Noiz argitaratua Ostirala, 2021.eko Ekainak 18

Estatuko Gobernua premiatzen da egin beharreko zuzemen guztiak egin ditzan Frantziako Gobernuaren aitzinean, Francori Ohorezko Legioaren saria erretira dakion

Herritarrekiko Harremanetako Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Estatuko Gobernua premiatzen baita “egin beharreko zuzemen guztiak egin ditzan Frantziako Gobernuaren aitzinean, Francisco Franco diktadoreari Ohorezko Legioaren saria erretira dakion”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Jean Ocaña erbesteratu errepublikanoen semearen aldarrikapena bere egiten du, urteak baitaramatza Frantziako Gobernuari eta Ohorezko Legioaren kudeatzaileei eskatzen Francisco Franco diktadoreari sari hori ken diezaioten, birritan emana eta berretsia (1928an ofizial gisa, eta 1930ean komandante gisa). Orain arte “alferrik” izan dira saiakera guztiak.

 

Azaltzen denez, bai Ohorezko Legioaren Kantzilertza Handiak bai Parisko Administrazio Auzitegiak errefusatu egin dituzte egin diren eskabide guztiak, titulu bat heriotzaren ostean kentzea erakundearen erregelamenduaren aurkakoa dela argudiatuta. Hori dela eta, Nazio Batuen Erakundearen 47/133 Ebazpena aipatzen da, Pertsona Guztiak Desagerpen Behartuen aurka Babesteari buruzko Adierazpena onetsi baitzuen, eta adierazi zuen desagerpen behartuek zuzenbidearen nagusitasuna, giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak errespetatzen dituen gizarte ororen balio sakonenak ukitzen dituztela, eta haien praktika sistematikoa gizateriaren aurkako krimena dela”.

 

Sustatzaileak dio “desagerpen behartuak gizateriaren aurkako krimena izateagatik soilik, nahiz eta beste arrazoi asko ere eman litezkeen, Frantziako estatuak Ohorezko Legioaren saria kendu beharko lioke diktadoreari”.

 

Jabi Arakama (Geroa Bai) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Ángel Ansa, Iñaki Iriarte, Isabel Olave, Carlos Pérez-Nievas, Juan Luis Sánchez de Muniáin, José Suárez (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Inma Jurío, Javier Lecumberri (PSN), Mikel Asiáin (Geroa Bai), Arantxa Izurdiaga, Bakartxo Ruiz (EH Bildu) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu).

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (69. NPAO, 2021-05-25ekoa)