Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Irailak 30

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena energia berriztagarrien enpresa publiko bat eratzeko egin beharreko urratsak egin ditzan

Ganberaren gehiengoak ez ditu aintzat hartu EH Bilduk argindarraren merkatuaren deserregularizazioak eragindako “iruzurraren” eta “ondorio sozial larrien" inguruan egindako oharrak

Parlamentuko osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur Navarra Sumaren, PSNren eta Geroa Bairen aurkako botoekin, Podemos-Ahal Duguren abstentzioarekin eta EH Bilduren eta I-Eren aldeko botoekin, zeinaren bidez Legebiltzarrak “salatzen baitzuen Espainiako Estatuko enpresa elektrikoak argindarraren prezioarekin egiten ari diren iruzur larria”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean zehazten zuenez, Nafarroako Parlamentuak “adierazten zuen beharrezkoa dela sistema propio bat edukitzea, Espainiako Estatuan ezarritako oligopolioa hautsi eta eremu publikotik elektrizitatea ondasun eta eskubide oinarrizko gisa errespetatuko duen sistema bidezko bat eraikitzeko”. Navarra Sumak eta PSNk aurkako botoa eman dute, Geroa baik abstentzioa eta EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aldeko botoa.  

 

Era berean, hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “premiaz eta bere eskumenen esparruan neurri zehatzak har ditzan pobrezia energetikoari aurre egiteko eta lankidetza publiko-komunitarioa, deszentralizatua eta kontrol publikoa bermatzeko, energia berriztagarrien enpresa publiko bat eratzeko egin beharreko urratsak eginez”. Navarra Sumak, PSNk eta Geroa Baik aurkako botoa eman dute eta EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aldeko botoa.  

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako mozioak Espainiako Gobernuaren “etsipena eta permisibitatea” salatzen zituen eta elektrizitatearen "oinarrizko eskubidea" babesteko neurri eraginkor bakar bat ere ez hartu izana leporatzen zion. Horrez gain, sistemaren deserregularizazioaren ondorioez ohartarazten zuen; izan ere, "enpresa publikoen pribatizazio, salmenta eta ixtearen ondorioz, “merkatuaren” esku utzi da "lehen mailako ondasun honen" kudeaketa, eta "horri esker enpresa handiek urtean milaka milioi irabazten dituzte”.

 

Gauzak horrela, eta "iruzur ikaragarritzat" jotzen den horretatik sortutako "gizarte- eta ingurumen-ondorio larriak" irauli nahian, sustatzaileak "subiranotasun energetikorantz aurrera egitea" proposatzen zuen, publikotasunetik elektrizitatea ondasun eta eskubide oinarrizko gisa errespetatuko duen sistema bidezkoak eraikiz