Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen Foru Legea onetsi da
Erantzukidetza oinarritzat hartuta, foru lege honen bidez arautzen da zer egin dezaketen administrazioek jarduera batzuen kutsadura eta ingurumen-eragina murrizteko
Parlamentuaren osoko bilkurak Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen Foru Legea onetsi du gaur aho batez. Testuak batzordean eztabaidatu diren 111 zuzenketetako 102 biltzen ditu, tartean zehapen araubidean hasiera batean aurreikusitako isunen kopuruak murrizten dituztenak.
Nafarroako Gobernuak sustatutako foru lege honen helburua da 4/2005 Foru Legea eguneratzea eta Europako eta Espainiako esparru juridiko berrira moldatzea pertsonen eta planetaren babesari eta jarduera berriek eduki litzaketen eraginei dagokienez.
Horrenbestez, ingurumen-baimenen sistema berregituratzen da, izapideak “azkartzeko eta errazteko”, batetik, eta ingurumena ahalik ongien artatzeko, bestetik, honako hauek abiaburutzat hartuta: “arreta-printzipioa eta ingurumen-inpaktua konpondu edo zuzentzearen printzipioa”, “erantzukidetza”, “erantzukizunak eskatzea” eta “ekonomia zirkularra” sustatzea.
Beraz, foru lege honen bidez arautzen da zer egin dezaketen administrazio publikoek jarduera batzuen kutsadura eta ingurumen-eragina murrizteko. Jarduera horiei, publikoak zein pribatuak izan, administrazioek kontrola aplikatuko die, bai, abian jarri aurretik, bai abian jarri eta gauzatu ondoren. Gainera, zehapen-araubidea ezartzen da -zuzenketetan asko moteldu da- egiten diren kalteak konpentsatzeko edo haien ordaina emateko.
Estatuko Administrazio Orokorraren jarduna eragotzi gabe, lege honen aplikazio-eremuan daude gogaikarriak izan daitezkeen planak, programak, instalazioak, proiektuak eta jarduerak, bai eta ingurumena aldatzen ahal dutenak eta ingurumenari kalte egin diezaioketenak ere.
Ingurumenean eragina duten jarduketak onesteko, honako esku-hartze hauetako bat beharko da: Ingurumen-ebaluazio estrategikoa edota ingurumen-eraginaren ebaluazioa; ingurumen-baimen integratua edo ingurumen-baimen bateratua; jarduera sailkatuaren lizentzia; erantzukizunpeko adierazpena, hasi aurrekoa.
Arautzen da ingurumen-eraginaren ebaluazioa egin behar zaiela lurzoru urbanizaezineko jarduera eta proiektu batzuei, Estatuko oinarrizko legeriaren arabera txikiak direlako edo atalasea beheragokoa delako egin behar ez zaienei, hain zuzen (legearen 2. eranskinean zehazten dira).
Ingurumen-eraginaren ebaluazioa nahitaezkoa izanen da, eta beraren bidez ebatziko da proiektua bateragarria denez Natura 2000 sarearen helburuekin eta horren itzalpean sortu diren naturagune babestuekin.
Hori dela eta, erabakitzen da lurralde- eta hirigintza-plangintzako tresnak behin betiko onesteko eskumenak esleituta dituzten toki-erakundeek ingurumen-organo gisa jardunen dutela eta, Ingurumen-ebaluazioari buruzko martxoaren 9ko 21/2013 Legearen 11.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, beren eskumeneko planak, programak eta proiektuak ezarri, onetsi eta baimendu ahal izanen dituztela.
Horren esparruan, lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimenak “dimentsioen eta beharrizanen arteko proportzionaltasunaren” printzipioaren arabera emateko prozedura onesten da; nolanahi ere, egin nahi den jarduerarako proposatutako “eraikuntzaren tipologia egokia den” aztertu beharko da. Behin baimena emanez gero, jarduera bi urte igaro aurretik gauzatu beharko da eta jarri beharko da abian.
Horrenbestez, organo substantiboek, ingurumen-arlokoek eta hirigintzakoek eragiten dituzten administrazio-izapideak bilduko dira, baina eskumen-banaketa aldatu gabe, izapideak errazteko eta administrazio-jarduna eraginkorragoa izateko. Gainera, energia eta meatzeen gaineko eskumena daukan departamentuak ere esku hartu ahal izanen du.
Ingurumen-baimen integratua arloko eskumena daukan departamentuak emanen du. Baimen honi Estatuko oinarrizko arautegian xedatzen dena aplikatuko zaio, honako salbuespen honekin: ez zaio aplikatuko arautegi horretan arau-hausteez eta zehapenez ezartzen dena; aitzitik, arau-hausteei eta zehapenei dagokienez lege honetan xedatzen dena aplikatuko da: “epealdi luzeagoak, araua hausten duenari zehapena ezartzen zaiola bermatzeko”. Gauza bera aplikatuko zaie ingurumen-ebaluazioei ere.
Ezartzen den bezala, instalazioaren titularrak eskatu ahal izanen du isurketen muga edo jardun-baldintzak aldatzea, eta horretarako frogatu beharko du teknika erabilgarri onenak (TEO) erabiliko dituela. Erregelamendu bidez prozedura berezia ezarriko da instalazio batean funtsezkoa ez den aldaketa batek baimena aldatu beharra eragiten duenerako; horrelako kasuetan izapideak prozedura erraztuaren bidez eginen dira.
Instalazio, proiektu edo jarduera batek ingurumen-baimen bat baino gehiago behar badu, ingurumen-baimen integratuari edo ingurumen-baimen bateratuari erantsiko zaizkio. Nolanahi ere, lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena integratuko da, bai eta, beharrezkoak badira, honako hauek ere: hondakinak kudeatzeko baimena, jabari publiko hidraulikora zeharkako isurketak egiteko baimena, atmosferarako isuriak egiteko baimena, eta ingurumen-eraginaren inguruko baimena. Gainera, eskatu behar badira, ingurumen-eraginaren deklarazioa edo ingurumen-eraginari buruzko txostena ere integratuko da.
Oro har, eta (behar bezala justifikatuta) salbuespena aplika daitekeen kasuetan izan ezik, ingurumen arloko esku-hartzearen xede diren plan eta programa guztietan herritarrek parte-hartze egiazkoa eta eragingarria izanen dute. Eskubide hori, oraindik erregelamenduz garatu gabe dagoena, Departamenduak modu sistematizatuan eskuratzen duen informazioari aplikatuko zaio. Izan ere, informazio horren hedapena herritarrek ingurumenaren arloan dauzkaten datuak eskuratzeko, prozeduretan parte hartzeko eta justiziara jotzeko eskubideak arautzen dituen 27/2006 Legean xedatzen denarekin lotuta dago.
Horren ildotik, edozein pertsonak salatzen ahalko ditu jarduerak eta administrazio eskudunei eskatzen ahalko die ingurumen arloko legezko egoerara itzultzeko neurriak hartzeko. Jarduera-arduradunek gerta litezkeen ingurumen-erantzukizunei aurre egiteko behar bezainbesteko finantza-bermea eduki beharko dute, baldin eta baimenean edo lizentzian berariaz adierazten bada.
Ingurumen-baimen bateratua ere Departamentuak eman beharko du sei hilabete iragan baino lehen. Instalazioa edo jarduera Foru Administrazioak edo berarekin lotutako edo beraren mendeko erakunde batek sustatzen badu, baimena gabe Departamentuaren nahitaezko txostena beharko da.
Nolanahi ere, helburua da prebentzio eta kontroleko sisteman egintza bakar batean biltzea jarduera bat abian jartzeko behar diren ingurumen-baimen guztiak, kontuan edukita balitekeela baimenak behar izatea jabari publiko hidraulikoa okupatzeko, erabiltzeko edo hondakin-urak bertara isurtzeko.
Baimen horretan honako hauek zehaztuko dira, besteak beste: isurketen mugak eta, behar denean, horien ordezko neurri tekniko baliokideak, atmosferara, uretara, eta lurzorura substantzia kutsagarriak isurtzeari eta zaratei eta dardarei dagozkienak.
Halaber, hondakinen sorkuntzarekin, kontrolarekin eta kudeaketa egokiarekin lotutako prozedurak eta metodoak ere zehaztuko dira. Abeltzaintza intentsiboko instalazioen kasuan, baldintzak abeltzaintzako ustiategien arloko eskumena daukan departamentuak ezarriko ditu.
Jarduera ezin izanen da hasi abian jartzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ezean, ezarritako baldintzak beteta. Ingurumen-baimen bateratua eman ondoren, titularrak bost urteko epealdia edukiko du, gehienez ere, jarduerari ekiteko, baimenean beste epealdirik ezartzen ez bada. Gauza bera aplikatuko da, modu partzialean, baimendu eta osorik egiten ez diren proiektuetan. Epealdi horretan jarduerari ekin ezean, lizentzia galduko da.
Instalazioa lurzoru urbanizaezinean egonez gero, proiektua gauzatu eta abian jartzeko epealdia lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko indarreko legerian ezartzen dena izanen da, baimen bateratuan epealdi laburragoa ezartzen ez bada.
Ingurumen-baimen bateratua behar duten instalazioetan edo jardueretan egiten diren aldaketak funtsezkoak edo ez-funtsezkoak izan daitezke. Aldaketa funtsezkoa izanez gero, instalazioa edo jarduera ezin izanen da hasi baimena aldatu ezean. Aldaketa funtsezkoa ez bada, gauzatu ahal izanen da, departamentu eskudunak besterik adierazi ezean (hilabeteko epealdia edukiko du horretarako).
Ingurumen-baimen bateratua titularrak eskatuta aldatu ahal izanen da, baina ezinbestekoa izanen da aldaketaren ondorioz ingurumenaren babesaren maila mantentzea edo hobetzea. Ingurumen-baimen bateratua ofizioz ere aldatzen ahal da, baldin eta instalazioak sortutako kutsadurak agerian uzten badu isurketen muga edota baimenaren beste baldintza batzuk berrikusi behar direla. Halaber, honelako baimenak segurtasunagatik ere aldatzen ahal dira, bai eta legerian gertatzen diren aldaketengatik (arau edo eskakizun berriak) eta inguruabar berriek bultzatuta ere.
Ingurumen-baimen bateraturik gabe ezin lortu izanen da obra-lizentziarik. Baimen hau eskualdatzen ahal da, aurretik jakinarazpena eginda.
Jarduera sailkatuaren (udal) lizentzia da toki-erakundeek eman dezaketen bakarra. 4 hilabeteko epealdiaren barrua eman behar dute, instalazioa eraiki, muntatu edo lekualdatu baino lehen. Eman ondoren, gertatzen diren aldaketetara moldatu behar da. Erregelamendu bidez zehazten ahal da zer jarduera egiteko eman daitekeen obra-baimena baimenaren izapideak egiten ari diren bitartean (leihatila bakarra). Hau ezin zaie aplikatu pertsonen segurtasuna ukitzeagatik Babes Zibilaren txostena behar den jarduerei.
Jarduera sailkatuaren lizentzia eskuratzeko baldintza osagarriak aplikatu beharko dira honako kasu honetan: ingurumenaren kalitatearen baldintzak betetzeko ezinbestekoa denean aplikatzea teknika erabilgarri onenak erabiliz lortzen ahal direnak baino zorrotzagoak diren baldintzak.
Abeltzaintza intentsiboko instalazioek berariazko legerian abereen ongizateaz xedatzen dena ere bete beharko dute. Baldintza hori berri eman beharko zaio toki-erakundeari lizentzia eman baino lehen.
Jarduera sailkatuaren lizentzia eman ondoren titularrak bi urteko epealdia edukiko du, gehienez ere, jarduerari ekiteko, lizentzia besterik ezartzen ez bada; aurretik erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da. Epealdi hori amaitutakoan lizentziak ez du ondoriorik sortuko eta balioa galduko du. Halaber, proiektua osorik gauzatzen ez bada, abian jartzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpenean zehazten ez diren instalazio-atalei edo prozesuei dagokien lizentziaren atala iraungitzat joko.
Ingurumen-baimenekin gertatzen den bezala, jarduera sailkatuaren lizentzia behar duten instalazioetan edo jardueretan egiten diren aldaketak funtsezkoak edo ez-funtsezkoak izan daitezke. Aldaketa funtsezkoa izanez gero, instalazioa edo jarduera ezin izanen da hasi baimena aldatu ezean. Aldaketa funtsezkoa ez bada, gauzatu ahal izanen da, departamentu eskudunak besterik adierazi ezean (hilabeteko epealdia edukiko du horretarako).
Hala ere, aldaketa lurzoru urbanizaezinean egin nahi bada eta beraren ondorioz jarduera edo erabilera aldatuko bada edo bolumena gehituko bada edota zerbitzu-eskaera berri egin behar bada, beste baimen bat beharko da.
Jarduera sailkatuaren lizentzia ofizioz aldatzen ahal da, baldin eta instalazioak sortutako kutsadurak agerian uzten badu isurketen muga edota baimenaren beste baldintza batzuk berrikusi behar direla. Halaber, honelako baimenak segurtasunagatik ere aldatzen ahal dira, bai eta legerian gertatzen diren aldaketengatik (arau edo eskakizun berriak) eta inguruabar berriek bultzatuta ere.
