Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Irailak 30

Nafarroako Gobernua premiatzen da garapen-proiektu integralak bultza ditzan ondare historiko-kulturala mantentzeko

Legebiltzarrak Foru Komunitatearen kultur aniztasuna aldarrikatzen du garapen ekonomikoa sustatzeko, turismoa erakartzeko eta populazioa finkatzeko

 

Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “lan-sistema sinergiko eta koordinatu bat ezar dezan Kultura eta Kirol Departamentuaren eta Lurralde Antolamenduko, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren artean, garapen-proiektu integralak bultzatzeko, ondare historiko-kulturala mantentzeko laguntza lurralde-garapeneko beste proiektu batzuekin bateratuz”.

 

EH Bilduk gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu du, Geroa Baik onartu duena, eta horren bidez, “Nafarroako Parlamentuak bere egiten ditu “Ondarezain” Elkartearen aldarrikapenak eta Nafarroako Gobernua premiatzen du Kultura Departamentuaren, Garapen Ekonomikorako (Turismo) Departamentuaren eta Hezkuntza Departamentuaren lana koordina dezan, erakusketa publikorako zentroetako jarduerak zehaztu eta sustatzeko xedez”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Nafarroak kultura arloan duen ondare aberatsa azpimarratzen du, eta Kulturaren Plan Estrategikora jotzen du, ondare hori lurralde-garapenerako proiektu estrategikoekin lotu dadila eskatzeko. Dioenez, proiektu hauek eskualde bakoitzeko ondareari lotuta egiten badira, “garapen ekonomiko eta sozialaren eragile bihur daitezke, turismorako eragile bihur daitezke, inguruan bestelako jardueren hazkundea eragiteko, populazioa finkatzeko eta despopulazioa saihesteko”.

 

Helburu horrekin, Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundearen babesaren bidez, leku bakoitzeko kulturaren ezagutza sustatuko duten estrategiak eskatzen dira ondare edo eta sormena aintzatesteko eta aztarnategiak eta museoak berreskuratzeko eta mantentzeko lanak indartzeko.