Etorkinak euskarazko hezkuntza-ereduetara hurbilarazteko kanpaina bat egin zezan Gobernua premiatzen zuen mozioa atzera bota dute
Euskararen hezkuntza-plangintza publiko bat eskatzen zen, borondatezkotasunetik eta método pedagogiko egokietatik abiatuta, eskaintza gradualki garatzea ekarriko duena
Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur Navarra Sumaren, PSNren eta I-Eren aurkako botoekin, Geroa Bairen eta EH Bilduren aldekoekin eta Podemos-Ahal Duguren abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen zen “informazio eta sentsibilizazio kanpaina bat egin dezan, etorkinak D nahiz A ereduetan sar daitezen”.
Baztertutako mozioak bigarren atalean Gobernuari eskatzen zion “gaitu beharreko mekanismoak gaitu ditzan, D eredua izan dadin –edo, kasua bada, A eredua– ikasle etorkinentzako lehen aukera: garraioa eta jantokia, laguntzak, orduak, giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak bermatu, ikasle horiek bermez artatu ahal izateko (gainontzeko beste ereduetan bezala, baina eredu horien hizkuntz exigentzia desberdinari erreparatuta, gainera)”.
Navarra Sumak ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, Geroa Baik, ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta Hezkuntza Departamentuari eskatu nahi zion “azter zezan zer faktore biltzen diren ikasle etorkinen artean portzentaje txiki bat baizik ez izateko D eredua aukeratzen duena”.
Gainera, Hezkuntza Departamentua premiatzen zuen “etorkinei bideratutako informazio-kanpaina bat egin zezan, Nafarroako hizkuntza-zonifikazioa kontuan hartuta, hizkuntza-eredu ezberdinen eta hizkuntzak ikasteko programen gainean”.
Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako ordezteko zuzenketa ere ez da onartu, zeinak sentsibilizazio- eta sustapen-kanpaina bat eskatzen zuen “eskola publikoan matrikulatzearen alde, bertan dauden hezkuntza ereduen gaineko informazioa emanez”.
Era berean, EH Bilduk aurkeztutako gehitzeko zuzenketa ere ez da bozketara iritsi, zeinak Euskarabidea premiatu nahi zuen “eginkizun horretan inplikatzeko, toki entitateekin batera, ahaleginak areagotu edo digitalera.eus plataformaren moduko baliabide edo euskarriak moldatze aldera, familia etorkinengana ere iristeko, era horretan kanpainari beharrezko zeharkakotasuna eta dimentsioa emanez”.
Gainera, Euskarabideari eskatzen zion “euskarazko matrikulaziorako kanpaina orokorrean berriz parte hartzeko eta hura bultzatzeko, euskarari eta hura jakiteari balioa eta erakargarritasuna emateko xedez, Euskararen Lehenbiziko Plan Estrategikoan ezartzen denaren arabera, era horretan lagunduz D ereduak etorkinen artean ere prestigioa izan dezan”.
Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako mozioak "zenbait kasutan, aurreiritzietan oinarrituta, D ereduak segregazioa dakarrela eta ikasle etorkinak edo behar bereziak dituztenak hartzen ez dituztela baieztatzen duten" kritikak ezeztatzen ditu, eta hori dela eta “profil horiek euskarazko hezkuntza-ereduetara gerturatzea eragozten duten faktoreak zehazteko" eskaera egiten du.
Gauzak horrela, "gure hizkuntza berekia gure herri eta hirietan gizarteratzeko eta elkabizitzarako elementu aglutinatzailea eta osagai perfektua dela sinetsita", euskararen "sustapena" defendatzen da, "bai hezkuntzan, eta baita immigrazioari berariaz loturik ere”.
Helburu horrekin, honakoa proposatzen da: “euskararen hezkuntza-planifikazio publikoa, borondatezkotasunetik eta bizikidetzatik abiatuta eta programa espezifikoetan txertatutako metodo pedagogiko egokiak garatuz, euskara ikasteko hezkuntza-eskaintza gradualki eta progresiboki garatzea ekarriko duena legeak aurreikusitakoarekin bat”.
Testuinguru horretan, PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta IEk berdintasunezko legegintzaldi berritzaile eta aurrerakoi baterako sinatutako programa-akordioa ekartzen du gogora ebazpenak, bertan ezartzen baita “Nafarroako errealitate historiko, kultural eta soziala gorde eta babestea, horren parte diren berezko hizkuntzak barne”.
-
Mozioa (14. NPAO, 2020-1-31koa)