Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Martxoak 16

Nafarroako Gobernua premiatzen da berma dezan familia guztiak baldintza beretan matrikulatu ahal izatea titulartasun publikoko haur-eskoletan

Ganbera 0-3 zikloaren doakotasunean eta unibertsaltasunean aurrera egitearen alde agertu da, plaza kopurua handituz eta auzo eta herrien artean desberdinkeria egoerak saihestuz

Hezkuntza batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez (Podemos-Ahal Duguk ez du parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “beharrezkoak diren eta eskura dituen baliabide guztiak jar ditzan eta inplikaturiko alde guztiekin hitz egin dezan, titulartasun publikoko haur-eskoletan matrikulaturiko haurrak dituzten familia guztiak baldintza beretan matrikulatu ahal izatea bermatzeko eta desberdintasun-egoerak saihesteko”.

 

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak sustatu duen ebazpena “0-3 zikloaren doakotasunean eta unibertsaltasunean aurrera egitearen” alde agertzen da, egungo “arreta-zerbitzuaren” izaera osagarria ezabatzeko eta eskolaren titulartasunaren araberako desberdinkeria egoerak saihesteko, Gobernua sostengatzen duten taldeek sinatutako programa akordioan aipatzen den bezala.

 

Navarra Sumak eta PSNk 2021erako lortu duten aurrekontu-akordioaren barruan jasotzen den udalaren titulartasuneko haur-eskolen doakotasunari dagokionez, haur-eskoletako erabiltzaileen artean sortu diren “desberdinkeria” egoerez ohartarazten da, izan ere, Nafarroako Gobernuarenak edo beste herri batzuenak diren haur-eskoletan ordaintzen jarraitu beharko baita.

 

“Lehen mailako auzoak” eta “bigarren mailakoak” bereizten direla uste du sustatzaileak, eta horregatik 0-3 zikloaren unibertsaltasunean sakontzea defendatzen du, eta horretarako, plaza kopurua handitu; izan ere, 2019an, 0 eta 3 urte bitarteko 6.464 haur zeuden Iruñean eta eskaintzen ziren plazak 914 ziren; beraz, populazioaren % 14,13 besterik ez zuten estaltzen.

 

Patricia Fanlo (G.P. PSN) buru izan duen saioan parte hartu dute Pedro González, Alberto Bonilla, Carlos Pérez-Nievas, Javier García, Iñaki Iriarte, Elena Llorente (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Inma Jurío (PSN), María Solana, Jabi Arakama (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz., Laura Aznal (EH Bildu), Marisa de Simón (I-E) parlamentariek.

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (27. NPAO, 2021-02-26koa)