Onetsirik Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen aldaketa
Zehazten da eguzki-energiaren autokontsumorako instalazioak sartzea erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko jakinarazpena egin behartzen duten kasuetan
Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak aho batez onetsi du gaur Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 192. artikulua aldatzeko Foru Legea. Hura uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez homologatu zen.
Irakurketa bakarrean onetsitako eta EH Bildu talde parlamentarioak bultzatutako foru lege horrek xede du eguzki-energiaren autokontsumorako instalazioak sartzea erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko jakinarazpena egitera behartuta dauden kasuetan, argi uzteko, salbuespen oso zehatzak alde batera utzita, era horretako garapenek “ez dutela aurretiaz udal obra-lizentziarik lortu beharko”.
Era horretan amaitu nahi da Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 192. artikuluak arautzen duenari dagokionez dauden interpretazio juridiko desberdinekin, bertan udal ordenantzen arabera uzten baita "obra txikiak" kontzeptua zehaztea, non sartzen ahal baita autokontsumorako eguzki-plaka termiko edo fotovoltaikoen instalazioa.
Horretarako, autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak ezartzeko prozesuan baimen administratiboa eskatzeko aukera ezabatze aldera eta, era horretan “energia garbiago eta merkeagoaren ekoizpena erraztu eta sustatzeko”, 192. artikuluaren 1. apartatuan g) letra berri bat sartzen da. Artikuluak –bere salbuespenekin– honela dio:
192. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten egintzak.
"g) Eguzki-energia aprobetxatzeko autokontsumorako instalazioak, eraikin edo egituren nahiz aparkaleku-pergolen gainean paratuak, potentzia-mugarik gabe.
Honako instalazio hauek ez dira araubide horretara lotuta egonen eta, beraz, obra-lizentzia beharko dute:
– Kultura-intereseko ondasun edo ondasun katalogatu gisa deklaraturiko erakinetan eginak direnak; halakoetan, foru lege honen 62.7.c) artikuluan jasotakoa izanen da aplikatzekoa”.
– Eraikinaren zimenduei edo egiturari eragiten dietenak.
– Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar dutenak, aplikatzekoa den ingurumen-araubidearen arabera."
Talde guztiek proposatuta eta in voce zuzenketa baten bidez, h letra gehitu zaio 192 artikuluaren atal berari, eta honakoa dio:
“h) Eraikinen barruan dauden ibilgailu elektrikoen errekarga-puntuak, non eta ez duten eraginik interes kulturalekotzat deklaratutako ondasunetan edo beste edozein babes-araubideren mende dauden ondasunetan”.
Foru Lege horrek, zioen azalpenean zehazten denaren arabera, “energia-faktura berehalakoan jaisteko modua emanen die autokontsumo hori instalatzen duten kontsumitzaileei eta gainera, handizkako merkatutik energia-eskaria murriztuko da, halatan ekarpena eginez handizkako elektrizitate-merkatuan prezioak beren horretan eusteari bai eta jaisteari ere, ingurumen-egoera hobetzeari eta hidrokarburo-inportazioa murrizteari”.
-
Foru lege proposamena (27. NPAO, 2021-02-26koa)