Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko Foru Legea
Osoko bilkuran onetsia. 2021eko otsailaren 4an
Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaurkoan aho batez onetsi du Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko Foru Legea. Berritasun garrantzitsuena da departamentuen arabera antolatu ordez arloen arabera antolatzen dela.
Gobernuak sustatutako lege-proiektu horren xedea da ekiditea Administrazioaren departamentu-egitura aldatzen den bakoitzean sortzen diren desdoitzeak, araua departamentuen arabera antolatuta egotearen ondorioz gertatzen direnak. Hori dela-eta, hobetsi da tasa eta prezio publikoak arloen arabera antolatzea.
Kontuan hartuta tributuen esparruan agintzen duen lege erreserba, azaldutako helburuak betetzeak eskatzen du, ezinbestez, lege-aldaketa bat egitea, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 11. artikuluak ezartzen duen bezala.
Lurralde Kohesiorako Departamentuak proposatuta, kartografiako produktuak emateagatiko tasak eguneratzen dira. Horren arrazoia da inprentan inprimatzetik plotterrean inprimatzera aldatu dela, erabiltzaileek eskatuta; horrela, kudeaketa kartografikoaren produktibitatea handiagoa eta ekologikoagoa da. Zenbatekoak ez dira aldatzen, baina desagertzen dira inprentako edizioen tasa gehienak.
Bestalde, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren ekimenez, aldatzen da azterketa egiteko eskubideen tasa, 5. tarifa desagertzen da eta aldatzen dira enplegu eskatzaileek tasarik ez ordaintzeko bete beharreko baldintzak. Aldaketa horietarako arrazoiak dira, batetik, E maila edo taldeko lanpostuak D mailan edo taldean sartu izana, zeinak berekin baitakar E maila edo taldeko lanpostuak desagertzea; izan ere, horien azterketarako tasa 5. tarifaren arabera ordaintzen zen.
Beste alde batetik, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak gaiari buruzko txostena egin du, eta proposatzen du Tasei buruzko Foru Legea aldatzea, enplegu eskatzaileak salbuesteari dagokionez. Horren oinarria da aipatutako artikuluaren idazketa berriak ez dituela tasen ordainketatik salbuesten langabetuak, baizik eta enplegu-eskatzaile moduan izena emandako pertsonak; horien artean sartzen dira langabetuak ez ezik, lanean ari baina hobetzeko egoeran daudenak ere, eta horrek ez du inolako logikarik, azken horiek jada errentak jasotzen ari direlako. Halaber, kontuan hartzen da arazo asko sortzen dituela izena emanda egotea ez ezik, lan eskaintza bati edo lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana ere egiaztatzen duen ziurtagiria eman behar izateak. Gainera, erakundeari ez dagokio lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako errentak edukitzea edo ez edukitzearen gaineko egiaztapena, datu hori ez duelako.
Hezkuntza Departamentuak proposatuta, izaera berekoak direnez, eta haiek sinplifikatze aldera, “Tituluak emateagatiko eta beste kontzeptu batzuengatiko tasa” izenekoan bateratu dira,“teknikariaren titulua” izeneko 4. tarifan, honako hauek: 4., 5. eta 19. tarifak, hau da, teknikariaren titulua, arte plastikoetako eta diseinuko teknikariaren titulua, eta kirol arloko teknikariaren titulua. Berdin gertatzen da 6., 7. eta 20. tarifetan, hau da, goi mailako teknikariaren titulua, arte plastikoetako eta diseinuko goi mailako teknikariaren titulua eta kirol arloko goi mailako teknikariaren titulua, “Goi mailako teknikariaren titulua” izeneko 5. tarifan bateratzen baitira.
Halaber, tarifa berri bat gehitzen da, “Goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba” izenekoa. Proba hori bat dator lanbide heziketako zikloetan arteen modalitatean sartzeko probarekin, eta hura egin eta zuzentzeko lanak epaimahai berberek betetzen dituztenez, zenbateko bera ezartzen da horretarako ere: 18 euro.
Azkenik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iradokizunez, bi tasa berri ezartzen dira, III. tituluko VII. kapituluan, “Ingurumen baimen integratuaren araubideko tasa” eta “Simaurren hondakin-kudeaketarako araubideko tasa”, 60. eta 61. artikuluak, hurrenez hurren.
Zerga-egitateak osatuko dituzte ingurumen baimen integraturako araubideari eta simaurren hondakin-kudeaketarako araubideari dagozkien administrazio prozeduren tramitazioak, instalazioen titularrek edo sustatzaileek eskatuta nahiz ingurumen arloko eskumena duen departamentuaren ekimenez ofizioz hasten direnak.
Foru lege honek, martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legea indargabetzea dakarrenak, indarra hartuko du NAOn argitaratu eta biharamunean, eta data horretatik aurrerako sortzapena edo ordainketa beharra duten tasa eta prezio publikoetan aplikatuko da.
Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko Foru Legea zuzenean eztabaidatu da Osoko Bilkuran, Navarra Sumak bere zuzenketa guztiak erretiratu zituelako Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean eztabaidatu aurretik. Gainerako taldeek eta foru parlamentarien elkarteek ez zuten zuzenketarik aurkeztu.
· www.nafarroakoparlamentua.eus
· Foru lege proiektua (134. NPAO, 2020-11-13koa)
· Osoko zuzenketa (2. NPAO, 2020-01-23koa)