Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Maiatzak 27

Nafarroako Parlamentuak Unai Beroiz fotokazetariaren "Begirada desberdin bat" erakusketa inauguratu du, Pobreziaren kontrako Nafarroako sareak sustatua

Ekainaren 10era arte egonen da ikusgai, Legebiltzarraren egoitzan, eta bisitaria zaurgarritasun-egoera ezberdinen inguruan eraikitako hamabost bizipenen erretratuaren aurrez aurre ipintzen du

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek gaur arratsaldean Una mirada diferente-Begirada desberdin bat erakusketa inauguratu du, Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sareak sustatua, eta asmotzat duena Unai Beroizen objektiboaren bidez erretratatzea zaurgarritasun-egoera ezberdinen inguruan eraikitako bizipenak".

 

Lehendakariaren esanetan, Los Nadiesekin jorratzen hasitako bidean barneratzen den erakusketa dugu: "inoreztatuak, ahaztuak eta baztertuak izan diren zenbait pertsonaren bilduma bat, oraingoan beste aurpegi batzuen pean bilduak, helburutzat berriro harturik historiak begirada desberdin batetik kontatzea. Segitzen dugu aurpegia jartzen klixeak eta aurreiritziak hausten dituen jendeari, orotariko diskriminazioen eta desberdinkerien aurka borrokatuz gizarte hobea eraikitzen laguntzearren hautsi ere".

 

Horiek horrela, eta nabarmendu ondoren ezen, "Nafarroan konparazioz egoera hobea den arren", ez dagoela zertan "Gazara, Mediterraneora edo Ceutara joan pobrezia eta bazterketa aurkitzeko", Unai Hualdek dei egin du "hipermetropia horri amaiera ematera, gure kaleetan daukagunari ere erantzuteko. Parlamentu honen betebeharra da politikoki lan egitea herritar guztien bizi-baldintzak hobetzeko. Erakusketa hau bada, era berean, sareak abiarazitako Jantzi inklusioaren betaurrekoak kanpainarekin guk ere bat egiteko modua. Nabarmendu egin nahi dut, bidenabar, sareak betetzen duen eginkizuna".

 

Ekitaldian, lehendakariak argazkietako protagonisten ekarpena azpimarratu du; kasu guztietan, "bizi-irakaspen den historia bat atzean daramaten pertsonak. Esker mila zuen pertseberantziarengatik. Eskerrak, halaber, Unai Beroizi, parlamentu-jardunaren berriemaile gisa maiztasunez aritua eta orain beste langintza aipagarri batean ageri zaiguna: gizartegintzan".

 

Unai Hualdek amaitu du Parlamentuaren prestasuna berretsiz, "gizarte-erakundeekin lankidetzan segitzekoa, haien lana ikusgai egiteko eta, gainera, gizarte hobea, zuzenagoa, ekitatiboagoa eta solidarioagoa eraikitzen jarraitzeko. Eskerrik asko zuen pertseberantzia eta borondate onarengatik".

 

Hori baino lehen, Pobreziaren kontrako Nafarroako Sareko lehendakari Alberto Urteagak eta komunikazio teknikari Jaione Eugik (gazteleraz eta euskaraz hurrenez hurren) ohartarazi dute: "Egun garrantzitsua da Sarearentzat, aurpegia jartzen diegulako orotariko diskriminazio eta desberdinkerien aurka egunero egiten dugun borrokari arrazoia eta motibazioa ematen dioten pertsona askori. Erakusketa hau ez dugu besterik gabeko argazki-multzo bat; askoz ere gehiago ere bada: aurrerapauso hori emateko gonbidapena, horixe baita bizi garen mundua beste begi batzuekin ikusten hastea eta eraldatzea ahalbidetzen diguna".

 

Urteagak Unai Beroizentzat ere izan ditu esker oneko hitzak, historia horiek "doitasunez eta sentiberatasunez" erretratatzeko beharrezkoa den begirada txertatzeaz arduratzeagatik. "Esker ona beren bizipenak partekatu nahi izan dituzten pertsonenganaino hedatzen dugu, haien eskuzabaltasunarengatik. Ez zaie axola izan aurpegia ematea beren bizitza nolakoa izan den guri kontatzeko, gure gizartearen aberastasuna ikus dezagun eta gizarte-eraldaketa bidezkoago, ekitatiboago eta solidarioago baten alde borrokatzen segi dezagun".

 

Silvia Jiménez erakusketako argazki bateko protagonista da, eta azpimarratu nahi izan du txip-aldaketaren garrantzia, "ezer epaitu aurretik hori ezagutzekoa". "Ezagutzea oinarrizkoa da pertsonak elkarrengandik aldentzen dituzten estereotipoak apurtzeko".

 

Mintzaldiak amaiturik, parlamentariek Pobreziaren kontrako Nafarroako Sareko Jaione Eugi komunikazio-teknikariaren eta Unai Beroiz argazkilariaren azalpenak profitatu ahal izan dituzte, Parlamentuko Atalondoan paraturiko erakusketa osatzen duten obrak ikusteko egin duten ibilbide gidatuan.

 

Una mirada diferente-Begirada desberdin bat erakusketa ibiltaria formatu handiko 15 argazkiz osatuta dago. Zaurgarritasun-egoera desberdinen irudiak azaltzen dituzte. Obren osagarri modura, Inklusioaren betaurrekoak sentsibilizazio-kanpainako afixa batzuk paratu dira, gure gizarteko desberdinkeriak eta bidegabekeriak ikusten uzten ez duen "miopia soziala" amaiarazteko. Parlamentutik pasa ondoren, bilduma Tutera, Viana eta Burlatara eramanen da, besteak beste.

 

Erakusketa Parlamentuaren egoitzaren atalondoan egonen da ikusgai ekainaren 10era arte, 15:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera (ostegunetan izan ezik). Larunbatetan, 11:30etik 14:00etara.

 

Ohi bezala, erakusketa berri hau Kultur Atrio programan kokatzen da, zeinaren bidez Parlamentuak 2016ko otsailaz geroztik bere ateak kulturari eta artistei ireki eta aldezpena ematen baitie.

 

Unai Beroiz, freelance fotokazetaria, berriki Budapest International Foto Awards sari baten hartzaile izan da, "Hain urrun, hain hurbil" bere lanarengatik, zeinean bere 90 urteko aitona Miguel erretratatu baitu, begitarte irribarretsua eta esku bat ezkaratz bateko kristalaren kontra zeukala, kristalaren beste aldean berak bere eskuari eutsirik, konfinamendu latzaren egunerokotasuna islatzen zuen irudi batean. Argazkiak BIFA2020 sarietako zilarrezko sari bat lortu du, Editoriala-Aktualitatea kategorian.

 

Ekitaldia Legebiltzarraren egoitzako atalondoan izan da, eta besteak beste bertaratu dira Carmen Maeztu, Eskubide Sozialetako kontseilaria, Andrés Carbonero, Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusia eta Legebiltzarreko talde ezberdinetako parlamentariak.