Jarduera sailkatuaren lizentziarik gabe ezin lortu izanen da obra-lizentziarik. Lizentzia hau eskualdatzen ahal da, aurretik jakinarazpena eginda.
Ikuskatzeko ahalmena ingurumenaren gaineko eskumena daukan departamentuak edukiko du, eta txosten lotesleak (ingurumen-eraginari buruzkoa barne) egiten dituenak ere bai. Ingurumen-ebaluazio estrategikoa edo ingurumen-eraginaren ebaluazioa behar duten planen, proiektuen eta jardueren kasuan, organo substantiboak eginen du ikuskapena; nolanahi ere, departamentuak informazioa bildu ahal izanen du eta ingurumen-adierazpen estrategikoan edo ingurumen-eraginaren adierazpenean ezarritako baldintzak betetzen direnez egiaztatu ahal izanen du.
Ikuskatzaileak agintaritza-agenteak direnez gero, ikuskapen-organoak ahalmena dauka adierazteko zer argazkiri edo espediente-atali ez dien eragiten jardueraren edo instalazioaren titularrak alegatzen dituen sekretu teknikoek edo merkataritzako sekretuek. Informazioa konfidentziala bada, aktak eta txostenak publikoak izatea eragotzi ahal izanen da.
Salbuespen horretako kasuetan ez beste guztietan ikuskapen-jarduketen emaitzak jendearen esku jarri behar dira; horretarako muga bakarrak legerian ingurumenaren arloko informazioa eskuratzeko eskubideaz ezarritakoak dira.
Jarduera sailkatuaren lizentzia behar duten jarduerak kontrolatzeko eskumena toki-erakundeek daukate. Halaber, lizentzia eman aurretik departamentu batek txostena egin badu, berak ere badauka jarduera kontrolatzeko eskumena.
Nolanahi ere, administrazio publikoek zaintza eta kontroleko ahalmen batzuk eman ahal izanen dizkiete Egiaztatze Erakunde Nazionalak ziurtatutako ikuskapen-entitateei.
Ingurumen-baimen integratua eta ingurumen-baimen bateratua behar dituzten instalazioen titularrek gutxienez urtean behin ingurumenaren arloko eskumena daukan departamentuari jakinaraziko dizkiote hondakinen emisioei, isurketei eta transferentziei buruzko datuak; neurtzeko erabilitako metodoa zehaztu beharko da eta datuak egiazkoak direla frogatzeko behar den informazioa eman beharko da.
Arautzen da, bestalde, zer egin behar den ingurumen-baimen integratua, ingurumen-baimen bateratua, ingurumen-eraginari buruzko txostena eta jarduera sailkatuaren lizentzia aurkaratzeko. Artikulu horren antzekoa dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legean, baina ingurumen-baimen integratuei baino zaie aplikatzen izan. Artikulu berriak aukera ematen du txosten lotesleak zuzenean aurkaratzeko.
Ingurumen-baimen bateratua edo ingurumen-eraginari buruzko txostena behar duten jardueren zehapenen araubidean ezartzen diren isunen zenbatekoak honakoak dira: 15.000, 100.000 edo 1.000.000 euro, arau-haustea nolakoa den, arina, astuna edo oso astuna, hurrenez hurren. Arau-haustea oso astuna denean, baliteke instalazioa aldi batez (2 - 5 urte) edo behin betiko itxi behar izatea. Arau-haustea astuna bada, instalazioa gehienez bi urtez itxiko da; arina izanez gero, 6 hilabetez. Kasu guztietan. itxiera erabatekoa edo partziala izan daiteke.
Jarduera sailkatuaren lizentzia behar duten jardueren zehapenak 30.000, 75.000 edo 150.000 eurokoak izan daitezke, arau-haustea nolakoa den, arina, astuna edo oso astuna, hurrenez hurren. Arau-haustea oso astuna denean, baliteke instalazioa aldi batez (1 - 3 urte) edo behin betiko itxi behar izatea. Arau-haustea astuna bada, instalazioa gehienez 12 hilabetez itxiko da; arina izanez gero, 6 hilabetez. Kasu guztietan. itxiera erabatekoa edo partziala izan daiteke.
