Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Martxoak 10

Nafarroako Gobernua premiatzen da hirugarren osasun etxe bat eraiki dezan Tuterako Lourdes auzoan

Lehen mailako arretako bi zentroak zabaltzeko eta modernizatzeko konpromisoa gogorarazi dute, eta irisgarritasuna hobetuko duen osasun-zonifikazioa berrantolatzeko eskatu da

Osasun batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez (Izquierda-Ezkerra ez da bilkuran egon), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Tuterako osasun eskualdea berrantola dezan, halako moduan non hobetu eginen baita oinarrizko osasun laguntzako zentroetarako irisgarritasuna, Erriberako hiriburuan Nafarroa Ekialdeko eta Nafarroa Mendebaldeko osasun etxeak eraiki zirenetik izandako populazioaren igoerara egokitzeko”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “Tuteran hirugarren osasun etxe bat sor dezan, Lourdesko auzoan”. PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu abstenitu egin dira atal honetan.

 

Bestalde, Nafarroako Gobernua premiatzen da “Tuterako Lourdes auzoko osasun etxe berriaren proiektua egin dezan eta haren obrak 2021ean har ditzan”. PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu abstenitu egin dira atal honetan.

 

Azkenik, Foru Gobernuari eskatzen zaio “Tutera Mendebaldeko osasun etxea handitzeko proiektua egin eta obrak 2021ean zehar has ditzan”.

 

Ez da onartu PSNk aurkeztu duen ordezteko zuzenketa, 2. Eta 3. Atalak ordeztu nahi zituen honako testuarengatik: “Nafarroako Gobernua premiatzen da Tuteran hirugarren osasun-zentro bat edo batez ere zaintzara bideratutako laguntza-unitateak hartuko dituzten bestelako azpiegiturak eraikitzeko beharrari eta bideragarritasunari buruzko azterketa egin dezan, Lourdesko auzoko irizpide demografiko, sanitario eta soziosanitarioak aintzat hartuta”.

 

Ez da onetsi ezta ere EH Bilduk aurkeztu duen aldatzeko in voce zuzenketa, Nafarroako Gobernua premiatu nahi zuen osasun etxeen hobekuntzarako jarduketak eta zentro berriaren eraikuntza “legegintzaldi honetan” egin zitzan.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Tuteran hirugarren osasun-zentro bat behar dela defendatzen du, Lourdes auzoaren beharrei erantzuteko. Izan ere, Tuterako Lehen Mailako Arreta bi zentroren menpe dago (Santa Ana eta Gayarre), eta biak ere “duela 25 urte baino gehiago eraikiak, biztanleria-bolumena %30 txikiagoa zenean”.

 

Testuinguru horretan, oroitarazten da bi osasun-zentroak "handitzeko eta modernizatzeko" akordioa joan den legegintzaldikoa bada ere, epeak atzeratzen joan direla egungo Gobernura iritsi arte. Osasun departamentuak, ordea, "Santa Anako obretarako esleipen-aurreikuspen berria" eskaini zuen (2020. urtearen hasiera), "Gayarreri eta Lourdes auzoko hirugarren osasun-zentro bati buruzko aipamenak alde batera utzita".

 

Proposamena egin duenak, amaitzeko, Lourdesen osasun-zentro berri bat behar dela berretsi du, izan ere, "lehen mailako arreta-baliabideetarako irisgarritasuna Tuterako beste eremu batzuetan baino okerragoa da", eta gogorarazi du Navarra Suma eta PSNk horretarako konpromisoa hartu zutela azken foru eta udal hauteskundeetarako hauteskunde-programan.

 

Nuria Medina (PSN) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Cristina Ibarrola, Ángel Ansa, Marta Álvarez, Jorge Esparza, Elena Llorente, Yolanda Ibáñez (Navarra Suma), Patricia Fanlo, Ainhoa Unzu (PSN), Ana Ansa, Isabel Aramburu (Geroa Bai), Txomin González, Bakartxo Ruiz (G.P. EH Bildu) eta Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu).

 

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (115. NPAO, 2020-10-23koa)