Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Apirilak 22

Nafarroako Gobernuak ziurtatu du parke eoliko eta fotovoltaikoak ezartzeko eskaerak ugaritzeak ez duela ingurumenari buruzko araudia zalantzan jartzen

EH Bilduren interpelazio bati erantzun dio, zeinak zalantza agertu eta etenaldi bat eskatu duen, ekosisteman izan ditzakeen arriskuei buruzko azterketa sakona egiteko

Nafarroako Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari Mikel Irujok adierazi du indarrean dagoen araudiak “energia berriztagarrien aldeko apustua eta ingurumenarekiko errespetua bateragarriak izatea” bermatu nahi duela, Nafarroan parke eoliko eta fotovoltaiko berriak baimentzeko eskaerak “izugarri” handitzen ari diren honetan.

 

"Araudi oso zorrotza da, eta bi faktore hauek uztartzera behartzen gaitu: berriztagarrien aldeko apustua eta ingurumenarekiko errespetua, prozedura irekiekin eta partaidetzaren bidez, non kolektibo eta udal guztiek parte har dezaketen eta parte hartzen duten", esan du Irujok, EH Bilduren interpelazio bati erantzunez.

 

Kontseilariak azaldu duenez, parke eoliko eta fotovoltaiko berriak baimentzeko 45 eskaera daude gaur egun Nafarroan, eta gehiago iritsiko direla iragarri du; hori dela eta, Garapen Ekonomikorako Departamentuak bere barne ekipoak indartu ditu tramitazioa arintzeko. "Prozedura administratibo baten aurrean gaude, berme juridiko guztiekin", esan du.

 

Mikel Irujok adierazi duenez, "energia berriztagarriaren aldeko apustua argia da Foru Gobernuaren aldetik", baina ohartarazi du Nafarroan kontsumitzen den energiaren % 80 erregai fosiletatik datorrela oraindik.

 

Kontseilariaren ustez, "berriztagarrien inpaktu ekonomikoa izugarria da", eta sektore horrek Nafarroan 7.000 lanpostu zuzen sortzen dituela adierazi du, "gehienak kualifikazio handikoak".

 

Laura Aznalek (EH Bildu) adierazi duenez, bere taldeak "irmoki" babesten du energia berriztagarrien sustapena, eta zalantzarik gabe "sektore estrategikoa” dela uste du, “baina ez edozein preziotan. Gure biodibertsitatea, gure mendiak eta ekosistemak arriskuan daude. Gizarte mugimenduekin partekatzen ditugun kezka asko ditugu", esan du, eta kontseilariaren erantzunak ez duela "lasai" uzten gaineratu du. Hala, "etenaldi bat" egitea eta egoeraren inguruko "azterketa lasai eta sakona" egitea proposatu du.

 

Elena Llorentek (Navarra Suma) adierazi duenez, "kontseilariak eta bere departamentuak ez dute argi zein diren azpiegitura horiek sustatzeko irizpideak", Navarra Sumak ez bezala. Hala, "araudi argia eta sinplifikatua" garatzea proposatu du, "parkeak non instalatu daitezkeen eta non ez adieraziko duen lurzoruen mapa bat sortzea, eta horrelako instalazioak gaur egun eskura daitekeen teknologiarik onenarekin sustatzea, hau da, I+G+Bn inbertsioak egitea".

 

Javier Lecumberrik (PSN) adierazi duenez, klima aldaketari aurre egiteko konpromisoak betetzeak "ezinbestea energia-iturri garbiak erabiltzera garamatza, eolikoak eta fotovoltaikoak, hain zuzen". Iturri horiek "ingurumenean nolabaiteko eragina" dutela onartu du, "ukaezina da", baina Gobernuko departamentuen arteko "tentsioetatik" oreka atera behar dela gaineratu du.

 

Maria Solanak (Geroa Bai) uste du Nafarroan “bide egokian gaudela eta bide horretatik jarraitu behar dugula, eta gure esku dauden baliabide guztiak jarri, ahalik eta erritmo onenean aurrera egiteko. Nafarroako Gobernuak ildo horretan lan egiteko aurrekontua eta langileak ditu”.

 

Ainhoa Aznarezek (Podemos-Ahal Dugu) adierazi duenez, "beharrezkoa da energia ekoizteko sistema aldatzea, zerbitzua lehenetsiz enpresen onuraren aurretik. Ekoizpena lurraldearen beharrei erantzutera bideratu beharko litzateke, eta ez gure baliabide naturalak enpresa jakin batzuen onurarako erabiltzera. Dauden instalazioak optimizatu behar dira parke berriak baimendu aurretik. Eraikuntzaren 'boom'-etik eta higiezinen burbuilatik zerbait ikasi dugula espero dut".

 

Azkenik, Marisa de Simonek (Izquierda-Ezkerra) adierazi duenez, "argi dago gai honetan jardun behar dela", baina "ez da edozein preziotan jokatu behar". Ezetz esaten diegu makrogune energetikoei, fotovoltaikoei zein eolikoei, kapital espekulatiboetan oinarritutako enpresa gutxi batzuen esku baitaude".