Nafarroako Gobernua premiatzen da Arre eta Atarrabia lotzen dituen NA-2517 errepideko lurrazpiko pasabidea alda dezan
Eremu horretako kohesioa handitzeko eta "puntu beltz" horren arriskuak saihesteko behin betiko konponbidea eskatzen da
Lurralde Kohesio batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez (Izquierda-Ezkerrak ez du saioan parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “NA-2517 errepideko 1. kilometroa aldatzeko proiektu bat taxutu eta gauzatu dezan, lurrazpiko egungo pasabidearen ordezko bat egiteko”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “dagokion proiektua gauzatzen hasteko behar den diru-zuzkidura ezar dezan”. Atal honen aurka bozkatu dute PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk.
Zioen azalpenean, EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Arre eta Atarrabia lotzen dituen lurpeko pasabidearen "gabeziak" eta "segurtasun eza" aipatu ditu, oinez komunikatzeko bide nagusia izanik, eremu horren kohesio handiagoa ekarriko duen eta arriskuak saihestuko dituen behin betiko konponbidea eskatzeko.
"Ur-filtrazioak, argiztapen eskasa edo zoladura irristakorra baldintza meteorologikoak txarrak direnean" dira pertsona askok lurpeko pasabidea ez erabiltzeko eta errepide bazterretik ibiltzea aukeratzeko arrazoietako batzuk, "kotxeek harrapatzeko arriskuarekin eta horrek oinezkoentzat eta gidarientzat dakarren ezbehar-arrisku handiarekin".
Virginia Magdaleno (PSN) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Javier García, Alberto Bonilla, Isabel Olave, Miguel Bujanda, Jorge Esparza, Iñaki Iriarte (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Ramón Alzórriz (PSN), Pablo Azcona, Mikel Asiain (Geroa Bai), Laura Aznal, Adolfo Araiz (EH Bildu) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu).