Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Martxoak 24

Nafarroako Gobernua premiatzen da maiatzaren 31ra arte luza dezan ABEEE baten pean egon eta 20.000 eurotik beherako errentak dituzten pertsonen diru-sarreren osagarria

Pandemiari lotutako jarduera ekonomikoa eteteak edo murrizteak soldata baxueneko langileengan dituen ondorio negatiboek irauten baitute

Eskubide Sozialetako batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “maiatzaren 31ra arte luza dezan aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente baten pean egon eta 20.000 eurotik beherako errentak dituzten pertsonen diru-sarreren osagarria”.
 
Onetsitako ebazpenak badu bigarren puntu bat, non, era berean, Nafarroako Gobernua premiatzen baita “luzapen hori Elkarrizketa Sozialaren esparruan negozia dadin eta beste deialdi bat egin dadin, aurrekoaren ebaluazioa eta haren gomendioak aintzat hartuko dituena, eta, halaber, beharrezkoak diren mekanismoak ezar daitezen laguntza hori ahalik eta onuradun gehienengana irits dadin”. Paragrafo hau PSNk, I-Ek eta ekimena aurkeztu duen Navarra Sumak sinaturiko ordezteko zuzenketa baten emaitza da. EH Bilduk eta Podemosek aurka bozkatu dute, eta Geroa Bai abstenitu egin da.

 
Era berean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean dauden enpresak azter ditzan eta berariazko prestakuntza-plan bat aurkez dezan, enplegu horiek sendotzen edo, hala badagokio, birkalifikatzen eta birkokatzen laguntzeko”.
 
Zioen azalpenean
, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenean azaltzen denez, pandemiari lotutako "jarduera ekonomikoa eteteak edo murrizteak" langileengan dituen "ondorio negatiboek bere horretan diraute", eta, horregatik, Gizarte Elkarrizketaren Kontseiluak martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 22. eta 23. artikuluen babesean hartutako salbuespenezko neurriak berriro luzatzea eskatzen da.
 
Horregatik, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako Gobernuak errenta baxueneko langileen aldi baterako erregulazioko espedienteen ondoriozko langabezia-prestazioa osatzen jarraitzea, pairatzen ari diren errenta eta erosteko gaitasun galdera arintzeko.
 
Arantza Biurrun (Navarra Suma) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak izan dira Marta Álvarez, Alberto Bonilla, Ángel Ansa, Jorge Esparza, Maribel García Malo, (Navarra Suma), Nuria Medina, Inma Jurío (PSN), Isabel Aramburu, Blanca Regúlez (Geroa Bai), Patricia Perales, Arantza Izurdiaga (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (29. NPAO, 2021-03-02koa)