Hezkuntza Departamentuak aurreratu du eragile desberdinekiko departamentuarteko lan bat bultzatuko duela 0-3 ziklo “aztertu eta ordenatzeko
Hori adierazi du Navarra Sumak aurkeztutako interpelazio bati emandako erantzunean. Alderdi horrek, berriz, ez du aurrerapenik ikusten, eta gainera uste du osasun krisiaren eraginez zalantzan jarriko dela ekitatea.
Nafarroako Gobernuako Hezkuntzako kontseilari Carlos Gimenok esan du zerbitzu berri bat sortuko dela berak zuzentzen duen departamentuan, “eragile desberdinekiko departamentuarteko lan bat bultzatuko duela” 0-3 zikloaren egituraren inguruko arau aldaketak aztertu eta abian jartzeko.
Horixe da Gimenok kontroleko osoko bilkuran emandako erantzuna Navarra Sumak Nafarroako haur hezkuntzako lehen zikloari buruz aurkeztutako interpelazioari.
Bere mintzaldian, Gimenok gogora ekarri ditu akordio programatikoan alor horri dagokionez islatutako konpromisoak, eta adierazi du “hasiera batean horri lotuta jardun dela, finantzaketa-hitzarmenak landuz lehen tresna gisa”.
Esan duenez, moduluak eguneratu dira, 2012tik eguneratu gabe baitzeuden, garbiketako langileen lansariak igo dira, % 24 murriztu da toki administrazioen ekarpena, eta departamentuak bere gain hartu du hezkuntza premia bereziak dituzten haurren arreta eta eskolaratzea.
Kontseilariak zehaztu du 75 hitzarmen sinatu direla toki entitateekin, 89 haur eskolarekin eta 344 unitaterekin. Eta nabarmendu du “aurrekontuaren bilakaera”, 2019an 9,5 milioikoa izan baitzen, milioi bat euroko zuzenketa batekin. 2020an zuzenketa hori finkatu egin zen, eta zuzenketekin 12 milioi eurokoa izatera iritsi zen; “2,5 milioiko aldea legegintzaldia hasi zenetik”.
Halaber, Gimenok aitortu nahi izan du COVID-19a dela eta egindako lana, eta nabarmendu du hezkuntza-sistema indartsua dugula, sendoa eta pandemia ondo jasan duena”.
Hala, gogorarazi du hain pandemia dela-eta Hezkuntzak 1,3 milioi euroko ekarpena egin diela toki entitate guztiei errefortzuko langileak kontratatzeko (hezkuntzako langileak eta garbitzaileak). “Hori tokiko administrazioak abandonatzea bada...” zehaztu du.
Era berean, kontseilariak adierazi du departamentua “jada norabide horretan ari dela lanean”. Azladu duenez, zerbitzu berri bat sortuko da berak zuzentzen duen departamentuan, “eragile desberdinekiko departamentuarteko lan bat bultzatuko duela” 0-3 zikloaren egituraren inguruko epeak eta arau aldaketak aztertu eta ordenatzeko.
Bestalde, Gimenok gogorarazi du Hezkuntza Departamentuari dagokiola ziklo horretako postuen eskaintza publikoaren plangintza, “duela gutxiko epai baten bidez berretsitako eskumena baita”. Azaldu du jada atera dela ebazpen bat, eta eskaintza guztiak jasotakoan Departamentuak onetsiko dituela ala ez, “irizpideei jarraikiz”.
Horrekin lotuta, ziurtatu du toki administrazioek 0-3 ziklorako helarazten dituzten eskaintzak baimentzerakoan “hezkuntzarekin lotutako irizpideak erabiliko direla, ez politikoak”. Eta ezarrita dagoen akordio programatikoa erabiliko du, eskola-mapa, postu kopuruaren proportzioa eta hizkuntza-eredu elkarrekin bizi diren zentroak sortzea bezalako irizpide argiak dituena”.
Navarra Sumako Pedro Gonzálezek esan du legegintzaldiaren erdira iristen ari garela eta UPNko gobernuekin baino okerrago gaudela. Ez eskaintza unibertsalik, ez doakotasunik, ez Hezkuntza Departamentuaren kudeaketarik. Ezertxo ere ez. Julio Iglesiasen abestiak zioen bezala, “bizitzak berdin-berdin segitzen du”.
Bere ustez, “0-3 haur eskolek kalitate egiaztatukoak dira, eta kudeaketa borondate eta, gehienetan, diru kontua da”, baina ohartarazi du “orain arriskuan dagoena ekitatea dela, familia asko 0-3tik aldendu direlako, beldurragatik eta osasun krisiagatik”. Horrekin lotuta, galdetu du zergatik PSNk doakotasuna bultzatzen duen Iruñeko Udalean, baina ez duen gauza bera egiten Nafarroako Gobernuan”.
Kontseilariak erantzun dio ez dela sartuko Iruñean Udalean lortutako akordioan, “udal eskumenekoa baita”, eta Navarra Sumari erantzuki egin dio “egin beharrekoari buruzko lezioak eman nahi izatea”, gobernuan zeudenean egindakoa ikusirik.
PSNko Jorge Aguirrek honela erantzun dio Navarra Sumako ordezkariari: “guk 0-6 hezkuntza-ziklo doako eta unibertsal baten alde egiten dugu eta zuek ez”. Eta hezkuntza eskaintza publikoa orokortu eta eskola-mapa taxutzearen alde egin du.
María Solanak (Geroa Bai) adierazi duenez, “doakotasunetik urrun gaude”. “Ikusiko dugu zer gertatzen den Iruñean, jakin-mina dut”, esan du. “Ezinbestekoa iruditzen zaigu mahai baten antzeko zerbait osatzea, Hezkuntza Departamenduaren gidaritzapean, NUKFren parte-hartzearekin, parlamentarien eta sektoreko profesionalen lankidetzarekin, hain garrantzitsua den hezkuntza-etapa ordenatu, homogeneizatu eta bateratzeko”.
EH Bilduko Bakartxo Ruizek, bere aldetik, esan du “etsigarria” iruditzen zaiola kontseilariak esandakoa eta bere kexa agertu du “urtebete pasa ondoren oso gutxi aurreratu delako urrats material guztietan". Hori dela eta, departamentua premiatu du “mugi dadin” eta prozesua “parte-hartzailea” izan dadin.
Ainhoa Aznárezek (Podemos-Ahal Dugu) nabarmendu duenez, “urteak daramatzagu gai honen inguruan eztabaidatzen, denok lotsagorritu beharko genuke. Legegintzaldiko akordioetan hitz ematen badugu haur eskolen doako sare publikoa eraiki behar dugula eta eskaera horiei erantzun behar diegula, ekin diezaiogun lanari".
Azkenik, Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) eskatu du adabaki gehiago ez jartzeko egoerari, joan-etorriko erreforma gehiago ez egiteko, irizpide interesatuei jarraikiz, eta erabaki arbitrarioengatik kaltetutako familia gehiago ez dadila izan. “Eskaintza publikoak unibertsala eta doakoa izan behar du”, esan du.