Eskubide Sozialetako Batzordea bisitan joan da Elizondoko Francisco Joaquín Iriarte udal egoitzara
Pertsonak ardatz hartuko dituen eredu bateranzko trantsizioa erraztea helburu duen eraldatze integraleko proiektua ezagutzearren
Eskubide Sozialetako Batzordeak Elizondoko Francisco Joaquín Iriarte egoitzara egin du bisita gaur. Adineko pertsonentzako dotazio bat da, egun 155 postu dituena eta azkenekoz duela berrogei urte eraberritu zena.
Bertaratu diren batzordekideak honakoak dira: Ángel Ansa, Isabel Olave (Navarra Suma talde parlamentarioa), Nuria Medina (PSN talde parlamentarioa), Isabel Aranburu (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Patricia Perales (EH Bildu talde parlamentarioa).
Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diote egoitzako kudeatzaile Jon San Juliánek, Baztango alkate Joseba Atondok, Florentino Goñi zinegotziak, Gotzon Olarte udal arkitektoak eta proiektuaren egile izandako Javier Oteiza eta Mitxel Etxenikek.
EH Bilduk eskatuta eginiko bisita horrek xedetzat izan du "azkenekoz 80ko hamarkadan eraberritu zen egoitza baten beharrizanak ezagutzea, haren ezaugarriak urrun baitaude egungo irisgarritasun- eta jasangarritasun irizpideetatik".
Parlamentariek egoitzako instalazioetan zehar egin dute bisita, Gotzon Olarte udal arkitektoaren gidaritzapean, XIX. mendean eraikitakoa den eta 1980an partzialki birmoldatua izan zen zentroaren egoera "zaharkitua" eta eskastasunak egiaztatzeko.
Jarraian, bilera egin dute udaletxean, birmoldaketa-proiektua ezagutzeko, zeinak asmotan hartzen baitu pertsonak ardatz izanen dituen zerbitzugintza-eredu bateranzko trantsizioa erraztea, Joseba Atondo alkateak esplikatu duen bezala. Eredu horrek beharrezko du "gune irisgarridun arkitektura berariazko bat", ezen elkarbizitza-unitateka antolatuta egotera pasako baita, "gelarik gehienak banakoak izanik, komun egokituekin eta kanpoaldeekin".
Birmoldaketa-proiektuaren idazketa eta zuzendaritza uztailean lizitatu ziren, hasiera batean asmoa izaki obrari solairuka ekitea. Hala ere, proiektua idaztean, Javier Oteizak azaldu duenez, "eraikina birplanteatu beharra" aintzat hartu da, "egiturazko baldintzapenen txartasunagatik, areto guztiak osorik eraldatzera behartzen baitute".
Eraldaketak xede du "eraikina sestran paratzea eta halatan arrapalak eta irisgarritasun-problemak desagerraraztea, eguneroko funtzionamendua errazturik; energia-eredu efizienteago baterantz aurrerapausoak ematea, eta erabiltzaileen erosotasun eta segurtasuna lortzea".
Proiektuak hiru egite-fase aurreikusten ditu, bakoitza 15 hilabete inguruko iraupenduna. Guztizko aurrekontua 7 milioi eurokoa da gutxi gorabehera. Lehenbiziko fasea da garestiena, eta mamitzen da hegal berri baten eraikitzean, lau elkarbizitza-unitate bilduko dituena, eta aerotermia-ekipamendu baten instalatzean, zeinak energia-sistema efizienteago bat ahalbidetuko baitu.
Bigarren fasean asmoa da eraikin berriaren eta "gune historikoaren" arteko elkargunea atontzea, guztientzakoak diren guneak egokituz eta elkarbizitza-unitate bat sortuz.
Hirugarren faseak barne hartuko du "gune historikoa" apailatzea, non bilduko baitira eguneko zentroa eta egoiliarrentzako espazio komunak.
Bilera amaiturik, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu taldeetako eledunek eskerrak eman dituzte azalpenengatik eta informazioa bildu dute, inoiz ekimenen bat abiarazi nahi balute ere.