Nafarroako Gobernua premiatzen da Tokiko Gazte Politika Koordinatzeko Batzordea sor dezan
Jarduera iraunkorrago, egonkorrago eta espezializatuago bat lortzeko tokiko zerbitzuekin lankidetza areagotzeko deia egiten da, 2021-2023 aldirako Estrategian oinarrituta
Parlamentuko osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Gazteriari buruzko Foru Legearen 6.3 artikuluan ezarritakoa gara dezan Tokiko Gazte Politika Koordinatzeko Batzordearen sorrerari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Nafarroako toki entitateek gazteriaren arloan lankidetza administratiboa izateko organo gisa, eta udalekiko egiazko koordinazio bat artikula dezan gazteei zuzendutako zeharkako politika publikoei dagokienez”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin koordinatua lan egin dezan tokiko esparruan gazteriarentzako aisia-alternatibak bermatzeko, eta jarduerak garatzeko gune seguruak eskain ditzan, onartuta hezkuntza-aisia, aisialdia eta hartatik heldu den erkidego-garapena ere jorratu behar direla bizi dugun egoera honetan, kontuan hartuta betiere COVID-19ak eragindako inguruabarrak direla-eta araudiak ezartzen dituen murrizketak”.
Azkenik, hirugarren atalean, Nafarroako toki entitateak premiatzen dira “gazteriarekiko elkarrizketa-guneak berma ditzan heldu udari begira aisia-alternatibak sustatzeko, osasun-egoerak ez baitu ahalbidetuko udan ohikoak diren jarduerak normaltasunez garatzea. Horretarako, inplikatuta dauden erakundeen bidez, beharrezkoa den aholkularitza emanen da, udalek, gazte elkarteek eta gazteriaren arloko elkarte profesionalek beren jarduerak egin ahal izan ditzaten”.
Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak sustatutako ebazpenak tokiko gazte politiken koordinazio eraginkor bat aldarrikatzen du, eta horretarako, batzorde bat sortzeko eta arautzeko eskaera egiten du, Gazteriari buruzko Foru Legeak ezartzen duen bezala, "toki-entitateen parte-hartzea handitzeko eta, bide batez, sareko lan-sistema bat sustatzeko”.
Sustatzailearen ustez helburua “jarduera iraunkorrago, egonkorrago eta espezializatuago bat dinamizatuko duten lantaldeak sortu ahal izatea” da, Gazteriari buruzko 2021-2023 aldirako Foru Estrategiaren ikuskerarekin bat eginez. Bertan defendatzen da gazteen bizi kalitatea hobetzeko ardatzetako bat dela “lurralde kohesioa, eta ikuskera deszentralizatu eta kolaboratiboa hartzen du tokiko gazteria-zerbitzuekiko lankidetza areagotzeko”.
-
Mozioa (55. NPAO, 2021-04-30ekoa)