Nafarroako eta Estatuko Gobernuak premiatzen dira informazio-kanpaina bana egin dezaten kanabisaren kontsumotik heldu diren arriskuei buruz eta, zehazki, adingabeen artean kontsumoa prebenitzeko
Ez da onartu Nafarroako eta Espainiako gobernuak kalamuaren autokontsumoa despenalizatzeko behar diren lege-erreformak hartzera behartzea
Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako eta Estatuko Gobernuak premiatzen dira “informazio-kanpaina bana egin dezaten kanabisaren kontsumotik heldu diren arriskuei buruz eta, zehazki, adingabeen artean kanabisaren kontsumoa prebenitzeko”.
Ebazpenak beste hiru puntu zituen, PSNren eta Navarra Sumaren aurkako botoekin atzera bota direnak. Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aldeko botoa eman dute.
Lehenengoan, Estatuko Gobernua premiatzen da “egin beharreko lege-aldaketak egin ditzan hala Zigor Kodean nola Herritarren Segurtasunari buruzko Legean, erabat despenalizatzeko kanabisaren eratorrien kontsumoa nahiz kontsumorako edukitza”.
Bigarren atalean,Gobernu zentralari eskatzen dio “arau-esparru argi bat gara dezan, kanabis-elkarte eta -kluben jarduera aitortu, bermatu eta antolatuko duena, bai eta haren erabilera terapeutikoa ere”.
Eta baztertutako hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “foru erkidegoan kanabisaren eratorrien kontsumoa nahiz kontsumorako edukitza legez arautu ditzan, Nafarroan kanabis-erabiltzaileen kolektiboak arautzeko Foru Legetik abiatuta, zeina Parlamentu honek 2014ko azaroaren 27an onetsi baitzuen”.
Ondoren, Konstituzio Auzitegiaren eragozpenak saihesteko, 2018ko ekainaren 7an, Nafarroako Parlamentuak kalamuaren erabiltzaileak arautzen dituen estatuko legegintzako ekimena onetsi zuen. Aldeko botoa eman zuten Geroa, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-E; UPN eta PPN aurka agertu ziren.
Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak sustatutako ebazpenak defendatzen du “beharrezkoa dela drogak debekatzeko politika zaharrari amaiera ematea eta politika pedagogiko eta hezitzaileen aldeko apustu irmoa egitea”, bide batez, oroitaraziz, Nafarroako Parlamentuak Nafarroan kanabis-erabiltzaileen kolektiboak arautzeko Foru Legea onetsi zuela 2014an eta arau hori Konstituzio Auzitegiak ezeztatu zuela 2017ko abenduan, Estatuaren eskumenak inbaditzen zituela-eta.
Ildo horretan, aipatzen da Nafarroan kanabisaren presentzia eta kontsumoa normalizatu egin direla (alkoholarena edo tabakoarena baino gutxiago bada ere), eta hori dela eta, Nafarroako droga-mendekotasunari buruzko azken txostena aipatzen da, zeinetan ondorioztatzen baita “Nafarroan ikasten duten adingabeen erdiak baino gehiagok uste dutela kanabisa legeztatzea ona izanen litzatekeela droga-mendekotasunaren aurka borrokatzeko”.
Nafarroan kanabis-erabiltzaileen kolektiboak arautzeko Foru Legea legegintzako herri-ekimenari esker sortu zen. Proiektua Parlamentura iritsi zen 10.000 sinadura lortu ostean (eztabaida ahalbidetzeko 5.000 behar ziren), eta PSNren, Bilduren, Aralar-NaBairen eta Izquierda-Ezkerraren babesa izan zituen. UPN eta PPNk aurka bozkatu zuten, eta Nafarroak gai hau arautzeko eskumenik ez zuela ohartarazi zuten.
24/2014 Foru Legearen xedea zen "segurtasun juridikoa" emango duen espazio bat eratzea, bai "kontsumoari" dagokionez, bai "autohornikuntzari" dagokionez. Kalamuaren "izaera ludikoa" eta "ondorio aringarriak" kontuan hartuta, eta "Nafarroan gehien kontsumitzen den substantzietako bat" izanik, klubei erabilera arduratsua sustatzea agintzen zitzaien, arriskuen prebentzioaren, kontsumoaren kontrolaren edo legez kanpoko merkatuaren murrizketaren bidez.
2014ko urriaren 9an, Fermin Les Nafarroako Ordezkaritza Kannabikoko presidenteak Legegintzako Herri Ekimena Parlamentuan defendatu zuen, eta "kalamu kontsumitzaileen elkarteen inguruan dagoen hutsunea arautzea" eskatu zuen.
Jorge Aguirre (PSN) buru izan duen saioan parte hartu dute José Suárez, Elena Llorente, Miguel Bujanda, Ángel Ansa, Marta Álvarez, Carlos Pérez Nievas (Navarra Suma), Virginia Magdaleno, Inma Jurío (PSN), Blanca Regúlez, Jabi Arakama (Geroa Bai), Bakarxo ruiz, Arantxa Izurdiaga (EH Bildu), Ainhoa Aznárez Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) parlamentariek.