Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Azaroak 10

Parlamentuko lehendakariak bilera egin du Nafarroako Pertsona Torturatuen Sarearen ordezkaritza batekin

Hualdek gisa horretako jokabideak ikertzeko konpromisoa nabarmendu du, eta dei egin du Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeko lau kideak izendatzeko adostasuna lor dadin.

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin dio gaur, Legebiltzarraren egoitzan, Nafarroako Pertsona Torturatuen Sarearen ordezkaritza bati, zeina honako hauek osatu baitute: Mariló Gorostiaga eta Jorge Txokarro.

 

Jorge Txokarrok azaldu duenez, bileraren helburua izan da erakundeekin abiarazitako lankidetzari segida ematea, “torturaren biktimak errekonozimenduaren eta erreparazioaren erdigunean paratzeko, hori baita giza eskubideen urraketa dakarren zeinahi jokabidek  kaltetutakoei, inolako bereizketarik egin gabe, dagokiena”.

 

Hori dela-eta, Txokarrok honako hau adierazi du: “guk ez dugu erakundeengana soilik jotzen, gizarte eragileekin ere lan egiten dugulako, baina garrantzitsua da gure egoeraren berri ematea ordezkari publikoei, bost hamarkadatan zehar ahanzturara kondenatutako errealitate hori ikusarazteko xedez. Tortura, zeinak erabateko inpunitatea gozatu baitu, gizarte-arazo bat da, eta hori horrela den neurrian, gure errealitatea ezagutarazi nahi dugu Bizikidetzaren Plan Estrategikoaren eta Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko Foru Legearen esparruan”.

 

Unai Hualdek, berriz, nabarmendu egin nahi izan du Parlamentuak foru erkidegoan izandako torturen ikerketarekiko konpromisoari eusten diola, 2016an horri buruzko erabakia onetsi zenez geroztik.

 

Hualdek orobat adierazi du espero duela talde parlamentarioak datozen asteotan ados jarri ahal izatea Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legea betez Parlamentuak Errekonozimendu eta Erreparazio Batzorderako izendatu beharreko lau kideak hautatzeko.

 

“Hartara, batzorde hori eratzen denean, analisi-fase batean sartuko ginateke, Nafarroan torturaren biktima izan direnei azkenik errekonozimendua eta erreparazioa eman ahal izateko, instantzia ofizialek orain arte ahazturik eduki baitituzte” Hualderen ustez.

 

Nafarroako Pertsona Torturatuen Sarea 2019ko otsailaren 2an aurkeztu zen jendaurrean, eta helburu du "ikerketa ofizial, profesional eta independente bat erreklamatzea, Foru Erkidegoan azken hamarkadetan tortura jasan duten biktimen kopurua argitzeko".