Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Irailak 21

Nafarroako Parlamentuak Alzheimerraren Mundu Egunarekin bat egin du

Detekzio-tresnak modernizatzeko, koordinazio soziosanitarioa indartzeko, ikerketa bultzatzeko eta aurreiritzi sozialak hausteko apustuan AFANekin bat egin du Legebiltzarrak

Nafarroako Parlamentuak Alzheimerraren Mundu Egunarekin bat egiteko ekitaldia egin du gaur eguerdian AFANekin batera, Cero Omisiones, Cero Alzheimer lelopean. Helburua bikoitza da, batetik, "gizartea sentsibilizatzea", eta bestetik, Nafarroan 7.000 pertsona inguru (5.700 dagoeneko diagnostikatuta) kaltetzen dituen gaixotasun honen “erabateko abordatzea" eskatzea.

 

Hala adierazi du Inma Jurío Parlamentuko lehen lehendakariordeak, eta "ahalegin guztiak Alzheimerra duten pertsonei eta haien familiei laguntzeko" bidera daitezen eskatu du. Ebaluazio goiztiarraren aldeko apustuarekin batera, "dementziak jotako pertsonek independentzia eta erabakiak hartzeko prozesuak luzatu ahal izateko espazioak sortu behar dira”.

 

Alzheimerra eta bestelako dementziak dauzkaten pertsonen senitartekoen Nafarroako Elkartea (AFAN) zoriondu du lehendakariordeak, pertsonan oinarritzen den arreta-eredu berriari esker “erreferentziazko entitate” bihurtu baita. Hala, Inma Juríok astelehen honetan Eledunen Batzarrak onetsitako adierazpen instituzionala aipatu du, zeinak Parlamentuaren konpromisoa agertzen duen AFANen aldarrikapen guztiekiko.

 

Jarraian, AFANeko kideek manifestu bat irakurri dute, "detekzio-tresnak modernizatzeko, koordinazio soziosanitarioa indartzeko eta ikerketa bultzatzeko" eskatuz, hori guztia "asistentzia-maila guztietan kalitatezko arreta" emateko helburuarekin eta, era berean, "gizartearen aurreiritziak apurtzeko eta gaixotasunaren profil gazte berriei erantzuna emateko".

 

AFANeko lehendakari Amelia Lecumberriren esanetan, diagnostiko goiztiarra abiapuntua da kaltetutako pertsonaren eta haren senideen beharrizanei arreta integrala emateko. Infradiagnostikoa, Espainiako Neurologia Elkarteak (SEN) ohartarazi duenez, kasuen % 30era irits daiteke. Detektatzeko gailuak eguneratzeak Alzheimerrari autonomia handiagoz aurre egiteko aukera emango lioke kaltetutako pertsonari.

 

"AFANetik baztertzailea ez den gizarte bat aldarrikatzen dugu. Gizarte atseginak bilatzen ditugu, dementziak familia-ingurunetik haratago baitoaz, arazo sozial bat dira. Dementzia duten pertsonei arreta ematearen zuzeneko eta zeharkako kostuak Espainiako BPGren % 3 dira, eta horien % 85 inguru familiek hartzen dituzte beren gain. Lehentasun soziosanitarioa izan beharko luke honek".

 

Horri dagokionez, Toño Vélezek eta Charo Padillak (AFANeko kideak) inbertsio publikodun politikak eskatu dituzte zaintza babesteko, tratamendua hobetzeak familiari denbora gehiago ematea ere badakarrelako, egoera berrira egoki daitezen.

 

"Gogoratu nahi dugu koronabirusa agertu baino hilabete batzuk lehenago une historiko batean geundela, Alzheimerraren nahiz bestelako dementzien aurkako 2019-2023 Plan Integrala onartu genuelako. Zoritxarrez, dena eklipsatu zen aurrekontu-esleipenik ez zegoelako”.

 

Bestalde, AFANen 30. urteurrena dela eta (pandemiaren ondorioz, 2020an atzeratu behar izan zuten), Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea gaur arratsaldean Tuterako egoitza berriaren inaugurazioan izango da.

 

Azkenik, Alzheimerraren Munduko Egunean, Parlamentuaren egoitzako fatxada magenta kolorez argiztatuko da gaur iluntzean, ganberak AFANek egindako aldarrikapenekin duen konpromisoaren erakusgarri.

 

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Juan Luis Sánchez de Muniáin, lehen idazkaria, Cristina Ibarrola (Navarra Suma), Arantza Biurrun (PSN), Ana Ansa (Geroa Bai), Arantxa Izurdiaga (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).


Nafarroako Alzheimerra eta bestelako dementzia duten pertsonen senideen elkarteak (AFAN) arreta osoa eskaintzen die senitartekoei eta zaintzaileei hainbat zerbitzuren bidez, hala nola aholkularitza pertsonalizatua, arreta psikologikoa, prestakuntza eta babesa. Gaur egun, 1020 kide ditu Nafarroan, eta Nafarroako COCEMFE federazioko eta CEAFAko kide dira.