Nafarroako Parlamentuak irmo gaitzesten du Afganistanen ezarritako talibanen araubidea, "giza eskubideak eta berdintasuna ez errespetatzeagatik"
Nafarroa + ek Gasteizko gazte batek jasandako "gorroto ideologiko eta politikoagatik" erasoaren biktimarekin irmo gaitzesteko eta elkartasuna adierazteko egindako proposamena bertan behera geratu da
- Eledunen Batzarrak Lehendakariak aurkeztutako adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak irmo gaitzesten du Afganistanen ezarritako erregimen talibana, ez baititu ez giza eskubideak ez gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna errespetatzen.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
Nafarroako Parlamentuak:
1.- Irmo gaitzesten du Afganistanen ezarritako erregimen talibana, ez baititu ez giza eskubideak ez gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna errespetatzen.
2.- Elkartasuna adierazten die herrialde horretan bizi den egoera latza pairatzen ari diren pertsona guztiei; bereziki, atentatuen biktimei, emakumeei, neskatoei eta gainerako errepresaliatu guztiei.
3.- Nafarroako Gobernuari eskatzen dio baliabideak jar ditzan, udalekin lankidetzan eta behar adinako finantzaketarekin, erregimen horretatik ihesi gure erkidegora datozen pertsonei harrera emateko, eta eman dezakeen laguntza guztia eskain diezaien.
4.- Gobernuak eta Europar Batasuna premiatzen ditu hartu beharreko neurriak har ditzaten, ziurtatze aldera jazarririk sentitzen diren pertsona guztiek Afganistandik alde egin dezaketela eta inor ere ez dela bere borondatearen aurka bertara itzultzera behartuko.
5.- Gobernuak premiatzen ditu atzerriko agintariekin lankidetzan aritu diren pertsonak handik ateratzeaz gain ahalegin berezia egin dezaten Afganistango gizartea azken urteotan eraldatzeko lan egin duten gizon-emakume guztiak handik ateratzen direla ziurtatzeko; intelektual eta kazetariekin hasi eta gizarte zibileko aktibista eta giza eskubideen defendatzaileekin buka.
6.- Premiazkotzat jotzen du, Kabulgo aireportua itxi ondoren, asilo-eskatzaileentzako harrera eta erreskate programa bat ezar dadin, halako moduan non pertsona horiek ez baitira behartuta egonen arrisku eta ziurgabetasunez beteriko migrazio-bideak hartzera eta Afganistandik bertatik nahiz eskualde horretako herrialdeetatik ateratzea erraztuko baita, Asilo-eskubidea eta babes subsidiarioa arautzen dituen urriaren 30eko 12/2009 Legearen 38. artikulua aplikatuta horretarako, enbaxada eta kontsuletxeetan nazioarteko babes-eskariak aurkeztea ahalbidetzen baititu.
7.- Nazioarteko erkidegoa premiatzen du ez dezan Afganistan abandona eta lan-ildoak irekita manten ditzan, herritar guztien giza eskubideak bermatzeko eta bereziki emakume nahiz neskato afganiarren bizitza babesteko.
8.- Migratzaileen eta errefuxiatuen harrera unibertsaltasun-baldintzetan egiten dela bermatzeko lan egiteko konpromisoa hartzen du, giza eskubideen eta asilo-eskubidearen arloko nazioarteko tratatu eta printzipioetan ezarritakoari jarraikiz.
- Eledunen Batzarrak ez du onetsi Navarra Sumak aurkeztutako adierazpen instituzional bat. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak irmo gaitzesten zuen gorroto ideologiko eta politikoak eraginda gazte batek Gasteizen pairatutako erasoa, eta elkartasun osoa adierazten zion biktimari.
Navarra Sumak, PSNk, Geroa Baik eta I-Ek aldeko botoa eman dute, EH Bildu abstenitu egin da eta Podemos-Ahal Duguk ez du ezer adierazi.
EH Bilduk eskatu du adierazpen instituzionalaren proposamena heldu den astelehenean eztabaidatzea, baina proposamena aurkeztu duen taldeak ez du halakorik onartu.
Baztertutako adierazpenak honako hau zioen:
“1. Nafarroako Parlamentuak irmo gaitzesten du gorroto ideologiko eta politikoak eraginda gazte batek Gasteizen pairatutako erasoa, eta elkartasun osoa adierazten dio biktimari.
2. Nafarroako Parlamentuak erabat arbuiatzen du gorroto ideologikoak eragindako indarkeria oro.
3. Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten ditu gure kalitate demokratikoa arriskuan jartzen duten gorrotozko diskurtsoak, eta gizarteak irabazi dituen eskubide eta askatasunak auzitan jartzen dituzten jarrera politikoei aurre egiteko konpromisoa hartzen du.
4. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du giza eskubideekiko konpromisoa, eta adierazten du beharrezkoa dela libreki egindako hautu politikoak direla-eta pertsonak ez diskriminatzearen aldeko politiken alde lan egitea, gure herriak eta hiriak errespetuzko gune demokratikoak izan daitezen.
5. Nafarroako Parlamentuak onartezintzat jotzen du oraindik ere gisa horretako erasoak gertatzea, eta gorrotozko delituek eta jokabide antidemokratikoek lekurik ez duten gizarte baten alde lanean jarraitzeko borondatea duela dio”.
BESTELAKO GAIAK:
- Mahaiak honako hiru parlamentari hauek izendatu ditu heldu den asteazkenean, hilaren 14an, 15:00etan, Diputatuen Kongresuan aldeztu dezaten Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak 2020ko otsailaren 20an onetsitako Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoa eta Alderdi Politikoen Finantzaketari buruzko Lege Organikoa hein batean aldatzen dituen Lege proposamena: Pablo Azcona (Geroa Bai), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (I-E). Diputatuen Kongresuko Mahaiak atzo onartu zuen proposamena izapidetzeko.
Proposamena Kongresuan aldeztu behar duten parlamentarioen izendapena Eledunen Batzarraren erabaki loteslearen ostean Mahaiak onetsitako arauekin bat egin da.
Arau horiek xedatzen dutenez, proposamenaren aurka bozkatu ez duten hiru parlamentarik eginen dute proposamenaren defentsa, Mahaiak izendatuta. Bat, ekimena aurkeztu zuten/zuen taldeek/taldeak proposatuta (Pablo Azcona), eta beste biak, berriz, Eledunen Batzarrak boto haztatuaren bidez hautatuta, taldeek proposatuta (Mikel Buil eta Marisa de Simón).
Yolanda Ibáñez, zeina Navarra Sumak proposatu baitu, bere taldearen botoak baino ez ditu jaso, eta Builek eta De Simonek, berriz, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren babesa jaso dute.
Konstituzioaren 87.2 artikuluaren arabera Autonomia Erkidegoetako Biltzarrek Gobernuari eskatzen ahalko diote lege proiektu bat onets dezan edo Kongresuko Mahaiari lege proposamen bat igortzen ahalko diote, Biltzar hartako hiru kideri eskuordea emanez ekimen horren defentsa egiteko Kongresuan.
Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 21. artikuluak garatzen du Kongresuan legegintzako ekimena baliatzeko ahalmen hori, eta proposamenak legegintza-prozedura arruntaren bidez izapidetuko direla ezartzen du. Dagoen alde bakarra da Osoko Bilkurak proposamena onetsi ondoren proposamena ez zaiola Nafarroako Lehendakariari igortzen, baizik eta Diputatuen Kongresuko lehendakariari, legebiltzar horrek izapidetu dezan.