Jokabide-laguntza positiboari eta Hezkuntza Bereziko ikastetxeei buruzko XXV. jardunaldiak ospatuko dira Parlamentuan urtarrilaren 22tik 30era
Unai Hualdek "Hezkuntza bereziko lau ikastetxeen lana ezagutu eta balioesteko” gonbidapena luzatu du, eta Parlamentuak LOMLOEri emandako "babes zabala" azpimarratu du
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Jokabide-laguntza positiboari eta Hezkuntza Bereziko ikastetxeei buruzko XXV. jardunaldiak aurkeztu ditu gaur. Nafarroako Eskola Kontseiluarekin batera antolatuta, urtarrilaren 22an, 23an, 29an eta 30ean ospatuko dira Foru Legebiltzarraren egoitzan.
Jardunaldien helburua da jardunbide egokien trukea eta hausnarketa bideratzea gai honen inguruan: zer egiten den eta zer egin beharko litzatekeen adimen-desgaitasuna duten ikasleen bizi kalitatea hobetzeko, batere egokitu gabeko jokabideak dituztenean. Jardunaldietan aurkezten diren proposamenak IDEA aldizkariaren 53. zenbakian argitaratuko dira eta, gero, lan monografikoa editatuko da ekarpen horiekin.
Unai Hualdek azpimarratu duenez, aukera paregabea da “gure erkidegoan Hezkuntza Bereziko ikastetxeek burutzen duten lana ezagutu eta honen garrantzia azpimarratzeko. Zalantzarik gabe gaurkotasuna duen gai baten aurrean gaude, LOMLOE Hezkuntzaren Lege Organiko berriaren onarpenarekin bat baitator".
Horren harira, Hualdek azpimarratu du LOMLOEk, astelehen honetan Mahaian eta Eledunen Batzarrean agerian geratu zen bezala, Nafarroako Parlamentuaren gehiengoaren babesa duela, hezkuntza publikoaren defentsan bidezkoagoa, berdintasunezkoa, ekitatiboagoa eta eraginkorragoa baita”.
2020an jardunaldiak atzeratu egin ziren pandemiagatik, eta Nafarroako Parlamentuak eta Eskola Kontseiluak sinatutako Hitzarmenaren barruan kokatzen dira jardunaldiok, 2012tik aurrera hasitako lankidetzari jarraipena emanez.
Manuel Martinek, Nafarroako Eskola Kontseiluko presidenteak, “ikasle hauei ematen zaien arreta optimizatzeko" modua aztertzen jarraitu behar dela azpimarratu du, "haiek eta haien familiak baitira egokitzapen arazo horren kaltetu nagusiak". Ildo horretan, aipatu du Hezkuntza Bereziko ikasleak ikastetxe arruntetan integratzea positiboa dela. “Haien eta haien familien bizitza normalizatzea, Celaá Legeak aldarrikatzen duen bezala, positiboa da”.
Manuel Martinek Parlamentuaren eta Hezkuntza Departamentuaren inplikazioa eskertu du, eta berariaz oroitu nahi izan ditu Aitor Etxarte, Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari ohia, zendu berri dena, eta Koldo Sebastian, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko pedagogia terapeutikoko maisua.
"Espero dut jardunaldi hauek, 500 izen-emate inguru izan dituztenak, Aitor Etxarteri omenaldia egiteko balio izatea, baita Foru Erkidegoko irakasle guztien lana aitortzeko ere".
Jardunaldien irekiera datorren ostiralean, hilak 22, izanen da (17:30 Osoko bilkuren aretoa) Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariaren eskutik. Manuel Martín Eskola Kontseiluko lehendakariak lagunduko dio irekieran.
Jarraian, Istrerria HBIko Gemma Botín eta Alicia Azkonak Jokabidea eta laguntza integralari buruzko hitzaldia eskainiko dute. Carmen Márquez psikologo klinikoak eta Autismo BATA elkarteko haur eta gazteen alorreko zuzendari teknikoak Jokabide-laguntza positiboa: gaur egungo egoera eta etorkizunerako aukerak ponentzia eskainiko du.
Larunbatean, urtarrilak 23 (Osoko bilkuren aretoa, 9:30), El Molino HBIko Elvira Lacunzak, Beatriz Arbillak eta Sylvia Garcíak, Jokabidea eta Bizikidetza - tratu ona hitzaldia emanen dute. Segidan Ramón Novell psikiatrak eta Gironako Osasun Laguntzako Institutuko desgaitasun intelektualean eta osasun mentalean espezializaturiko zerbitzuko buruak Jokabide-laguntza positiboa: jarduteko proposamen zehatzak ponentzia eskainiko du.
Goizari Hezkuntza Bereziko ikastetxeak: Nolakoak izan beharko genuke 2025ean jokabidearen alorreko premiak hobeki artatzeko? mahai inguruarekin emanen zaio amaiera. Partaideak Mª José Cortés, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendaria eta Nafarroako lau HBIetako zuzendariak, José Andrés Burguete, Elvira Lacunza, José Luis Gamén eta Mª Carmen San Miguel izanen dira.
Jardunaldiek urtarrilaren 29an, ostiralarekin jarraituko dute (Osoko bilkuren aretoa, 17:30), eta Torre Monreal HBIPeko Abel Zardoyak Jokabidea eta Laguntza Positiboko Planak hitzaldia eskainiko du. Ondoren, Laura Escribano logopedak, Lehen Hezkuntzako irakasle eta Pedagogia Terapeutikoan espezializatuak, Jokabide-laguntza positiboa: koordinazioa eta sistematizazio operatiboa ponentzia eginen du. Arratsaldearekin amaitzeko, Marcos Ortega magoak Arretaren magia emanaldia eskainiko du.
Larunbatean, urtarrilak 30 (Osoko bilkuren aretoa, 9:30), Andrés Muñoz HBIPeko Charo Casas eta Mirian Hernándezek Jokabidea eta babesteko neurri erreaktiboak hitzaldia eskainiko dute. Jarraian Sergio Aguilera Nafarroako Ospitaleguneko neuropediatrak eta Medikuntzako eta Neurozientzietako doktoreak Jokabide-laguntza positiboa: egoera akutuak neurobiologiatik ulertzea hitzaldia eginen du.
Carlos Gimeno Hezkuntzako kontseilaria eta Manuel Martín Nafarroako Eskola Kontseiluko burua izanen dira ondorioak atera eta jardunaldiei amaiera emateko arduradunak, eta bukera gisa Isterria, El Molino, Andrés Muñoz eta Torre Monreal HBIetako bideoak jarriko dira.