Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena laguntza-sorta bat bidera dezan autonomoen, enpresa txiki eta ertainen eta nekazaritzako elikagaien enpresentzat
Navarra Sumak Nekazaritzako elikagaien arloko sektore garrantzitsuak arrazoirik gabe 5/2021 Errege Lege Dekretuan jasotako neurrietatik kanpo utzi izana kritikatzen zuen
Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSNren, Geroa Bairen eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin, EH Bilduren eta I-Eren abstentzioekin eta Navarra Sumaren aldekoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “osagarri bat bidera dezan, autonomoentzako, ETEentzako eta nekazaritzako elikagaien arloko enpresentzako laguntza-sorta baten bitartez, konpentsazio bat emate aldera 1039, 1102, 1111, 1113, 1153 eta 4622 EJSN zenbakiak dituzten autonomoei eta nekazaritzako elikagaien arloko industriei, baldin eta gutxienez ere % 30eko fakturazio-beherakada jasan badute”.
Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak Enpresen-kaudimena babesteko 5/2021 Errege Lege-dekretuaren edukira jotzen du, “nekazaritzako elikagaien arloko sektore garrantzitsu baten bazterketa" salatzeko, izan ere, "pandemiari aurre egiteko osasun-neurrietatik eratorritako murrizketek haien errentagarritasunean eragin larria izan baitute".
Zehazki, Horeca kanalaren mende dauden enpresak aipatzen dira (hotelak, jatetxeak eta kafetegiak), % 40 baino gehiagoko beherakada izan baitute beren fakturazioan. Aipatzen dira, esaterako, ardogintza, haragien, fruten eta barazkien prozesatze eta kontserbazioa, haragizko produktuak prestatzea, gaztagintza, edo loreen eta landareen handizkako merkataritza.
Aipatzen denez, honako hauek Errege Lege-dekretuaren aplikazio-eremutik kanpo geratu dira, justifikatzeko inolako arrazoirik adierazi gabe.
-
Mozioa (43. NPAO, 2021-04-13koa)