6/2021 Foru Lege-dekretua, guztiz edo hein batean indargabetzen dituena koronabirusak eragindako osasun krisiari aurre egiteko ohiz kanpoko neurri batzuk
Osoko bilkurak baliozkotu du. 2021eko ekainaren 24an
Parlamentuaren Osoko Bilkurak aho batez onetsi du gaur 6/2021 Foru Lege-dekretua, ekainaren 21ekoa, guztiz edo hein batean indargabetzen dituena koronabirusak (COVID-19) eragindako osasun krisiari aurre egiteko ohiz kanpoko neurri batzuk hartu zituzten zenbait foru lege-dekretu.
Martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege-dekretuaren, martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretuaren eta uztailaren 22ko 7/2020 Foru Lege-dekretuaren kasuan ez bezala (lehen biak martxoaren 27an baliozkotuak eta apirilaren 3an foru lege bihurtuak, eta hirugarrena uztailaren 30ean baliozkotua eta Foru Lege gaur bihurtua), 6/2021 Foru Lege-dekretua ez da foru lege proiektu gisa izapidetuko presako prozeduraren bidez, 3/2020, 4/2020, 5/2020, 6/2020, 8/2020, 9/2020¸ 1/2021, 3/2021, 4/2021 eta 5/2021 foru lege-dekretuekin gertatu bezala. Ezein taldek ez du hori eskatu.
6/2021 Foru Lege-dekretuaren xedea da osasun krisiari aurre egiteko neurriak egokitzea txertaketaren aurrerapenaren ondorioz eta, beraz, osasun-krisiaren bilakaeraren ondorioz egun dagoen esparru berrira; izan ere, hainbat esparrutan hartutako zuhurtziak "pixkanaka malgutzea" eskatzen baitu.
Gauzak honela eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarem txostenari jarraiki, indarrean mantentzen dira soilik eremu publikoetan alkohola kontsumitzea eta eremu publikoan edo aire zabaleko lekuetan gutxieneko tartea errespetatu ezin denean erretzea debekatzen duten neurriak.
Bide publikoetan, parke eta plaza publikoetan eta bestelako igarobide publikoetan alkohola kontsumitzea debekatzen da osasun publikoarentzat dakartzan arriskuengatik. Izan ere, horrelakoetan, pertsonak kontrolik gabe pilatzen dira eta segurtasun neurriak eta urruntze fisikorako neurriak ez dira betetzen edo erlaxatzen dira.
Eremu publikoan edo aire zabaleko lekuetan erretzea, baldin eta pertsonen arteko 2 metroko gutxieneko tartea errespetatu ezin bada, debekatzen da birusa aerosolen bidez kutsatzen delako, eta jarduera horrek berekin dakar, noski, maskararik gabe egotea eta kea ahotik botatzea.
Bukatzeko, indargabetze horiek bat egiten dute Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan erregulazio onari buruzko printzipioekin. Hauexek, hain zuzen: segurtasun juridikoa, beharra, proportzionaltasuna. Hitz batean, arauen kalitatea areagotzen du, ordenamendu juridikotik kentzen baititu zaharkitutako arauak.