Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Otsailak 18

Nafarroako Gobernua premiatzen da Ekonomia eta Ogasun Departamentua moderniza dezan, teknologia digitalak erabiltzearen bidez

Zerbitzu arin eta gardenago bat eskaintzeak efikazia areagotzea ekarriko duela defendatzen da, baita zerga-bilketari, baliabideen kudeaketari eta iruzurraren aurkako borrokari dagokionean ere

Parlamentuaren Osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Ogasuneko Departamentuaren eguneratze teknologikorako egutegi bat ezar dezan, bai softwarean bai hardwarean, sistema guztien modernizazioan inbertituz, bereziki zaharkitze teknologikorako arrisku handia duten sistemetan”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “kredentzialen sistemak (identifikazioa) erabiltzaileen erabilera hedatuko sistemetara egoki ditzan, hala nola Cl@ave eta ziurtagiri digitala izenekoak, pixkanaka eta lehenbailehen NAN+PIN sistema zaharkitua eta kaltebera ezabatuz. Era berean, aitorpen biometrikoa sartzen joatea departamentuko eragiketa guztietan, Estatuko eta Europako legeriak eskaintzen dituen bermeekin”.

 

Bestalde, hirugarren atalean, Foru Exekutiboa premiatzen da “Foru Ogasuna “zero paper” ereduaren arabera eraldatzen jarrai dezan, guztia urrutitik eta formatu digitalean egiteko aukera emanez”.

 

Gainera, Gobernuari eskatzen zaio “konputaziorako eta biltegiratzerako gaitasuna handi dezan, batez ere zerbitzu handiko egunetan, prestazioa eteteko arriskurik egon ez dadin”.

 

Horrez gain, Nafarroako Gobernua premiatzen da “pandemia betean inauguratu zen “laguntzaile birtualen” zerbitzua finkatu eta handi dezan, hartara herritarrei laguntza pertsonalizatua ematearen aldeko apustua eginez, non dauden alde batera utzita eta aurrez aurreko beharrezko arretari kalterik egin gabe”.

 

Bestetik, Foru Exekutiboari eskatzen zaio “adimen artifizialaren, big dataren eta datuen ingeniaritzaren erabilera ustia dezan iruzurraren aurka borrokatzeko, zergadunarentzako laguntza eta Ogasunaren eskura dauden zerga-kontrolerako bitartekoak hobetuz”.

 

Azkenik, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “Ekonomia eta Ogasun Departamentuko langileriarentzako eta oro har herritarrentzako prestakuntzarako eta gaikuntza teknologikorako plan bat ezar dezan, tresna digitalen erabilerari buruzko ezagutzak eta trebetasunak bereganatzeari bultzada ematearren”. Atal hau EH Bilduk aurkeztutako gehitzeko zuzenketa baten bidez gehitu da, ekimenare titularrak, PSNk, onartu baitu.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Foru Ogasunaren modernizaziorantz aurrerapausoak emateko beharra azpimarratzen du, teknologia digitalen ezarpenaren bitartez, izan ere, zerbitzu arin eta eraginkorrago bat eskaitzea ahalbidetuko baitu, baita segurtasun eta pribatutasun mailari dagokionez ere.

 

Testuinguru horretan, barne-kudeaketa hobetzeko, informazioa eskuratzeko eta, azken batean, administrazio-izapidearen edozein arlotan gardentasuna lortzeko beharrezkoak diren berrikuntza teknologiko guztiak erabiltzea defendatzen da, zerbitzu publikoen egungo estrategiak arreta presentzialerako dituen ordutegiez gain.

 

Ogasunari dagokionez, eta defendatzen denaren arabera, hobekuntza "zerga-bilketaren eraginkortasunera – Iruzurraren aurkako borroka barne – eta eskura dauden baliabide ekonomikoen kudeaketara iritsiko da. Bi helburu horiek, herritarren/zergadunen bermeen optimizazioarekin batera, herritarren satisfakzioa areagotzea ekarriko dute".