Noiz argitaratua Astelehena, 2021.eko Maiatzak 17

Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Homofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin

Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari eskatzen dio nazioarteko zuzenbidearen araberako konponbide politiko bat aldeztu eta erraztu dezan Mendebaldeko Sahararentzat

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Homofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren oroitzarekin. Lehendakaritzak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Homofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin, eta aitortu egiten ditu pertsona orori sexu-orientazioaren nahiz sexu- edo genero-identitatearen arloan dagozkion eskubideak.

 

2. Nafarroako Parlamentuak aldarri egiten du giza eskubideen errespetuari eta pertsona-izaerari beste edozein zirkunstantziaren gainetik lehentasuna ematearen alde.

 

3. Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten ditu edozein diskriminazio eta pertsonen askatasun sexualaren aurkako edozein eraso, non ere gertatzen den.

 

4. Nafarroako Parlamentuak berriro ere defendatzen du hezkidetzak daukan balioa berdintasunean, sexu-askatasunean eta genero-ikuspegian hezteko, eta giltzarritzat jotzen du LGTBIfobiaren aurkako borrokarako eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentziorako".

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari eskatzen baitio nazioarteko zuzenbidearen araberako konponbide politiko bat aldeztu eta erraztu dezan Mendebaldeko Sahararentzat. Navarra Sumak, PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"1.- Aitortzen dugu Espainiak lotura historiko eta afektiboa daukala Mendebaldeko Saharako gatazka politikoan; horrenbestez, Espainiako Gobernuari eskatzen diogu Nazio Batuen Erakundean, Europar Batasunean eta gainerako nazioarteko erakundeetan nazioarteko zuzenbidearen eta NBEren ebazpenen araberako konponbide politiko bat ekinbidez aldeztu eta erraztu dezan, eztabaida eta liskar orotatik urrun egon behar duen estatu-politika baten osagai gisa, horiek ez baitute ezertan laguntzen behar den konponbide politikoari begira. Erreferentziazkotzat jotzen segitzen dugu Auzitegi Nazionalaren harako auto hura, Espainia "de iure administrazio-potentzia" jotzen zuena Mendebaldeko Sahararekiko.

 

2.- Kontuan hartzen ditugu Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak jaulkitako epaiak, Europar Batasunaren eta Marokoren arteko elkartze-akordioan oinarrituak izanik Mendebaldeko Saharari erasan ahalko lioketen akordioei buruzkoak.

 

3.- Oso garrantzitsuak izan dira parlamentuen taldeartekoen iraganeko konferentzietan iritsitako akordioak, eta berresten ditugu onetsiriko ondoz ondoko adierazpenak, batik bat 2020an Santanderren onetsirikoa, zeinetan, besteak beste, aldarrikapen argi eta garbia egiten baitzen, Nazio Batuen ebazpenetan eta nazioarteko zuzenbidearekiko errespeturik handienean oinarrituta, Saharako herriak erreferendum bidez bere autodeterminaziorako daukan eskubide zilegiaren alde, duela zenbait hamarkadatatik dirauen deskolonizazio-prozesuaren azken urrats gisa.

 

4.- Mendebaldeko Saharak bizi duen egoerarekiko kezka adierazten dugu, zeinak arriskuan jartzen baitu 1991ko Su-eten Akordioa, Nazio Batuek babestua eta Marokok eta Fronte Polisarioak izenpetua.

 

5.- Alderdiei eskatzen diegu ez urduritzeko eta ez dezaten ezein bortxazko, probokaziozko edo indarrezko ekintzarik egin, Mendebaldeko Saharako prozesu politikoa bultzatzen segitzearren harturiko konpromisoei atxikitzeko borondate osoari euts diezaioten, eta konpromisoa har dezaten elkarrizketa- eta negoziazio-prozesuarekin aurrera jarraitzeko, halatan MINURSO-Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Nazio Batuen Misioarekin su-etena dela-eta hitzarturiko akordio militarrak osoki errespetaturik, kalterik ez egitearren negoziazioei edo Mendebaldeko Saharako eta erregioko egoera are gehiago kolokan ez jartzearren.

 

6.- Eskatzen dugu errespeta daitezela 1991z geroztik indardun diren Su-eten akordioak, eta berresten dugu guztiz aldezten ditugula MINURSO-Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Nazio Batuen Misioaren ahaleginak, hark bere eginkizuna osoki eta erabakitasunez bete dezan. Halaber, adierazten dugu babestu egiten dugula Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren erabakia, haren agintaldia 2021eko urriaren 31ra arte luzatzekoa, eta Idazkari Nagusiari eskatzen diogu lehenbailehen izenda dezan bere Mendebaldeko Sahararako ordezkari pertsonala, behar bezala bete dezan bere egitekoa.

