Nafarroako Gobernua premiatzen da Oinarrizko Laguntzari buruzko Ekintza Plan bat gara dezan
Osasun Batzordean onetsia. 2021eko ekainaren 15ean
1.- Nafarroako Parlamentuak Osasun Departamentua eta haren mendeko erakunde autonomoak premiatzen ditu honako hauek egin ditzaten 2021eko bigarren seihilekoan:
- Oinarrizko Osasun Laguntzako Ekintza Plana garatu, aurrekontu-konpromiso eta guzti, aldaketa estruktural eta funtzionalak lortzera bideratutako helburuak zehatzago definituta, kronograma eta ebaluazio-adierazleak zehaztuta. Hori dena ahalik eta gehiena adostuta Oinarrizko Osasun Laguntzako profesionalekin.
- Osasun etxe guztietan bermatu arreta presentziala pixkanaka % 60ra iritsi arte areagotuko dela, eta kontsulta-eskari espontaneo guztiak 72 ordu pasa baino lehenago artatuko direla. Eskaria kudeatzeko, irisgarritasuna hobetzeko eta arreta presentziala protokolizatzeko plan bat abian jarri.
- Azterlan bat egin Oinarrizko Osasun Laguntzaren arloko eta ospitale-arloko profesionalen arteko ordainsari-diferentziak identifikatzeko, ordainsari horiek parekatzeko xedez, eta kudeatzaileak ordainsariei buruzko proposamen bat egin dezan.
- Barneko mediku egoiliarrak eta erizain-graduazio berriak kontratatzeko plan bat, bermatze aldera haien fidelizazioa eta gure erkidegoan gera daitezen prestakuntza-aldia amaitzen dutenean.
- Herritarrei zuzendutako komunikazio-estrategia bat taxutu, bideratua Oinarrizko Osasun Laguntzako lana balioan jartzera, zerbitzu-erabilera egokira (osasun-karpeta, sartzeko modalitate berriak), profesionalekiko eta haien antolamenduarekiko konfiantza sustatzera, eta haien inplikazioarekiko eta parte-hartzearekiko konpromisora.
- Oinarrizko Osasun Laguntza sendotze aldera 2020an kontrataturiko langileak (ehundik gora, bereziki erizainak) Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeetan integratu, erizaintza arloko lan- eta antolamendu-eredu berriekin.
- Osasun-laguntza jarraitu eta urgentearen erreforma-plana aurkeztu.
2.- Nafarroako Parlamentuak Osasun Departamentua eta haren mendeko erakunde autonomoak premiatzen ditu honako hauek egin ditzaten 2022ko lehen seihilekoan.
- Plantillak dimentsionatzeko proposamen bat egin oinarrizko eskualde bakoitzerako, etxez etxeko laguntza nahiz gizarte-egoitzetakoa barne hartuko dituen zerbitzu-zorro bat bermaturik, bai eta osasunaren sustapena, arreta komunitarioa eta ikastetxeetakoa bermatuta ere. Oinarrizko osasun eskualde /barrutien agregazio-mailan aurreikusirik lanbide-profil berriak atxikitzea Oinarrizko Osasun Laguntzan: psikologia, fisioterapia, osasun publikoa eta osasun-kudeaketa.
- Beharrezkoak diren administrazio-izapideak egitea plantilla organikoan sendotze aldera COVID-19aren larrialdirako jada kontratatutako erizaintzako 110 lanpostuak, administrazioko 14 langileak eta gizarte-laneko 5ak, jada 2021ean OOLTetan txertatuak, betiere aurretiaz zehazturik atxikitze-zentroak, funtzioak eta eginkizunak.
- Enplegu-eskaintza publikoaren deialdi bat egin 2022an, Oinarrizko Osasun Laguntzan dauden lanpostu hutsak sendotzeko.
- Beharrezkoak diren araudi-aldaketak sustatu, osasun-mailetan sartze aldera gizarte-laneko langileak eta OOLTetako administrazio-langileak.
- Aurrekontu-konpromisoa, Nafarroako Gobernuaren aurrekontu orokorretan Oinarrizko Osasun Laguntzara bideratutako finantzaketa bi urtean izan dadin Osasun Departamentuaren aurrekontu osoaren ehuneko 20koa, osasun arlora bideratutako funtsak areagotzearen testuinguru global baten barruan, erreferentzia gisa BPGa eta aurrekontu orokorrak hartuta, egungo Gobernuaren programa-akordioan jasotzen den moduan.
- Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako Oinarrizko Osasun Laguntzako langileen araubide bereziari buruzko 11/1992 Foru Legearekin lotutako araudia aldatzeko proposamena Nafarroako Parlamentuari aurkeztu, ordainsari-osagarriak aldatuta, Ospitaleko Laguntzakoekin parekatzeko.
- Osasunari buruzko foru lege berri baten zirriborroa aurkeztu Nafarroako Parlamentuari, osasun-laguntza unibertsal, ekitatibo eta kalitatezkoa bermatzeko, ezertan galarazi gabe premiazkoak eta lehentasunezkoak diren araudiak aurreratu ahal izatea, hori lagungarria izanez gero Osasun Laguntzaren Erronkaren helburuak eta mozio honetako gainerako puntuetakoak aplikatzeko.
PSN, Geroa Bai eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztu dute.
PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsi da.