Noiz argitaratua Ostirala, 2021.eko Urtarrilak 15

Kultura Batzordea bisitan joan da Nafarroako Unibertsitatearen Museora

563.000 pertsonak bisitatu dute museoa 2015ean inauguratu zenetik, Nafarroako kultur eragile gisa artearen eta kulturaren bidez gizartea eraldatu nahi duen zentroa

Kultura eta Kirol Batzordea bisitan joan da gaur Nafarroako Unibertsitatearen Museora. Museoa 2015ean inauguratu zen, fakultatearen aukera kultural, artistiko eta akademikoak hobetzeko eta zabaltzeko, jatorri desberdineko bi bilduma artistiko (María Josefa Huarterena eta zentroaren argazki-funtsa) hartu, kontserbatu eta zabaltzeko beharretik abiatuta.

 

Honako batzordekide hauek bertaratu dira: Alberto Bonilla, Iñaki Iriarte, Javier García (Navarra Suma), Carlos Mena (PSN), Ana Ansa (Geroa Bai) eta Maiorga Ramírez (EH Bildu).

 

Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diote Nafarroako Unibertsitatearen Museoko zuzendari Jaime García del Barriok, komunikazio eta marketineko zuzendari Marta Martínez Arellanok, eta zuzendaritzako eta kuradoretzako arduradun Ignacio Miguélizek.

 

Bisitaren helburua, bisitarako proposamena egin zuen Navarra Suma talde parlamentarioko Alberto Bonillak azaldu duenez, izan da “Museoaren kultura-programazioa ezagutzea eta ikustea eremuak eta jarduerak egungo osasun-araudira nola egokitu dituzten”.

 

Bisita Vik Muniz artista brasildarraren erakusketan hasi da, eta, ondoren, Museoaren funtsetan barrena ibilbide laburra egin dute. Bertan, María Josefa Huarte bildumagile nafarraren bilduma eta XIX. eta XX. mendeetako argazki-bilduma osatzen duten 47 lanetako batzuk ikusi ahal izan dituzte.

 

Azkenik, lan-bilera bat egin da Museoko tailerren eremura, eta parlamentariek Nafarroako Unibertsitate Museoaren proiektuaren gakoen berri izan dute. 2015eko urtarrilean ireki zen museoa, eta, Nafarroako kultura-eragile gisa, helburu du gizartea artearen eta kulturaren bitartez eraldatzea. Sei urte hauetan, 563.000 pertsona baino gehiagok bisitatu dute.

 

Museoaren jatorria María Josefa Huarteren eta José Ortiz Echagüe argazkilariaren legatuetan dago, zeinak eskuzabaltasunez eman baitzizkioten Nafarroako Unibertsitateari. Bi legatu horiek bizkarrezurra dira zentroaren bilduma-estrategiarako ez ezik, sorkuntzaren, ikerketaren, hezkuntzaren eta arte garaikidearen zabalkundearen inguruko jarduerarako ere.

 

Jarduera horrek legatuak eguneratzen ditu; proposamen garaikideak bultzatzen ditu Nafarroako herritarrentzako tokiko eta nazioarteko artista eta konpainiekin; zubiak eta elkarrizketak sortzen ditu artista eta komisarioekin; nazioarteko zirkuituetan parte hartzen du, eta lotura estua du ospe handiko erakunde artistiko eta kulturalekin. Museoak diziplinarteko programazioa eskaintzen du, kultura- eta irakaskuntza-eskaintzari laguntzen diona.

 

Museoak bere behar espezifikoak helarazi dizkio Kultura eta Kirol Batzordeari, entitate berezia baita, Nafarroako Unibertsitatearen campusetik, nafarrei zerbitzua ematen diena, Nafarroako kultura-ehunari laguntzen diona eta, aldi berean, beste erkidego eta herrialde batzuetako bisitariak erakartzen dituena.

 

Bisitan parte hartu dutenek adierazi dute lankidetza sakontzen jarraitu nahi dutela, Foru Komunitatearen jarduera eta aberastasun kulturalaren mesedetan.