Kasu guztietan, isunaren zenbatekoa arau-haustea egiteagatik lortutako mozkina baino gutxiago bada, zehapena gehituko da “arau-hausleak lortutako mozkinaren zenbatekoa halako hiru izan arte, gehienez”.
Arau-hausteak eta zehapenak honela preskribatuko dira: oso astunak bost urteren buruan, astunak hiru urteren buruan, eta arinak urtebeteren buruan. Aho batez onetsi da ingurumen-prestazio osagarria ezin aplikatu izanen zaiela arau-hauste eta zehapen oso astunei, oso larriak baitira.
Beste alde batetik, ezartzen da atalase jakin batzuk gainditzen dutenek nahitaez lagunduko beharko dutela Nafarroako airearen kalitatearen sareari eusten. Uste da horrek hamarnaka instalaziori eraginen diela, atmosferara isuri potentzial handienak egiten dituztenei.
Lurralde-ezarpena dela eta, lege-proiektu honetan ezartzen denaren arabera, Nafarroako Foru Komunitatean ez ezik mugakide den beste autonomia-erkidego batean ere edo udalerri bat baino gehiagotan ezarriko diren jarduerek eta proiektuek ukitutako erakunde guztien baimenak edo lizentziak lortu beharko dituzte, administrazio guztien artean akordiorik egin ezean. Hala ere, ingurumenaren arloko eskumena daukan departamentuak onespena emanez gero, horrek proiektu osoan edukiko ditu ondorioak, ukitutako gainerako lurralde-erakundeek txostena egin ondoren.
Eskaera onartu ondoren, eta bertan berariaz ezartzen denerako, departamentu eskudunak ingurumen-baimen bateratua emateko eskuordetza eman ahal izanen die zerbitzu tekniko egokiak dauzkaten toki-erakundeei.
Jarduera sailkatuaren udal lizentzia behar duen jarduera bat egin nahi dutenek proiektu osoa aurkeztu beharko diote ukitutako lurralde-erakunde bakoitzari beraren lizentzia lortzeko.
Pertsonen segurtasunerako arriskutsuak diren jarduerak erregelamendu bidez zehaztu arte indarrean jarraituko du Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren IV. eranskinak (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Gainera, harik eta aurreko erregelamendu-garapen hori egin arte, pertsonen osasunerako arriskutsuak diren eta ingurumen-baimen integratua edo ingurumen-baimen bateratua behar ez duten jarduerek jarduera sailkatuaren lizentzia beharko dute.
Proiektuaren aplikazio-esparrua eranskinen atalean zehazten da; hain zuzen ere, ezartzen da zer proiektu, instalazio, jarduketa eta jarduera egiteko eskatu beharko den ingurumen-baimen bateratua edo jarduera sailkatuaren udal lizentzia, jarduera-taldeka xehatuta. Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege honen eranskinak moldatzeko Komunitateko edota Estatuko araudietan egiten diren aldaketera.
Honako hauek dira jarduera-taldeak: errekuntza- eta energia-instalazioak; metalak ekoitzi eta eraldatzea; industria mineralak; industria kimikoa; hondakinen kudeaketa; paperaren, kartoiaren eta zuraren deribatuen industria; ehungintza eta zapatagintza industria; larrugintza industria; nekazaritzako elikagaien industriak; abeltzaintzako ustiategiak; disolbatzaile organikoen kontsumoa; zura kontserbatzeko industria; hondakin uren tratamendua; CO2-aren harrapaketa; arte grafikoak; biltegiratzeko instalazioak; merkataritza jarduerak eta zerbitzuak.
Azkenik, trantsizio-formula ezartzen da gaur egun dauden instalazioetarako: 1. eranskineko instalazioek ingurumen-baimen integratua edo jarduera sailkatuaren lizentzia badaukate, lege honetan bete beharko dute ingurumen-baimen bateratua eskuratzeko.
Osoko bilkurak zazpi in voce zuzenketa aztertu eta onetsi ditu aho batez, talde guztiek sinatutakoak zehaztapen teknikoak eginez.
Foru legea onesteak berekin dakar bi hauek indargabetzea: 4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa, eta 135/1989 Foru Dekretua, ekainaren 8koa, zaratak eta bibrazioak sorrarazten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituena. Estatuko legerian zehazten den araubide juridikoa aplikatuko da.
-
Foru lege proiektua (49. NPAO, 2019-12-13koa)
-
Zuzenketak (126. NPAO, 2020-11-16koa)
Archivos adjuntos
Enmiendas in voce Ley reguladora de actividades con incidencia ambiental