 

7. Eskatzen dugu jarraipena eman dakiela elkarrizketa eta negoziazio iraunkor, sinesgarri eta eraikitzaileei, gidari direla bai Nazio Batuak bai Mendebaldeko Sahararako Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren ordezkari pertsonal berri bat, ibilbide-orri eraginkor batekin, helburu zehatzekin eta epe argiekin, erabat sinetsita gaudela fede onez eta modu eraikitzailean gauzaturiko elkarrizketaren, negoziazioaren eta akordioaren bidez soilik, nazioarteko zuzenbideari eta NBEren ebazpenei jarraikiz, jorra daitekeela erregioko bake, elkarbizitza, konfiantza, segurtasun eta aurrerapen ekonomiko eta sozialerako bidea.

 

8. Aldeaniztasunezko ikuspegi batetik adierazten dugu aldeztu egiten ditugula Nazio Batuen Erakundeak eta haien Idazkari Nagusiak Mendebaldeko Saharako gatazka politikoarentzako konponbide bat aurkitzeko asmoz eginiko ahaleginak, oso nabarmenki areagotu beharrekoak eta alderdien nahiz inguruetako herrialdeen laguntza jaso beharrekoak.

 

9.- Azpimarratzen dugu ezinbestekoa dela konponbide politiko justua eta iraunkorra, Nazio Batuen ebazpenen araberakoa eta Nazio Batuen Gutunaren printzipio eta asmoen esparrukoa. Alderdi guztien arduraren aldeko deia egiten dugu, konponbidea ikuspegi aldeanitz eta eraikitzaile batetik bilatzeko.

 

10.- Adierazten dugu erabat sinetsita gaudela ezen adierazitako printzipioen araberako konponbide politikoa oreka- eta egonkortasun-faktorea dela erregioan; hil ala bizikoa da hori Mediterraneoarentzat eta Europarentzat berarentzat. Ezinbesteko deritzogu zona horretako harremanak, etorkizunari begira, elkarren errespetu eta errekonozimenduan eta aldebiko nahiz alde anitzeko lankidetzan oinarrituta egoteari, eta nabarmentzekoa da ezinbestekoa dela liskarraren eta lehiaren logikatik guztiz alderantzizko beste batera, lankidetzan eta laguntzan oinarritura, igarotzea, erregio osoari onura ekarriko diona bakearen, giza eskubideen, egonkortasunaren, segurtasunaren eta aurrerabide ekonomiko eta sozialaren alorretan.

 

11.- Ohartarazten dugu Mendebaldeko Sahararen aferari soluzio politikoa ematea oinarrizkoa dela Magrebeko herrialdeen arteko lankidetza erregionalerako eta erregioaren egonkortasun, segurtasun eta oparotasunerako, nahitaezkoa baita Mediterraneoarentzat, Espainiarentzat eta, horrenbestez, Europaren osotasunarentzat.

 

12.- Espainiako Estatuko erakunde publikoak premiatzen ditugu eutsi ez ezik areagotu ere egin dezaten elkartasunezko laguntza humanitarioa, bai Tindufeko kanpalekuetan errefuxiaturiko biztanleriari zuzendutakoa, bai eta lurralde okupatuetako saharar biztanleentzakoa ere. Nazioarteko eta Europako erakundeei dei egiten diegu ahal den heinean gehitu dezaten beharrezkoa den laguntza humanitarioa, halatan elikagai-, ur-, bizileku- eta medikuntza-beharrizan oinarrizkoei erantzuten laguntzeko, saharar herriaren bizi-baldintzak hobetzeko eta haien giza eskubideen alde.

 

13.- Gure eskerrik onena eta errekonozimendua adierazten diegu saharar herriarekiko zeregin humanitario eta solidaritatezkoan diharduten administrazio eta erakunde sozial guztiei, eta eskatzen diegu ematen duten laguntzari euts diezaioten eta ahal den heinean laguntza hori areagotu dezaten, giza eskubideekin eta solidaritatearekin gizarte zibilak eta administrazioek harturiko konpromisoaren agerpen goraipagarria den aldetik.

 

14.- Eskerrak ematen dizkiegu egunero-egunero saharar herriarekiko adiskidetasunean diharduten elkarte, federazio eta kolektibo solidario eta sozialei, eta halaber aitortzen dugu haurrei harrera egiteko "Oporrak bakean" programaren funtsezko garrantzia, saharar eta espainiar familien arteko maitasun- eta hurbiltasun-harremanen eta solidaritatearen erakusgarririk behinena izaki.

 

15.- Premiatzen dugu Saharar Emakumeen Batasun Nazionalarekiko gure lankidetza politikoa indartzera, haiek errefuxiatuen kanpalekuetan betetzen duten zeregin oinarrizko eta erabakigarria dela-eta. Eta, aldi berean, dei egiten dugu haien ikusezintasun-egoerarengatik, giza eskubideen urraketaren biktima baitira. Aipamen berezia egin beharra dago lurralde okupatuetan desagerturiko emakumeei buruz.

