Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Ekainak 24

Parlamentuak txalo-zaparrada batekin esan dio agur Adolfo Lacunzari, azken hiru hamarkadetan Legebiltzarreko argazkilari ofiziala izandakoari

Legebiltzarraren modernizazioaren zuzeneko lekuko eta komunikazio-arloko eragiketen funtsezko elementu izan ondoren, Lacunza jarduera profesionala uztera doa, laster erretiroa hartuko baitu

Parlamentuko Osoko Bilkurak txalo-zaparrada batekin agurtu du gaur Adolfo Lacunza Eguaras, 1991z geroztik Legebiltzarreko argazkilari ofiziala izan dena, laster erretiroa hartuko duela-eta.

 

Unai Hualde lehendakariak esker oneko hitz batzuk zuzendu dizkio eta bere lanaren “profesionaltasuna” eta “kalitatea” azpimarratu ditu, “gutako batzuk eder ateratzeak” duen merituarekin. Jarraian, bilkurara etorritako foru parlamentariek txaloaldi maitekorra eskaini diote.

 

Jarduera profesionala utziko du Legebiltzarraren modernizazioaren lekuko zuzen eta Nafarroako Parlamentuak 2008an ezarritako informazio-sistemako eragiketen funtsezko elementu izan den Adolfo Lacunzak, ezinbesteko laguntza eman ondoren erakundearen nortasuna taxutzeko eta Foru Legebiltzarraren erabakiak eta jarduera iritzi publikoari eta gizarteari ezagutarazteko.

 

Baldin komunikazio instituzionalaren abiapuntua erakundearen nortasuna ezagutzea bada, Adolfo Lacunzak lortu du, sotiltasunez eta ausardiaz betiere, bere argazkiek ezin hobeki islatzea erakundearen eta bertako ordezkari politikoen zeregina eta jarrera. Komunikazio zerbitzuaren kudeaketa estrategikoari ekarpen baliotsua egin dio, zalantzarik gabe. Eta hala aitortzen diote, baita ere, bere lanbideko kideek, horien artean bereziki estimatua baita.