen dira Mahaiko bost kideak, Gobernuko Lehendakaria, bi lehendakariordeak eta Legelari Nagusia egonen dira, beste legelari batekin batera. Kontrol-saioetan, galderei eta interpelazioei erantzuteko, kontseilariek Osoko Bilkuren aretoan txandakatzea edo telematikoki esku hartzea aukeratu ahal izanen dute. Nolanahi ere, bertaratzeak ez du eraginik izanen bertaratutako parlamentarien kopuruan.

 

- Aldaketa hau txertaturik dago Nafarroako Parlamentuko jarduera presentzialera itzultzeari buruzko Kontingentzia Planaren luzapen berrian (aurrekoa urriaren 26koa da), zeina Mahaiak joan den 23an, astelehena, onetsi baitu eta eta kasu honetan abenduaren 9ra arte egonen baita indarrean.

 

Azaldu genuenez, aurreko luzapenari dagokionez, berritasun bakarra da ezen, parlamentuz kanpoko jarduera presentzialaren etendura orokorraren esparruan, Ganberaren egoitzaren fatxadako argiztapenetan izan ezik, baimena ematen dela “Mahaiak erabakitzen dituen beste jarduera batzuk egiteko, eledunen Batzarrari entzun ondoren”. Baimen oro “Parlamentuko areto bakoitzaren gehieneko edukiera betetzearen, metro eta erdiko pertsonen arteko distantzia errespetatzearen eta Laneko Arriskuen Prebentzio Zerbitzuak ezartzen dituen higiene- eta segurtasun-neurri guztiak betetzearen” mende geratzen da.

 

Kasu honetan, dispentsa abenduaren 1erako, Hiesaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, aurreikusitako ekitaldira iristen da, bai eta Nafarroako Parlamentuak Osasunari Domina entregatzeko ekitaldira ere (hilaren 2rako aurreikusia).

 

- Mahaiak Hiesaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta ekitaldi bat egitea onetsi du. Ekitaldia abenduaren 1ean izanen da, 12:00etan, atalondoan.

 

- Mahaiak onetsi du Nafarroako Parlamentuaren Domina C.A. Osasunari ematea abenduaren 2an, asteazkenean, 12:00etan, Osoko Bilkuren aretoan eginen den ekitaldian.

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK:

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Legebiltzarrak erabakitzen baitu Nafarroako Parlamentuaren Domina C.A. Osasunari ematea, haren 100 urteko historiaren omenez. Navarra Suma, PSN,, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak aintzatetsi egiten du Club Atlético Osasunak bere historiako 100 urte hauetan egindako lana.

 

2. Nafarroako Parlamentuak aitortu egiten du Club Atlético Osasunak gure erkidegoaren historian daukan garrantzia.

 

3. Nafarroako Parlamentuak bere aintzatespen eta esker ona adierazten dizkie Osasunarekin zerikusia izanik klubaren ospea eraikitzen lagundu duten pertsona guztiei, bai eta 100 urteko epe horretan klubaren biziari eutsi dioten bazkide guztiei ere.

 

4. Nafarroako Parlamentuak beharrezko deritzo kiroleko berdintasunaren alde jarduten segitzeari, emakumezkoen kirolaren aldeko apustua eginez, zeinetan Club Atlético Osasunak urteak baitaramatza Nafarroako beste klub batzuekin lanean.

 

5. Nafarroako Parlamentuak estimatu egiten du desgaitasunak dituzten pertsonei zuzenduriko kirol inklusiboaren alde apustu egitearen garrantzia, Osasunak bere Genuine taldearekin balioan jarri duen bezala.

 

6. Nafarroako Parlamentuaren domina Club Atlético Osasunari emateak esan nahi du aitortu egiten dela haren kirol-ibilbide peto-petoa, bai eta Nafarroak betidanik bereizgarri izan dituen jatortasun, pluraltasun eta apaltasunaren balioak jantzirik eramate hori ere".

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Hiesaren aurkako Nazioarteko Egunaren oroitzarekin. Lehendakaritzak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak:

 

1. Bat egiten du Hiesaren aurkako Nazioarteko Egunaren oroitzarekin, ekitaldi bat eginez Legebiltzarraren atalondoan abenduaren 1ean, astelehenarekin, 12:00etan. Ekitaldia Hiesaren aurkako Nafarroako Batzorde Hiritarrarekin eta SARE elkartearekin batera antolatua da.

 

2. Konpromisoa hartzen du arlo horretan diharduten GKEak aintzatetsi eta babesteko eta haiei behar adina diruz laguntzeko.

 

3. Aldezten du giza eta gauza baliabideak esleitzea, Sexu- eta ugalketa- osasunari buruzko Dekretuan jasotako sexu-hezkuntzako ekintzak egiteko.

 

4. GIBari buruzko prestakuntza berariazkoa sustatuko du irakaskuntzako eta esparru soziosanitarioko profesionalentzat; bereziki, Oinarrizko Osasun Laguntzakoentzat.

 

5. Berresten du erretiratu beharrekoa dela GIBak “gaixotasun infekzioso-kutsakor” gisa duen katalogazioa.

 

6. Premiatzen du berreskura dadin herritarrentzat erreferente den GIB-hiesaren kontrolerako programa.

 

7. Konpromisoa hartzen du GIBarekin bizi diren pertsonekiko diskriminazioa desagerrarazteko neurriak bultzatzen jarraitzeko.

 

8. Erabaki du abenduaren 1ean gorriz argiztatzea bere egoitzaren fatxada".