 

16.- Hedabideek oinarrizko zeregina betetzen dute; horregatik, eskatzen dugu Mendebaldeko Saharako gatazkari emandako tratamendua Espainiako gizarteak ematen dion garrantzi eta munta berekoa izan dadila.

 

17.- Gure parlamentuen eta Saharako Parlamentuaren arteko harreman instituzional eta politikoak errazteko konpromisoa hartzen dugu. Horregatik dauka gure sostengua Aljerreko azken Konferentzian saharar herriaren alde aurkeztu zen parlamentari-sareak.

 

18.- Espainiako Gobernuari eskatzen diogu lan egin dezala, bai Europaren politikatik bai bere aldebiko harremanetan, hegoaldeko auzotartasunari bultzada emateko, Bartzelonako Prozesua hasi zenetik hogeita bost urte igaro direnean. Horretarako, apustu egin behar du Mediterraneoko bi ertzetako herritarrentzako aukera berriak sortzearen alde. Halaber dei egiten diogu aitzindari izan dadin lankidetzan eta elkarrizketan, horiexek eskatu direnez gero berriki Batzordeak eta Goi Ordezkariak egin duten baterako komunikazioan, hegoaldeko auzo-herrialdeekiko elkartze berrituari buruzkoan".

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat baztertu du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak salatu egiten baitu kaleetan zilegitasunez protesta egiten dutenen aurkako errepresio basa eta justifikaziogabea, eta Kolonbiak Espainian duen Enbaxadari kezka sakona helarazten baitio errepresioagatik eta giza eskubideen urraketagatik. Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek alde bozkatu dute, eta Navarra Sumak aurka bozkatu du.

 

Baztertutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"1.- Nafarroako Parlamentuak salatu egiten du kaleetan zilegitasunez protesta egiten dutenen aurkako errepresio basa eta justifikaziogabea, eta Kolonbiak Espainian duen Enbaxadari kezka sakona helarazten dio ordena publikoko indarrek manifestarien aurka eginiko errepresioagatik eta haien giza eskubideak urratzeagatik, 2021eko apirilaren 28az geroztik izan diren herritar-protestako mobilizazioetan.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Kolonbiako herriekiko bere solidaritatea adierazten du, haiek beren bizi-baldintzen egiazko hobekuntzaren alde eginiko bidezko eskaerei eta bakezko eta justizia sozialeko herri bat lortzearen alde exigitzen dutenari dagokienez, eta halaber salatzen du mobilizazioekin zerikusirik ez duten zenbait taldek indarkeriaren goraldia erabiltzea ondasun amankomunen aurkako arpilaketak eta erasoak egiteko, bai eta ekintza horietaz egiten den erabilera ere, protesta sozial zilegia kriminalizatzekoa.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak exigitu egiten dio Kolonbiak Espainian daukan Enbaxadari, bide diplomatiko eta komunitarioak erabiliz berma dadin Kolonbian manifestazio baketsurako eskubidea eta beharrezko diren ikerketak egin daitezen, erantzukizun guztiak zehazteko.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak exigitu egiten dio Kolonbiak Espainian daukan Enbaxadari, dagoen gatazkarako konponbide bat aurki dadin bide horiexek berak erabiliz, Kolonbiako Gobernuaren eta herrialdeko solaskide politiko, sozial eta ekonomikoen arteko elkarrizketaren bitartez, printzipio demokratikoek mugarritzen duten esparruaren barrenean.

 

5.- Nafarroako Parlamentuak aldeztu egiten ditu kolonbiar herritarrek Nafarroan beren herrialdeko eskubide sozialen alde eginiko mobilizazioak, betiere errespetatuz gero neurri sanitarioak ea ordena publikoari dagozkionak".

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat baztertu du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak salatzen baititu Israelek palestinar herriaren aurka egin dituen giza eskubideen urraketak. Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek alde bozkatu dute, eta Navarra Sumak aurka bozkatu du.

 

Baztertutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak:

 

1. Salatu egiten ditu Israelek palestinar herriaren aurka egin dituen giza eskubideen urraketak. Ildo horretatik, nazioarteko komunitateari dei egiten dio eraso militar hori geldiaraztera eta elkarrizketaren eta negoziazioaren bideei berrekitera. Halaber aldezten du Mahmud Abbas palestinar presidenteak eginiko eskaera, nazioarteko bake-konferentzia bat egitekoa, Europako erakundeen laguntzarekin.

 

2. Nakba-ren 73. urteurrenean, bipil salatzen eta errefusatzen du Israelek Palestinako lurraldeak ilegalki okupatzea, eta solidaritatea adierazten du palestinar herriarekin, bai eta haren giza eskubideen defentsarekiko konpromisoa ere, nazioarteko zuzenbideak xedatzen duen moduan.

 

3. Adierazten du bere nahia dela nafar erakundeek sendotu egin dezaten Palestinarentzako laguntza humanitarioa, haren egoera pandemiaren ondorioz are okerragoa den une honetan".