Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Ekainak 23

Nafarroako Gobernua premiatzen da hilekoaren pobreziari buruzko azterlan espezifiko bat egin dezan

Legebiltzarrak Exekutiboari eskatzen dio babes ditzan hilekorako higieneko produktuen kostua murriztea edo doan eskuratzea dakarten estatu-ekimen guztiak

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “pobreziaren aurkako politika integralak garatzen jarrai dezan, azpimarra berezia jarriz pobreziaren feminizazioarekin amaitzen lagunduko dutenetan”.

 

Onetsitako erabakiak badu bigarren puntu bat, zeinean foru exekutiboari dei egiten zaion “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, arloko adituekin eta gainerako gizarte-eragileekin lankidetzan, berariazko azterlan bat egin dezan, ahalik eta lasterren, gure Erkidegoko pobrezia menstrualari buruz, ikuspegi intersekzional eta integral batetik, non jorratuko baitira pobreziara daramaten askotariko faktoreak eta pobrezia horrek emakumeen eta kolektibo zaurgarrienen bizitzan eta giza eskubideetan duen eragina. Azterlan horrek diagnostiko gisa balioko du, eta egin beharreko politika publikoei buruzko gomendioak eta/edo jarraibideak bilduko ditu”.

 

Era berean, hirugarren atal batean, Nafarroako Gobernuari dei egiten zaio “aipatutako azterketa/diagnostikoan oinarrituta, beharrezkoa bada eta Nafarroako gainerako administrazioekin eta gaian adituak diren gizarte erakundeekin lankidetzan, plangintza arruntean txerta dezan beharrezkoa den ikuspegia higiene menstruala bermatzeko eta bai pobrezia bai sexu- eta ugalketa-eskubideen egikaritzako desberdintasuna sortzen duten egiturazko faktoreak desagerrarazteko, eta plangintza horretan neurriak zehaztu daitezen osasuna, sexu-hezkuntza integrala eta herritarren heziketa eta sentsibilizazioa sustatzeko eta gorputz-autonomia eta sexu- eta ugalketa-eskubideak sustatu, babestu eta defendatzeko".

 

Laugarren puntu batean foru exekutiboa premiatzen da “bere eskumenen esparrutik ekimenak bultza ditzan, eta babestu ditzan Estatuarenak izanik higiene menstrualeko produktuen kostu-murrizketa dakartenak, produktu horiei BEZ oso murriztua aplikatzea aldeztuz”.

 

Azkenik, bosgarren puntu bat gehitzen da, non Nafarroako Gobernua eta Espainiako Gobernua premiatzen baitira txosten bat egin dezaten "tasa arrosa" deitutakoak Nafarroako eta Espainiako merkatuetan duen norainokoari eta eraginari buruz eta, kasua bada, txosten bat egin dezaten aipatu tasa kentze aldera eskumen-esparru ezberdinetatik egin litezkeen jarduketa edo ekintza politiko nahiz instituzionalei buruz”.

 

Behin betiko testua ordezteko zuzenketa baten emaitza da, Podemos-Ahal Dugu eta I-E, ekimenaren titularrek aurkeztua PSN, Geroa Bai eta EH Bildurekin batera.

 

Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak sustatutako mozioak arreta hilekoaren pobrezian -hileko odol-galera jasotzeko produktu egokirik ez izatea, xaboi eta ur edangarririk ez izatea, eta garbitzeko toki seguru eta saneaturik ez izatea- jartzeko deia egiten du. Izan ere, arazo hori areagotu egin da pandemiaren ondorioz, ez baita ziurtatzen hilekorako higieneko produktuak premia handiena duten pertsonen artean banatuko direnik, “produktu horiek eskuratzeko oinarrizko beharra ikusezin bihurtu delako”.

 

Sustatzaileen ustez onartezina da bizi garen une honetan, non pobreziaren atalasearen azpitik bizi diren pertsonen kopurua handitzen ari baita, hilekoari buruzko hezkuntza azpimarratzen duen politikarik ez egotea, hilekorako higieneko produktuak doan eskuratzea errazten duenik, edo, gutxienez, produktu horiek premia biziko produktutzat hartzea, eta, beraz, aplikatzen zaien BEZa murriztea.

 

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroa autonomia “aurreratu eta berritzailetzat” jotzen denez gero, Nafarroako Gobernua premiatzen da konpromisoa har dezan hilekoaren pobrezia hori arintzeko, ikastetxe, erakunde edo espazio komun guztietan hilekorako konpresak, tanpoiak edo kopak izateko aukera bermatuz, bai eta hilerokoarekin lotutako gaietan herritarrak sentsibilizatuz eta prestatuz ere.

 

Jorge Aguirre (PSN) buru izan duen saioan izan dira Isabel Olave, Marta Álvarez, Ángel Ansa, Pedro González, Carlos Pérez-Nievas, José Suárez (Navarra Suma), Nuria Medina, Virginia Magdaleno (PSN), Jabi Arakama, Blanca Regúlez (Geroa Bai), Patricia Perales, Txomin González (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (76. NPAO, 2021-06-08koa)